euskaraespañol

Iñaki Milton Laskibar, UPV/EHUko doktoregaia, ‘Oinarrizko ikerketako bikaintasun’ sariduna

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/18

Iñaki Milton Laskibar, Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko doktoregaia
Iñaki Milton Laskibar, Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko doktoregaia. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Iñaki Milton Laskibar Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko doktoregaia da, eta Tolosa Okzitaniako Bondigoux klinikaren ‘Oinarrizko ikerketako bikaintasun’ saria jaso du, Obesitate eta Diabetes Ikerketako Pirinioez Gaindiko Partzuergoaren  15. bileran aurkeztutako ikerlanarengatik.

Partzuergo hori 2003an sortu zen Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Foru Gobernu eta Akitaniako Gobernuaren finantzaketaz. Denbora joan ahala, partzuergoa handituz joan da eta, egun, bertan, ondorengoek parte hartzen dute: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa, Aragoi, Errioxa, Katalunia, Akitania, Midi-Pyrénées eta, are, Quebec eta Alberta (Kanada). Haren baitan, urteko bilkurak antolatzen dira, helburutzat hartuz nutrizio eta metabolismo ikerketan diharduten eskualde horietako askotariko taldeen artean ezagutza partekatzea. Bilkurotan, doktoregaiek beren ikerlanak aurkez ditzakete, eta beste parte hartzaileekin eztabaidatu. Partzuergoaren helburu nagusia da bertako talde partaideen arteko lankidetza sustatzea eta ezagutza zientifikoa partekatzea, betiere ikerketa estrategien hobekuntza eta bateragarritasuna sustatzeko gogoaz.

Iñaki Miltonek aurkeztutako lanak ondorengo izenburua darama: ‘Pterostilbenoak gibel koipetsua murrizten du eta profil lipidikoa eraldatzen du’. ‘Nutrición y Obesidad’ taldean egina da, Carlos III.a Osasun Institutuko CIBEReko Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizioa arloko (CIBERobn-ko) kide den Maria Puy Portillo irakasleak gidatuta. Ikerlan horren aurkikuntza zientifiko nagusiek erakutsi dutenez, animalien obesitate eredu batean, pterostilbenoak (batez ere ardo beltzean eta zenbait fruitutan, adibidez, ahabietan, dagoen resveratrolaren antzeko konposatu fenoliko bat) murriztu egiten du gibeleko gantza metaketa (gibel koipetsua edo esteatosia), zati batean intsulinaren kontrako erresistentzian eragiten duen hobekuntzari esker. Gainera, hobetu egiten du gibel koipetsu kasuetan aldatuta dagoen gantza azidoen osaera. Zehazki, azido linoleiko eta linolenikoen hazkunde bat gertatzen da, baita azido koipetsu polinsaturadoena ere guztira. Oinarrizko ikerketaren etorkizun handiko emaitza horiek azterketa klinikoetan egiaztatu beharko dira aurrerago.