euskaraespañol

Europako proiektu berritzaile baten buru izango da UPV/EHU, hezkuntza inguruneetan desinformazioari aurre egiteko asmoz

QYourself da proiektuaren izena, eta, haren baitan, aliantza estrategikoa egin dute Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza Sailak eta Hezkuntza eta Kirol Fakultateek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/08

QYourself proiektuko lantaldea. Ezkerraladean Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza Saila eta eskuinaldean Bilboko eta Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateetako kideak | Argazkia: Nuria González eta Mitxi. UPV/EHU.

Europako QYourself proiektu berritzailearen buru izango da UPV/EHU. Europar Batasunaren Erasmus+ programak finantzatuko du proiektua, eta desinformazioari aurre egitea du helburu, hainbat hezkuntza ingurunetako irakasleei alfabetatze mediatiko eta informatiboari buruzko ezagutzak, tresnak eta materialak emanez. Proiektuak 250.000 euroko finantzaketa eta bi urteko exekuzio epea izango ditu –2023ko azarotik 2025eko urrira bitarte–, eta desinformazioaren fenomenoari aurre egiteko premiagatik sortu da, arazo larria baita hori gaur egungo gizarte demokratikoan, oro har.

Proiektuaren barruan, aliantza estrategikoa egin da erronka horri aurre egiteko funtsezkoak eta osagarriak diren UPV/EHUko bi jakintza arloren artean: kazetaritzaren eta hezkuntzaren artean, hain justu. Horrela, QYourself proiektuko lantaldean UPV/EHUko irakasleak eta ikertzaileak daude, bai Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza Sailekoak, bai Bilboko eta Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateetakoak. Hauek dira proiektuko ikertzaile nagusiak: María José Cantalapiedra González Kazetaritza Saileko irakasle titularra eta Bitartez Ikertalde Finkatuko ikertzaile nagusia, eta Dorleta Apaolaza-Llorente Arabako Campuseko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktikako irakaslea eta Gizarteak, Prozesuak eta Kulturak (VIII.-XVIII. mendeak) Ikertaldeko kidea.

Hezkuntza inguruneetan alfabetatze mediatikoko gaitasunak garatzeko neurriak hartzeko premiak bultzatuta iritsi da QYourself, irakasleekin lankidetza estuan. Proiektuan irakasleentzako hezkuntza baliabide irekiak sortuko dira, ikasgelako desinformazioaren fenomenoari aurre egin eta ikasleen pentsamendu kritikoa pizteko asmoz. Azken batean, desinformazioaren aurkako entrenamendu praktikoa izango da QYourself, gogoetaren bidez egindakoa, eta, kazetaritza metodoan oinarritutako tresna digitalak ezarriz, edukia eta iturriak hautatzeko eta informazioaren azken itxura erabakitzeko prozesuak barneratzen lagunduko du.

Nazioarteko partzuergo koherentea

QYourself proiektuaren hasierako bilera 2023ko abenduaren 19an izan zen, asteartean, eta, nazioarteko partzuergo koherente eta osagarri bat eratzeko asmoz, Europako beste bost erakunde hauek ere bertako kide dira: Alemaniako Iberika hezkuntza taldea, irakasleentzako materialak eta eskuliburuak sortzen espezializatua; Poloniako (Torún) bigarren hezkuntzako XLiceum ikastetxea, UNESCOren eskola sareari atxikia (RedPEA); Espainiako Maldita.es irabazi asmorik gabeko fundazioa, desinformazioaren aurka borrokatzen duena fact-checking deritzonaren bidez; Greziako Stimmuli GKEa, hezkuntza proiektuen eta ikasketa planen ezarpenean espezializatua; eta Italiako Cesie erakundea, helburu nagusitzat duena hezkuntzan berrikuntza, parte-hartzea eta hazkundea sustatzea. Gainera, UNESCO sustatzeko UN ETXEA Euskal Herriko Elkartearen babesa du proiektuak, eta UNESCOren Espainiako Eskola Elkartuen Sarearena.