euskaraespañol

Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea

Eva Ferreira: «Unibertsitate gisa egiten dugun lana hobetzeko, ezinbestekoa da langile guztien garapen profesional ilusionagarria izatea»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/02

Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea
Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea | Argazkia: Nuria Gonzalez. UPV/EHU

Agintaldiaren erdira iritsita, Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Batzordean. Agerraldi horren helburua zen, alde batetik, azken bi urteetan eginiko lanaren berri ematea; bestetik, datozen bi urteetarako lehentasunak zirriborratzea, begirada jarririk denbora tarte luzeago batean: 2030. urtea.  Hori dela-eta, Campusa aldizkarian errektorea elkarrizketatu nahi izan dugu, hurbilagotik jakiteko zer iritzi duen gure unibertsitateak egungo testuinguru akademiko eta sozialean bizi duen egoeraz.

 

Duela gutxi, unibertsitate orientaziorako azokak egin dira hiru hiriburuetan, eta 11.000 lagun baino gehiago bertaratu ziren. Nola definituko zenuke hurrengo ikasturteko eskaintza akademikoa?

Graduondokoen eskaintzan malgutasun handiz jokatu behar badugu ere, graduko eskaintza egonkorragoa da eta halakoa izan behar du. Bi urte hauetan martxan jarri ditugu  hiru gradu bikoitz berri (Ingeniaritza Zibila gehi Arkitektura Teknikoa; Ingeniaritza Mekanikoa gehi Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza; Haur Hezkuntza gehi Lehen Hezkuntza), eta Ingeniaritza Biomedikoko gradu berria (duala eta ingelesez).

Bestetik, aztertzen ari gara nola bizkortu eta malgutu masterren eskaintza, erakargarriagoa izan dadin nazioartean.  Oraingoz, dagoeneko baditugu Erasmus Mundus kalifikatutako 9 graduondoko, duela hiru urteko kopurua halako hiru.

Ikasketa planen aldaketen edo egokitzapenez gain, dualak eta nazioartekoak egiteko, nabarmendu nahi ditut diziplinen arteko apustu metodologikoak. Bultzada ematen diegu hezkuntza berrikuntzarako proiektuei, elkarlana estutuz prestakuntza desberdineko ikasleen artean, gizarte erronkei orientatutako gradu eta master amaierako lanak egin ditzaten. Adibide arrakastatsuenen artean daude: Formula Student, Ocean i3 edo klinika juridikoa.

 

Ikerketaren alorrean, ezbaian jartzen dira maiz Unibertsitate-Enpresa harremanak, interes gatazkak sortzen direlakoan.

Euskal unibertsitate publikoaren jarduera osoak jomuga du beti gizarte onura. Esan ohi dut unibertsitatea gizartearen muina dela, eta gizartea, unibertsitatearen muina. Gizarteak egitura bat du eta erakundeek, enpresek eta hirugarren sektoreko agenteek eratzen dute egitura hori. Entitate horiek guztiak gure aliatuak dira ezinbestean, eta unibertsitateak lotura estua izan behar du haiekin.

Horregatik, bultzada ematen diogu ezagutzaren transferentziari eta lotu egiten dugu prestakuntzarekin, ikasleek bertatik bertara ezagut dezaten beren lanbidean izango duten errealitatea. Horrela, gure xedeetako bat da Unibertsitate-Enpresa gelak sortzea, bai eta Ikaskuntza-Zerbitzu gelak ere. Bi kasuetan, sendotu egiten dugu kanpoko erakunde batek proposatutako desafio errealei lotutako prestakuntza. Jakina, aliantza guztiak egin behar dira interes gatazka oro bazterturik, guztiz errespetatuta jakintza eta ebidentzia zientifikoa, halako moldez, non akordio guztiak mesedegarriak izango diren ikasleen curriculum prestakuntzarako.

 

Pairatu dugun pandemia akuilu izan da digitalizaziorako?

Pandemia aurretik, gure unibertsitatea buru-belarri ari zen irakaskuntza ereduaren eraldaketa sakonean, teknologia berrien erabilera sustatuz IKD hezkuntza proiektuaren bidez  (Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa). Baina egia da pandemiak behartu egin gintuela aldaketa hori azkartzera. Esan daiteke ondorio positibo bat izan dela horren traumatikoa eta mingarria izan den esperientzia kolektibo batean. Nolanahi ere, bateragarriak dira teknologia berriak eta presentzialtasuna, eta batak ez dio besteari kalte egiten. Ikasgela fisikoa guztiz bateragarria da teknologia berriekin. Unibertsitate presentzial bat gara, eta asmatu egin dugu pandemia garaian presentzialtasun maila handi bati eusten, bai hertsiki akademikoa den prestakuntzaren alorrean bai pertsonen arteko garapenean. 

