euskaraespañol

Eguneko irudia

Graduondoko prestakuntza, hizkuntzaren erabilera eta digitalizazioa, datozen urteetarako lehentasunak UPV/EHUren Euskararen IV. Plan Gidarian

Plan berriak bultzada eman nahi dio unibertsitate publikoan euskararen erabilera akademikoari eta sozialari

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/11

Irudia

UPV/EHUk Euskararen Plan Gidari berri bat izango du gaurtik aurrera, Bizkaia Aretoan egin den Gobernu Kontseiluaren onespena, kontrako botorik gabe, jaso ondoren. Graduondokoen eskaintzan euskara indartzea, hizkuntzaren erabilera soziala eta digitalizazioa dira 2027ra arte indarrean egongo den plan berriaren funtsezko helburuetako batzuk.

Euskararen IV. Plan Gidaria egin da III. planaren ebaluaziotik abiatuta, kontuan harturik UPV/EHUren 2022-2025 Plan Estrategikoaren jarraibideak. Hori horrela, Euskararen Plan berrian sartu dira Plan Estrategikoan jada finkaturiko 5 helburu: euskararen eskaintza zabaltzea master lanbideratzaileetan; euskara sustatzea berezko tituluetan eta etengabeko prestakuntzan; euskaraz eginiko ikerketa indartzea eta ikerketa hori zabaltzea beste hizkuntza batzuetara; kultura zientifikoa eta humanistikoa gidatzea gizartean, arreta berezia jarriz euskal kulturan; eta pertsonen egokitzapena eta prestakuntza indartzea.

Eva Ferreira errektorearen hitzetan, “euskal unibertsitate publikoa funtsezko eragile izan da eta izaten jarraitzen du euskararen biziberritzean. Irakaskuntzaren eta ikerketaren bidez, baina baita zientziaren dibulgazioaren edo bibliografiaren eta material didaktikoen argitalpenaren bidez ere, gure unibertsitateak berebiziko lana egin du euskal hizkuntzak bere lekua izan dezan zientzian, teknologian, osasun zientzietan edo gizarte zientzietan. Plan berri honen bidez, zeregin hori indartu ez ezik, helburuak ere zabaldu nahi ditugu, eta gure ekarpena egin euskaren normalizazioari, lan munduan, aisialdian eta hedabideetan”.

Euskararen IV. Plan Gidariaren lau ardatzak Plan Estrategikoaren ardatz berberak dira. Hau da: 1) Prestakuntza; 2) Ikerketa eta Transferentzia; 3) Kultura eta Gizartea; 4) Pertsonak.

Prestakuntza ardatzean, nabarmentzekoa da lehentasun gisa euskarazko graduak bermatzea, bereziki azpimarratuta hautazko irakasgaien eskaintza zabaltzeko beharra. Graduko ikasketak dituzten ikastegiek estrategia bereziak landu beharko dituzte hautazko irakasgai gehiago eskaintzeko euskaraz, baldin eta haien eskaintza batez bestekoaren azpitik badago. Medikuntzako graduak jarraipen berezia izango du, haren ezaugarriengatik, eta hobetzeko proposamenak egingo dira, aintzat harturik unibertsitate ospitaleetako irakasgune bakoitzaren egoera (Basurtu, Galdakao, Gurutzeta, Donostia eta Txagorritxu). Graduondokoetan eta etengabeko prestakuntzan, bereziki erreparatuko zaie master lanbideratzaileei. Gainera, unibertsitateak jarraituko du bultzatzen euskaraz eginiko master amaierako lanak, eta neurri zehatzak hartuko ditu Esperientzia Geletan, gero eta handiagoa delako euskaraz ikasteko eskaria.

Ikerketa eta Transferentzia ardatzean, helburua da euskal unibertsitate publikoaren lidergoa handitzea, bai euskararen erabileraren normalizazioan, bai Euskal Herriaren garapen soziokulturalean. Beraz, UPV/EHUk jarraituko du sustatzen euskaraz eginiko doktorego tesiak, baina kontuan edukita gaur egun eleanitzak direla goi-mailako ikerketa eta ezagutza sorkuntza, ingelesa izanik nagusi. Horregatik, bultzada emango zaie nazioarteko aipamena duten euskarazko doktorego tesiei, haien zabalkundea errazteko atzerrian. UPV/EHUn azken lau ikasturteetan euskaraz aurkeztu diren 256 doktorego tesietatik, erdiak baino gehiago nazioartekoak izan dira. Nazioarteko aipamena duten tesien kategorian, gutxienez hiru hilabeteko ikerketa egonaldia egin behar da Espainiako Estatutik kanpoko erakunde akademiko batean, lanaren zati bat Estatuko hizkuntza ofiziala ez den beste batean idatzi behar da, eta gutxienez nazioarteko bi aditurengana jo behar da tesiari buruzko informazio bila.

Kultura eta Gizartea ardatzean, UPV/EHUk jarraitu nahi du erreferente izaten material zientifikoaren eta didaktikoaren elaborazioan eta euskarazko terminologiaren estandarizazioan.  Dena dela, jarduera akademikotik haratago, unibertsitateak jarraituko du eskaintzen euskarazko kultur eduki oparoa eta, batez ere, bermatu egingo du euskararen erabilera zerbitzu hizkuntza gisa unibertsitate jarduera osoan. Gainera, ahalegin berezia egingo du euskarazko lana sustatzeko tresna digitalen bidez (hizkuntzaren teknologien eta adimen artifizialaren laguntzaz, batetik, eta softwarearen eta aplikazioen laguntzaz, bestetik).

Azkenik, Pertsonak ardatzean, UPV/EHUk ahaleginak biderkatuko ditu bere langileak eta laguntzaileak euskalduntzeko eta hizkuntza maila hobetzen laguntzeko. Une honetan, % 82,29koa da TEKAZEL (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak) lanpostuen hizkuntza eskakizunen betetze maila. Irakasle-ikertzaileei dagokienez, % 69,5 dira euskaraz irakasteko gai direnak. Plan berriak hainbat egitasmo jarriko ditu martxan euskararen ezagutza hobetzeko hizkuntza eskakizunik gabeko irakasle-ikertzaileen artean. TEKAZEL langileei dagokienez, lanpostu ugari derrigortasun datak abian dauden hautaketa-prozesuak ebazteke daudenez, hizkuntza eskakizunak Enplegu Publikoaren Eskaintza amaitu ondoren egokituko dira.

Euskararen III. Planaren ebaluazioa

Euskararen IV. Plana aurkeztean, Junkal Gutierrez Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak datu batzuk eman ditu hizkuntza gaitasunak eta euskararen erabilerak euskal gizartean eta, bereziki, UPV/EHUn azkenaldian izan duten bilakaerari buruz. Gaur egun, euskaraz ematen dira gradu eskaintzaren nahitaezko irakasgaien % 96,5. Lanaldi osoko irakasleen plazen % 70 elebidunak dira, eta irakasle elebidunen ehunekoa % 66 da guztizkoari dagokionez.