euskaraespañol

Eguneko irudia

Ennova Health saria UPV/EHUren eta TECNALIAren 3D bioinprimagailurako

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/29

Irudia
Jose Luis Pedraz Bioinprimaketa Unitateko zuzendari zientifikoa, lehenik ezkerretik, sariak banatzeko ekitaldian

TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikorako zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateak garatutako 3D Bioinprimagailuaren ekimena aintzatetsi du Diario Médico y Correo Farmacéuticok Ennova Health 2023 sarien hirugarren edizioan. Sari horiek profesionalen, erakundeen eta enpresen lana saritzen dute, ekimen digitalek balioa eman dietelako, sistemaren iraunkortasunari lagundu diotelako eta pazientearen bizitza hobetu dutelako 2022-2023an. 3D bioinprimagailuak saria irabazi du Pazientearen Ahalduntze Digitalaren kategorian.

Euskadiko funtzio anitzeko eta prestazio handiko lehenengo 3D bioinprimagailuak sortu ditu dagoeneko lehendabiziko botikak eta prototipo biologikoak. Euskal Herriko Unibertsitatearen NanoBioCel ikertaldea eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa dira proiektu aitzindari horren buruak —APD-Advance Pharma Development—, zeinak Arabako Foru Aldundiaren laguntza baitu eta terapia pertsonalizatuak garatzea ahalbidetuko baitu, batez ere pediatriaren, zahartze osasungarriaren, eta medikuntza birsortzailearen eta ehunen ingeniaritzaren arloetan, industria farmazeutikoari eta osasun sektoreari zerbitzua eman ahal izateko.