euskaraespañol

Eguneko irudia

Farmazia jasangarriago baterantz

Science-ko artikulu batean, zenbait ikertzailek -tartean UPV/EHUko Gorka Orive- adierazi dute produktu farmazeutikoen inpaktu ekologikoa murriztuko duten neurriak behar direla

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/13

Ezkerretik eskuinera, Unax Lertxundi eta Gorka Orive | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Farmazia ekologikoago bat defendatzen du ikertzaile-talde batek Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek. UPV/EHUko Gorka Orive ikertzailea da sinatzaileetako bat. Artikuluan adierazi dute ezen, interes-gatazkak saihestu ezin badira ere, posible dela produktu farmazeutikoen eragin negatiboak mugatzea eta, aldi berean, gizarteak produktu horien onurez gozatzea.

Nazioarteko ikertzaile-talde batek Science aldizkari zientifiko entzutetsuan argitaratutako artikulu batean ohartarazi du kutsadura farmazeutikoa areagotu egin dela. Ikertzaile-talde horretakoak dira, besteak beste, Gorka Orive, UPV/EHUko NanoBioCel taldekoa, eta Unax Lertxundi, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko kidea. “Gero eta froga gehiagok erakusten duten arren eragin potentzialki orokorrak dituela, kutsadura farmazeutikoak ez du jaso merezi duen arreta —diote ikertzaileek—. Aldaketaren bat egiten hasi direla dirudien arren, oraindik bide luzea dago egiteko”.

Artikulu horren arabera, gizakiek inoiz baino produktu farmazeutiko gehiago kontsumitzen dute; 2020an, 4,5 bilioi dosi erabili ziren mundu guztian, eta kontsumoak gora egiten jarraitzen du. Gainera, ganaduari eta etxeko animaliei ere ematen zaizkie farmakoak. Farmakoek onura handiak dituzte gizakien eta animalien osasunean, baina, aldi berean, areagotu egin da mundu guztiko ekosistemetako kutsadura farmazeutikoa.

UNESCOren arabera, gaur egun hondakin-uren % 80 inolako tratamendurik gabe isurtzen dira ekosistemetara, eta tratatzen den ia % 20ak produktu farmazeutikoak eta patogeno iraitziak ditu. Horren ondorioz, produktu farmazeutikoak kontinente guztietako ingurune askotan daude, non irismen handiko inpaktu ekologikoak eragiten baitituzte, medikamentu gisa eraginkor bihurtzen dituen arrazoi beragatik: dosi oso txikietan ere aldaketa biologikoak eragiteko diseinatutako molekulak dira. Ikerketek erakutsi dutenez, uretako animalia basatiek produktu farmazeutikoak pilatu ditzakete, eta kutsatzaile farmazeutikoek organismoen portaera eta egokitasuna eta populazio, komunitate eta ekosistemen dinamika aldatzen dituzte.

Ikerketa, kontzientziazioa eta neurri berriak

Medikamentuek mundu mailan eragiten duten kutsaduraren testuingurua aztertzeaz gainera, zenbait alderditan egindako ikerketak ere aztertu dituzte ikertzaileek (toxikotasuna, ezabatzea, inpaktu ekologikoak, kasuistika farmakologikoa…). Orobat, arazo hori konpontzeko zer ikerketa-eremu landu beharko diren adierazi dute.

Ikertzaileen ustez, sendagaien kutsaduraren aurka eraginkortasunez borrokatzeko eta ‘Osasun bakar bat’ helburua lortzeko, osasun- eta ingurumen-arazoak modu holistikoan konpontze aldera, prozesuaren iturrira eta amaierara zuzendutako neurri batzuk aplikatu behar dira. Industria farmazeutikoak eta haren bezeroek sendagaien bizi-zikloaren inguruko alderdi asko ebaluatu eta doitu behar dituzte. "Beharrezkoa da farmako ekologikoagoak, ingurumen-inpaktu txikiagokoak —esate baterako, biologikoki erreaktibotasun txikiagokoak edo ingurumenean errazago ezabatzen direnak—, diseinatzea eta formulatzea, eta farmakoak fabrikatzeko instalazioetan hobeto kudeatu behar dira hondakin-urak. Farmakoak zentzuz eta arduraz erabili behar dira, bai giza medikuntzan, bai albaitaritzan, eta, ahal denean, esku-hartze ez-farmakologikoak lehenetsi behar dira”, ikertzaileek diotenez. Haien esanean, funtsezkoa da, halaber, medikamentuen kutsaduraren inpaktuaren inguruan heztea osasun-arloko profesionalak.

Hala ere, adierazi dute garrantzitsua dela “farmakoterapiaren funtzio nagusia gogoan izatea, hau da, pazienteei haien bizitza hobetzen duten sendagaietarako sarbidea bermatzea. Sendagaien ingurumen-inpaktuari buruzko kontzientziazioak ezusteko eraginak izan ditzake gizartean; besteak beste, sendagaiak hartzeko erreparoa izatea, erruduntasun-sentimenduarekin hartzea eta industria farmazeutikoarekiko eta oro har farmakoterapiarekiko mesfidantza eta erresumina areagotzea”. Ohartarazi dute, bestalde, arriskua dagoela sendagai eraginkorretarako sarbidea murrizteko, “politika-aldaketen ondorioz edo ingurumen-inpaktua kontuan hartuta prezioetan izan daitezkeen aldaketen ondorioz. Dena den, interes-gatazkak saihestu ezin badira ere, posible da produktu farmazeutikoen eragin negatiboak mugatzea eta, aldi berean, gizarteak produktu horien onurez gozatzea. Farmakoterapia berdea egia bilakatzeko garaia da”, diote.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Gorka Orive, Unax Lertxundi, Tomas Brodin, Peter Manning
  • Greening the pharmacy
  • Science
  • DOI: 10.1126/science.abp9554