euskaraespañol

Eguneko irudia

Arantzazun bizi: iragana, orainaldia eta etorkizuna

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/19

Irudia
Argazkia: Arantzazulab

Aurten, lehenengo aldiz, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Arantzazulab-ek Uda Ikastaro bat antolatu dute uztailaren 22an eta 23an Arantzazun, Arantzazuren eta Euskal Herriaren etorkizuna lotzen dituen bidexkak, naturalak zein kulturalak, elkarrekin aztertzeko. “Arantzazu euskal jendartearentzat erreferentziazko espazioa da, eraldaketarako energiaren konfluentziaren gunea izan baita 500 urtez, eta santutegiak badu esanahi berezia euskal kulturan: erabakigune eta elkargune garrantzitsua izan da, bertan askotariko ezagutzak, arteak, tradizioak eta berrikuntzak bat egin dute. Eta Arantzazuren inguruan urtez urte eratuz joan den gizarte-sare anitza sortu da, gizarte-esparru desberdinetan txertatua. Arantzazu herri-tokia da, herriarentzakoa. Eta gutxi dira gurean elkarri etorkizun-galderak egiteko toki aproposak”, diote Naiara Goia eta Antonio Casado, ikastaroaren zuzendariek.

Ikastaroan, bi eguneko programa berezia landu dute, iraganaz, orainaz eta etorkizunaz Arantzazutik aritzeko:

  • Batetik bi egunetako goizetan hausnarketarako eta eztabaidarako gonbitea zabaldu nahi dute parte-hartzaileei. Lehenengo egunean Arantzazuk duen ezagutzan sakonduko dute, artetik zein zientziatik, Arantzazu den hori bizitzeko eta berak norberaren baitan eragina izateko. Eta bigarren egunean, etorkizunari buruzko gogoeta bat proposatzen dute, Arantzazutik, etorkizun-erronken aurrean, Arantzazu non den esploratzeko.  Eta batez ere Arantzazutik galdera berriak egiteko.
  • Bestetik, arratsaldeetan, Arantzazu hobeto ezagutzeko esperientziak eskaini nahi dituzte, Arantzazuk eskura jartzen dituen dimentsio eta txoko ezberdinetan barneratzeko (Artea, Kultura, Natura, Espiritualtasuna), ikastaro batek eskaintzen dituen ohiko formatuez haratago esperientzia integrala, pluri-sentsoriala eskainiz (bisita bidatua, ibilaldia, arte erakusketa…).

Ikusi programa osoa hemen.

Eta hemen ikastaroaren nondik norakoak jasotzeko sortu duten kontakizuna.

Izena-emateko lotura