euskaraespañol

Gaurko irudia

DNA zaharra erabiliz egindako ikerketa batek afroamerikar esklabo eta libreen historiari buruzko informazioa eman du

Science aldizkarian argitaratu den ikerketak bizirik dauden pertsonak eta duela 200 urte baino gehiago burdinola batean lan egin zuten afroamerikarrak erlazionatu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/06

Irudia
Catoctin Furnace labearen argazkia | Argazkia: Pete Giove-Fourwinds / Wikipedia.

Iñigo Olalde UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaileak DNA zaharraren teknologia eta jatorri-proben datu-base bat konbinatzen dituen lehen ikerketan parte hartu du. Ikerketak, halaber, metodo berri bat erabiltzen du erlazio genetikoak zehazteko. Zehazki, lan genealogikoa, historikoa, bioarkeologikoa eta biokimikoa osatzeko modu berri bat eskaintzen du, baztertutako pertsonen bizi-istorioak berreraikitzeko.

Afroamerikar gutxik aurkitu ahal izan dituzte beren familia-leinuak Estatu Batuetako 1870. urteko erroldaz aurretik hildako arbasoetaraino, urte hura baino lehen ez baitago arraza beltzeko pertsonak beren izenarekin agertzen ziren erroldarik. Bada, hain zuzen, erregistro idatzietan jasota ez dauden pertsonei buruzko informazioa berreskuratzen lagundu dezake hondar zaharren azterketa genetikoak. Harvardeko Unibertsitateak zuzendutako azterketa bat argitaratu du Science aldizkariak. Azterketa horretan, Catoctin Furnace-ko hilerrian (Maryland, AEB) lurperatutako jatorri afroamerikarreko 27 pertsonaren DNA zaharra aztertu dute, eta Estatu Batuak sortu eta gutxira han lan egin zuten pertsonen —esklabo bihurtutakoen nahiz libreen— 40.000 ahaide bizi baino gehiago aurkitu dituzte.

Komunitate afroamerikarretara beren arbasoei buruzko ezagutza itzultzeko egin da azterketa, eta ahalegin genealogikoak, historikoak, bioarkeologikoak eta biokimikoak osatzeko beste modu bat eskaintzen du, erregistroetan sartu ez diren pertsonen bizi-istorioak berreraikitzeko eta haien egungo ahaideak identifikatzeko. Lan horren bidez argitu dute, besteak beste, zer ahaidetasun zuten 27 pertsona horiek, zer baldintza genetiko izan zituzten, haiek edo haien arbasoak Afrikako eta Europako zer lekutatik zetozen ziurrenik, eta AEBko zein lekutan dituzten zuzeneko ondorengoak eta urruneko beste senide genetiko batzuk.

Azterketa, zeinean Iñigo Olalde UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaileak parte hartu baitu, aurrerapauso handia da, bi arrazoirengatik. Batetik, haren bidez, pertsona haien hondarren genoma osoaren zatiak sekuentziatu edo argitu, eta gaur egun bizirik duden 9 milioi pertsonaren baino gehiagoren DNA informazioa duen datu-base batekin alderatu dira —ikerketetan parte hartzeko baimena eman dutenena— ; bestetik, metodo berri bat erabili da guztien arteko ahaidetasun genetikoa zehazteko.
Azterketa honetan lehen aldiz lotu da DNA zaharraren teknologia —giza hondarretatik abiatuta genoma osoaren datuak eraginkortasunez sekuentziatzeko aukera ematen duena— jatorri pertsonaleko proben datu-basearekin, eta algoritmo berri bat erabiltzen da.

DNAren analisia, ezkutuko istorioak eraikitzeko

Zehazki, Iñigo Olaldek, UPV/EHUko BIOMICs taldeko Ramón y Cajal eta Ikerbasque ikertzaileak, giza genoma zaharrak berreskuratu eta aztertzen ditu, iraganeko herrien historia aztertzeko. Harvardeko Unibertsitateko kideekin batera, Catoctingo labean aurkitutako gizabanakoen ahaidetasun genetikoaren azterketan parte hartu du. Analisi horren bidez, bost familia genetiko identifikatu dituzte, ama biologikoz, seme-alabez eta anai-arrebez osatuak.

Autoreek diotenez, emaitzek agerian uzten dute zenbateraino den baliagarria hondar zaharren DNAren analisia eta jatorri-proben bidez sortutako datu-base oso handiak konbinatzea. Gainera, AEBn esklabo bihurtutako pertsonen genoma osoaren jatorri genetikoari buruzko informazio zuzena lortzeko eredu gisa balio dute. Azterketak agerian uzten du aspalditik lurperatutako DNA erabil daitekeela ezkutatutako eta ahaztutako istorioak aurkitzeko, interesdunen partaidetzarekin ikerketa arduratsuak egiten direnean. Ikerketak jatorriaren arabera berdinak diren DNA-segmentuak aztertzeko eta DNA historikoa edo zaharra genoma pertsonalen datu-baseekin alderatzeko aukera ematen du, giza historia hobeto ulertzeko.

Egileek uste dute bizirik dauden senideek Catoctingo 27 pertsona horiekin dituzten loturetako asko Afrikan edo Europan esklaboen Atlantikoan zeharreko salerosketaren garaian edo lehenago bizi izan ziren arbaso komunetatik datozela. Aurkikuntza genetikoen bidez, gehiago dakigu AEBn lehen garaietan esklabo bihurtutako afrikarren jatorriari buruz. Catoctinen aurkitutako pertsona askok europar jatorria zuten, batez ere aitaren aldetik, eta hori bat dator esklabo bihurtutako pertsonen sexu-esplotazioari buruzko esklaboen istorio ezagunekin. Egileek diotenez, ohorea da esklabotzak esklabo bihurtutako pertsonetan, haien ondorengoetan eta Estatu Batuen historiari egindako eta aitortu gabeko ekarpenean duen eragina hobeto ulertzen laguntzea.

Informazio osagarria

Iñigo Olalde Ikerbasque ikertzailea BIOMICS taldeko ikertzailea da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Analisi Forentsearen Masterreko irakaslea. Halaber, Harvardeko Unibertsitateko ikertzaile elkartua da.

Erreferentzia bibliografikoa