 

Nazioartekotzea da indarrean dagoen Plan Estrategikoaren zeharkako ardatzetako bat. Zer helburu ezarri dira alor honetan?

Munduko 400 unibertsitate onenen artean gaude, Shanghaiko rankingaren arabera. Erritmo onean hazten ari bagara ere, erritmo biziagoan hazi behar dugu posizio hori mantendu edo are hobetzeko. Horretarako garrantzitsua da unibertsitate ikerketa bultzatzeko bitartekoak handitzea, bikaintasuna jomuga. Hori egin behar dugu unibertsitatetik beretik eta beste agente batzuekiko aliantza sinergikoen bidez, eta aliantza horietan, funtsezkoa izan behar du unibertsitate ikerketari eginiko ekarpenak. Helburua da munduko 300 unibertsitate onenen taldean sartzea, eta euskal gizartearen konpromisoa behar dugu horretarako; izan dezala konfiantza eta egin dezala apustu sendoa unibertsitate publikoaren hobekuntzaren alde.

Egungo gizarte globalean, unibertsitate bat ezin da globala izan ez badu apustu argia egiten nazioartekotzearen alde. Eta nazioartekotzean, bi dira gure xedeak: beste hizkuntza batzuetan eskainitako ikasketak areagotzea (ingelesez bereziki), eta unibertsitateko talde guztien parte-hartzea handitzea nazioarteko jardueren hainbat modalitatetan. Graduondoko gure ikasle guztiek nazioarteko esperientzia izatea, hori da gure nahia. 

Euroeskualdeko Campusa, Bordeleko Unibertsitatearekin, eta ENLIGHT aliantza, Europako 9 herrialdetako 9 unibertsitaterekin, norabide horretan eginiko apustu estrategikoak dira.

 

Plan Estrategikoak aipatzen du unibertsitate plantilla gaztetzeko beharra. Irakasle-ikertzaileen kasuan, nola egingo zaio aurre erronka horri?

Funtsezkoa da bere zereginak ondo betetzen dituzten irakasleak egonkortzea 40 urte bete aurretik. Horri dagokionez, jada urratsak egin ditugu, azken hiru urteetako LEPen betearazpena azkartuz, eta, ondorioz, modu nabarmenean murriztu dugu postu iraunkorrak eskuratzeko itxaron denbora.

Baina garrantzitsua da ere eskaintzea garapen profesional eta pertsonalerako proiektu ilusionagarri bat, eta promozioaren korapiloa askatzea lortu dugu LEP berrien diseinuan. Jakin badakigu lan eraginkor hau irakasle-ikertzaile asko gogobetetzen ari dela. Beste alde batetik, unibertsitate gisa egiten dugun lana hobetzeko, ezinbestekoa da langile guztien garapen profesionalerako proiektu ilusionagarri bat izatea.

 

Beteko du UPV/EHUk administrazio eta zerbitzuetako langileen behin-behinekotasuna 2024ko abenduaren 31erako % 8aren azpitik murrizteko helburua?

Bai, dudarik gabe. AZPko funtzionario eta lan kontratudunen negoziazio mahaiaren bilkura ugariren ondoren, lan eskaintza publikoei buruzko akordio zabala lortu genuen langileen ordezkaritzarekin. Oinarri orokorrak eta espezifikoak onartu ziren 1.148 plaza betetzeko 2024ko abenduaren 31 baino lehen, eta norabide horretan ari gara lanean.  Lehenik, ekainean barne promozioei ekingo diegu eta, aldi berean, egonkortzea xede duten ezohiko prozesuei ere; eta urte amaieran, ohiko prozesuen frogak egingo dira.

 

Unibertsitateak zenbait neurri hartu ditu energia kontsumoak murrizteko; hala nola ikastegiak ixtea urteko aldi jakin batzuetan, berokuntza sistemaren erabilera orduak murriztea… Zein izan da horren guztiaren emaitza?

