euskaraespañol

Eguneko irudia

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak bere lehen Bioeraikuntza Gela sortu du Altuna y Uriarekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/11

Irudia
Xabier Ostolaza eta Laura Gil sinaduraren ostean | Argazkia: Beatriz Estalayo. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta Altuna y Uria S.A-k lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Bioeraikuntza lehen Gela abian jartzeko. Xabier Ostolaza eskolako zuzendariak eta Laura Gil enpresa horretako Eraikuntza arloko zuzendariak sinatu dute akordioa.

Bioeraikuntza Gela berriaren helburua da Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta praktikak egitea bultzatzea, eraikuntzaren sektorearen beharrizanetara egokitutako talentua sortzeko eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko, unibertsitatearen eta enpresaren arteko prestakuntza barne.

Sinatutako hitzarmenaren esparruan, saioak eta jardunaldiak batera antolatzea ere aurreikusten da, bai eta eraikuntzaren sektoreko gaurkotasuneko gaiei buruzko ikasketa, analisi edo ikerketa lan akademikoak egitea ere, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikasleen parte-hartzearekin.

Xabier Ostolazak honako hau azpimarratu du: "Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren eta Altuna y Uriaren arteko harremana gero eta sendoagoa da, eta horrek balio erantsia ematen dio gure Eskolako ikasleek, batez ere eraikuntzaren arloan, jasotzen duten prestakuntzari. Iraunkortasunaren erronka hain da erabakigarria obra zibilean eta bizitegi-obran, hainbat esparrutatik egin behar diogula aurre, betiere lankidetza-izpiritu batetik. Alde horretatik, Unibertsitatea-Bioeraikuntza Enpresa Gelak lankidetza hori indartzen du, eta Eskolak azterlanak eta ikerketak landuko ditu gure irakasleen eta ikasleen parte-hartzearekin. Horrek Altuna y Uriaren lehiakortasuna hobetzen laguntzen du, eta gaitasun handiko talentua erakartzeko gaitasuna bultzatzen du”.

Altuna y Uriako Eraikuntza arloko zuzendari Laura Gilek adierazi duenez, "Altuna y Urian industria hau eraikuntza arduratsu, berritzaile eta jasangarri baterantz eraldatzeko lanean ari gara. Horretarako, berrikuntza irekiaren aldeko apustua egiten dugu, eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola bezalako erreferentziazko eragileekin lankidetzan aritzea aukera bat da guretzat talentu belaunaldi berriak prestatzeko iraultza betean dagoen eta digitalizazioaren arloan profesionalen ibilbidea bultzatzeko gaitasuna duen sektore batean. Bioeraikuntza Gela hau, gure inguruan aitzindaria, Altuna y Uriak prestakuntzarekin eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eraikuntzaren industriarekin duten konpromisoaren emaitza da, eta elkarrekin lortuko dugu belaunaldi berriei sektoreko profesional onenekin etorkizun iraunkorra eraikitzeko tresnak ematea, gure inguruneari forma eman dioten obra nagusien eskutik”.