UPV/EHUko Eskultura eta Artea eta Teknologia Saileko ikertzaile batek Bilboko industria-ondareari buruzko azterketa dokumental sakona eta landa-lan zabala egin ditu. Era berean, diziplina anitzeko esperimentazio artistikoaren bidez egiaztatu du arteak eragina izan dezakeela ondasun horren kudeaketan, eta ekarpena egin dezakeela ondare horren zaharkitzearen arazoa gizarteratzeko, haren hauskortasunaz eta balioaz sentsibilizatzeko eta euskal industrializazioaren memoria kolektiboa biziberritzeko.
-
UPV/EHUko 44 Unibertsitate-Enpresa-Gizarte Gelek prestakuntza espezializatua eta ezagutzaren transferentzia errazten dute
-
José A. Fernándezek, Olatz Fresnedok eta Lucía Martín Saizek egindako ikerketa batek Fundación Renal fundazioaren 2023ko saria jaso du
-
Su motelean egindako 40 lan berri eramango ditu UPV/EHUk Durangoko Azokara
-
'Zain barneko terapietarako medikazioaren infusio ekipamendu optimizatzailea' ekimenak eta 'Yekar' master amaierako lanak Manuel Laborde 2023 sariak lortu dituzte
-
Ikasteko lau moduak eta nola erabili gelan
Artea lagungarri da euskal memoria industriala biziberritzeko beharraz jabetzeko
Bilbo Metropolitarreko industria-ondarearen egoerari buruzko azterketa sakon batek agerian utzi ditu haren hauskortasuna eta hari balioa emateko beharra
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2023/06/13

Bilboko metropoli-eremua Europako hegoaldeko industrializazioaren epizentroetako bat izan zen XIX. eta XX. mendeen artean. Industria-sarearen zati handi bat ixteak aro berri baterako trantsizioa abiarazi zuen, eraldaketa sozioekonomikoaz gain, eta lehen mailako hiri- eta paisaia-aldaketak ekarri zituen horrek. Alberto Salcedok UPV/EHUko Eskultura eta Artea eta Teknologia Sailaren ikerlanaren egileak adierazi duenez, “aro horien arteko trantsizioa azkarra izan zedin, masiboki eraitsi ziren industria-instalazio zaharkituak, tabula rasa erako politika publiko baten babespean”.
Salcedori kezka eragiten dio “industria-iraganaren aztarnak jasaten ari diren ezabatze sistematikoak, mota guztietako fabrika, azpiegitura eta abarren desagerpena eragin baitu”, bai eta “industrializazioaren memoria kolektiboa galtzeak” ere. Hori dela eta, “memoria eta ondare industriala biziberritu nahi ditu, praktika artistiko garaikideen bidez”.
Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Bilboko Udaleko artxiboetan industria-ondareari buruzko azterketa dokumental sakona egin ondoren, egileak landa-lan zabala egin du “datu teoriko horiek guztiak errealitatearekin alderatzeko eta industria-ondarea zein egoeratan dagoen ikusteko”, azaldu du Salcedok. Konparazio hori egitean, “eztabaida batzuk sortu dira, ez baitzetozen bat erakundeek erabiltzen zituzten datuak eta ondarearen benetako egoera, eta horrek motibazio gisa balio izan dit arte-lan batzuk sortzeko”, adierazi du.
Bere ikerlanean, Salcedok utzikeria-adibideak aurkitu ditu; hala, ikusi du “Zorrotza auzoko Grandes Molinos Vascos irin-fabrikako eta Talleres de Zorrotzako eraikinak, Euskal Kultura Ondarearen ondasun gisa katalogatuak, muturreko degradazio-egoeran eta benetako kolapso-arriskuan” daudela, eta, ondorioz, ondarearen aurkako delituengatiko salaketa bana aurkeztu du.
Industria-ondarea artearen bidez
Salcedok azpimarratu duenez, “ondarea kontserbatzeak guztiontzako onura dakar. Beste leku batzuetan ez bezalako aberastasun industriala dugu, zeinak, ondo ustiatuz gero, onura turistikoa edo ekonomikoa ekar baitezake”. Ildo horretan, Salcedok bederatzi proiektu artistikotan lan egin du, proposamen desberdinetan oinarrituta eta teknika desberdinak erabilita, hala nola argazki-erregistro soilak edo instalazio eta ekintza performatiboak. Diziplina anitzeko esperimentazio artistikoaren bidez, “egiaztatu dut ezen artearen bidez posible dela industria-ondarea biziberritzea, haren berrerabilpena erraztea eta haren balioa handitzea. Uste dut arteak industrializazioaren memoria horri eusten laguntzen duela —dio—. Industria-ondarea artearen bitartez aurkezten duzunean, ondareari begiratzeko beste modu bat sortzen duzu: jada ez da ikusten kontserbatu behar diren eta aberastasunik sortzen ez duten fabrika eta makina zahar gisa”.
Gaur egun, landa-lanean lortutako 15.000 fitxategietatik argazkiak eta bideoak aukeratzen ari da Salcedo. Dagoeneko desagertuta dauden industria-gune askotako grabazioak ditu. Gainera, zenbait fabrikaren eraispenak jasotzen dituzten bideo-irudien gordailu bat aurkitu du Lurralde Antolamendu Sailean; orain arte ez zegoen horren berririk. “Material hori guztia ikertzaileen eta erakunde eta museoen eskura jartzeko” lanean ari da.
Informazio osagarria
Ikerlan zabal hau eta esperimentazio artistikoa Alberto Salcedoren doktore-tesiaren esparruan egin dira, Juan Andrés Crego Morán UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak zuzenduta, Ikerketa eta Sorkuntza Arte Garaikidean doktorego-programaren barruan. Bikain Cum Laude nota lortu du aho batez.
Irudi galeria
-
“Cultural landscape” (2021). Ekintza espazio publikoan. Dagoeneko euskal paisaia kultural bilakatu diren Lemoizko Zentral Nuklearraren aurrien eta Basordaseko naturagunearen bat-egitearen aintzatespena aldarrikatzea. -
'The end' (2021). Ekintza espazio publikoan. Talleres de Zorroza monumentu-multzoaren fatxadan the end testua proiektatzea; izan ere, abandonatuta eta oso egoera degradatuan dago kultura-ondarea. -
'Erresistentzia' (2021). Ekintza espazio publikoan. Gaur egungo Zorrotzaurre uhartean izandako eraldaketa postindustrialaren ondoren zutik geratzen diren eraikin bakarretako baten fatxadan Erresistentzia hitza proiektatzea. -
'Non daude fabrikak?' (2021). Argazki interbenitua. Eusko Jaurlaritzaren Industria Aurriak Eraisteko Programaren artxiboan aurkitutako argazkia, zeinetan Non daude fabrikak? galdera brodatu baita gurutze-puntuz. Lan honetan, Euskal Herrian bizi izandako desindustrializazio-prozesuan eraitsitako fabrikak gogorarazten dira, eta, aldi berean, emakumeek industria-aldi osoan ezkutuan egindako lanari balioa ematen zaio. -
'Olivia C' (2019). Eskultura. Galindoko Babcock Wilcox fabrika suntsitutik erreskatatutako industria-ereduetan oinarritutako eskultura-pieza. -
'Izar B' (2018). Eskultura. Brontzez egindako pieza eskultorikoa, desagertutako Babcock Wilcox enpresako industria-eredu batetik abiatutakoa.