Aurrezteko neurriak EHUagendaren barruan zeuden lehenagotik, Garapen Jasangarrirako Helburuei jarraiki, baina ondasun eta zerbitzu askoren prezio igoerak, energiaren garestitzeak bereziki, behartu egin gaitu neurri horiek azkartzera. Eskerrak eman behar dizkiet unibertsitateko kide guztiei, beren laguntzagatik, oso emaitza ona lortu dugulako 2022an: % 40 murriztu dugu gas kontsumoa eta % 13, elektrizitatearena. Orain egin behar duguna da aztertu zertan asmatu dugun plangintza horretan eta zer egin dugun gaizki, 2023an neurri hauek kalte egin ez diezaioten lan arloko ongizateari.

 

Gobernu Kontseiluak 2022ko urrian onartutako giza baliabideen arrazionalizazio planak polemika piztu du, kalte-ordainak kentzean erretiro aurreratuetan. 

Egia da sindikatuak bereziki kontra agertu direla, eta ulergarria da neurri batean, aurreikus daitekeen zerbait delako pizgarriak kentzen dituen neurri bat gustukoa ez izatea lortu nahi zituzten pertsonen artean.

Dena dela, gogoratu behar dugu bilkura bat baino gehiago egin zirela sindikatuekin, lehen akordioa salatu zenetik, maiatzean, Gobernu Kontseiluak urrian plana onartu arte.  Zoritxarrez, kasu honetan ezin izan zen akordiorik lortu sindikatuekin. Esan nahi dut salbuespen bat izan dela, beste arloetan akordio zabalak lortu ditugulako: doktorego aurreko eta ondoko ikertzaileen lan baldintzak, AZPkoen LEP historikoa, irakasle-ikertzaileen poltsen araudi berria, ikertzaile mugagabeak kontratatzeko araudia, hobekuntzak kontziliazioan, etab. Beraz, esan nahi dut prest gaudela negoziatzeko eta bide horretan jarraituko dugula. Gure helburua da eta gure betebeharra da, akordioak mesedegarriak izango direlako unibertsitate komunitatearentzat. Jakina, legeek, aurrekontuek eta zerbitzu publikoa izateak ezartzen diguten bidetik beti.

 

Sarri entzuten dugu ikasleek oso gutxi parte hartzen dutela jarduera ez-akademikoetan. Nola aktibatu daiteke horren beharrezkoa den parte-hartze hori?

Egia da funtsezkoa dela ikasleek unibertsitateko bizitzaren alor guztietan parte hartzea. Horregatik, Plan Estrategikoak, gai honetaz aritzean, plan baten beharra aipatzen du kolektibo honen partaidetza eta komunikazioa areagotzeko. Hala ere, esan nahi dut gure ikasleek gero eta gehiago parte hartzen dutela unibertsitatean antolatutako era guztietako jardueretan: kirol arlokoak, kulturalak, solidarioak edo ikasleen elkarteekin zerikusia dutenak, bai eta ikasleen ordezkaritzarekin eta unibertsitatearen gobernantzarekin zerikusia dutenak ere. Ikasleen % 60k baino gehiagok parte hartu dute jarduera ez-akademikoetan. Gainera, bi urte hauetan, ikasleen ordezkaritzaren ekimenari esker -eskerrak eman behar dizkiot bere lanagatik-, erreformatu egin dira ikasleen estatutuak eta erregelamendua, kolektibo horren partaidetza indartzeko unibertsitatearen gobernu organoetan, ikastegietan eta sailetan. 

 

Oraindik ez da itzali joan den ikasturtean Arabako Campusaren instalazioetan izandako kalteen harira irekitako zigor espedienteei buruzko ika-mika. Nola egin dio aurre gobernu taldeak gai honi?

Batzuen ahotik entzuten ari gara diziplina espedienteak protesten ondorio direla. Hori ez da horrela, inondik inora. Adierazpen askatasuna euskal unibertsitate publikoaren nortasunaren parte da, eta gure estatutuek babesten dute. Beraz, ez dugu espedienterik ireki, eta ez dugu irekiko, publikoki modu zibikoan protestatzeagatik.

Hori bai, zigortu egin behar da ondasun publikoen aurka jotzea edo pertsonen osotasuna arriskuan jartzea. Gure azpiegiturak ezinbestekoak dira unibertsitateko jarduerarako. Gainera, gizarte osoarenak dira, zergen bidez finantzatzen dituzten herritar guztienak, azpiegitura horiek erabili ala ez. Euskal gizarteak eginahal handia egiten du euskal unibertsitate publikoa sostengatzeko. Eta, ez dago esan beharrik ondasun horien integritateak lehentasuna duela. Horregatik onartezinak dira bai pertsona batzuek izan zituzten lesioak bai ondare publikoak izan zituen kalteak (55.000 eurokoak).