euskaraespañol

Eguneko irudia

Bidea ireki da ordezko irakasleen arazoa konpontzeko

UPV/EHUk berriz ere eskatu dio gobernu zentralari Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren 80. artikulua aldatzeko, pertsonen ordezko irakasleak lanaldi osoan kontratatu ahal izateko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/23

Irudia
Argazkia: UPV/EHU.

Gaur Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreira bildu da Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen arloko estatu idazkari Juan Cruz Cigudosarekin, Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzan. Bestelako legegintza gaiez eta kontu instituzionalez aritu ondoren, euskal unibertsitate publikoko errektoreak berriz eskatu du Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (USLO) 80.1 artikulua aldatzeko. Artikulu horretan arautzen da pertsonen ordezko irakasleen lanaldia.

Oraintxe bertan, USLOren arabera, pertsonen ordezko irakasleak lanaldi partzialean baino ezin daitezke kontratatu, eta irakaskuntzarako baino ez, legeak esplizituki debekatzen baitu irakasleok ikerketa eta kudeaketa lanak egitea kontratatu horren pean.

Gogora dezagun legea egiten ari zirenean euskal unibertsitate publikoko errektorego taldeak aldaketa proposamen bat bidali ziela bai Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari eta bai alderdi politikoei, baina proposamenak ez zuela aurrera egin.

“Hala ere, gaurko bileran”, nabarmendu du errektoreak, “konponbiderako aukera bat zabaldu da,  Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa aldatzearen bidez. Legegintza leiho bat zabalduko balitz, aldaketa hori egiteko modua legoke. Espero dezagun aukera hori laster sortzea. Bide batez,  eskerrak eman gura dizkiot estatu idazkariari, guri entzuteko eta irtenbideak bilatzeko erakutsi duen prestasunagatik.