euskaraespañol

Itsaso Biota Piñeiro eta María Dosil Santamaría

Zergatik da horren presazkoa Espainiako Gobernuak adingabeen pornografiarako sarbidea erregulatzea?

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/01/23

Irudia
Imagen de Freepik

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Azkenaldiko ikerketen arabera, gero eta goizago hasten da pornografiaren kontsumoa; zehazki, zortzi urterekin. Pornografia webguneetan gehien bilatutako terminoetako bat “how to” da, hau da, “nola egin”. Horrez adierazi dezake haur eta nerabe askok sexualitateaz ikasteko erabiltzen dutela pornografia.

Adingabe horiek mota guztietako sexu indarkeria ekintzak topatzen dituzte orrialde horietan, ‘sexu’ gisa aurkeztuta. Hala, normalizatu, legitimatu eta hutsaldu egiten da emakumeen aurkako indarkeria.

Ikerketa asko egin dira pornografiaren kontsumoari eta hark duen inpaktu psikologiko eta sozialari buruz. Ikerketa horien arabera, lotura argia dago pornografiaren kontsumoaren eta genero desberdintasunaren, sexismoaren eta emakumeen aurkako sexu indarkeriaren artean. Hortaz, agerikoa da beharrezkoa dela adingabeek eduki mota horietara duten sarbidea erregulatzea.

Pornografia sarri eta modu jarraituan kontsumitzeak ondorio bereziki larriak izan ditzake gazteenen artean. Izan ere, zenbat eta lehenago kontsumitu pornografia, orduan eta inpaktu handiagoa du helduaroko jokabidean eta sexu ohituretan. Adituen arabera, pornografiaren kontsumoak nerabe eta gazteengan duen ondoriorik txarrenetako batzuk hautemate distortsioa, jarrerak sortzea edo jarrerak desitxuratzea dira. Izan ere, dauden garapen fasea dela eta, ez dute ikusten dutena ulertzeko adinako heldutasun emozionalik.

Pornoaren eta indarkeriaren arteko harremana

Material pornografikoa nahita ikustearen eta sexu jarrera oldarkorraren arteko lotura aztertu zuen ikerlan batek 10 eta 15 urte arteko nerabeen artean, Estatu Batuetan. Ikerlanak ondorioztatu zuenez, denboran zehar material pornografiko bortitza nahita ikusiz gero, ia sei aldiz handitzen zen sexu jarrera oldarkorra izateko probabilitatea.

Paul J. Wrightek 2015ean egindako metaanalisi batek loturak topatu zituen pornografia ikustearen eta jarrera bortitzaren artean. Haren arabera, pornografia kontsumitzen duten gizonek joera handiagoa dute praktika menderatzaileak eta umiliagarriak praktikatzeko edo nahi izateko. Era berean, pornografia kontsumitzen duten emakumeek joera handiagoa dute sumisio praktikak gauzatzeko edo nahi izateko.

Aurkikuntza horiek eta nerabeen arteko sexu indarkeria kasuen hazkunde nabarmena kontuan hartuta, adingabeek pornografiara duten sarbidea erregulatzea beharrezkoa da haien garapen emozionala, psikologikoa eta sexuala babesteko. Erresuma Batuan Lineako Segurtasun Legea onartu zuten 2023ko azaroan, eta 2025ean ezartzen hastea aurreikusten dute. Lege horrek adimen artifizialeko metodoak proposatzen ditu pornografia orrialdeetara sartzeko; adibidez, aurpegiaren identifikazioa.

Espainiako Gobernuak, Datuen Babeserako Espainiako Bulegoarekin (AEPD) batera, adingabeek pornografia orrialdeetara duten sarbidea erregulatzeko neurriak iragarri ditu —adibidez, erabiltzaileen benetako adina ziurtatzen duen aplikazio bat sortzea—. Izan ere, gaur egun orrialde horiek ez dute adina egiaztatzeko eskatzen; erabiltzaileak 18 urte baino gehiago dituela onartu edo adierazi behar du, besterik ez.

Neurria guztiz beharrezkoa da, baina kontrol horiek sare sozial eta plataforma digital guztietara hedatu beharko lirateke. Izan ere, helburu horretarako sortutako plataformen muga gainditu eta gazteek gehien erabiltzen dituzten sare sozialak kolonizatu ditu pornografiak. Gaur egun ohikoa da sare sozialetan —batez ere, Twitterren— eta WhatsAppen gisako berehalako mezularitza plataformetan eduki sexual esplizitua topatzea.

Sare sozialetan erregistratzeko erraztasuna

Europar Batasuneko (EB) hamasei urtetik beherako pertsonek gurasoen edo tutore legalen baimena behar dute sare sozialak erabiltzeko, baina gaur egun ez dago iragazki eraginkorrik adin horretako adingabeak plataforma horietara sartzea saihesteko. Gaur egun edozein pertsona erregistratu daiteke WhatsAppen, Twitterren, TikToken edo Facebooken, telefono mugikorreko zenbaki baten bidez. Izan ere, plataformak adina ziurtatzeko ezartzen duen iragazki bakarra galdera bat da, erregistroaren hasieran.

Instagramen gisako sare sozialetan, biluztasuna zorrotz kontrolatzen badute ere —arauak hausten dituzten kontuak ordu batzuen buruan kendu ditzakete—, ‘bot’-ek orrialde pornoetarako estekaz betetzen dituzte gazteek gehien jarraitzen dituzten ‘influencer’-en profiletako iruzkinak.

Halaber, TikTok eta Instagramen gisako plataformetan gero eta ohikoagoak dira gazteak —batez ere, neskak— erakartzeko kanpainak, pornografiaren industriara edo OnlyFansen gisako plataformetara sartu daitezen.

Gauzak hala, erregulatzeaz gain, presazkoa da sexu heziketarako eredu integrala eta egokitua ezartzea, adin goiztiarretik hasita. Ezagutzak eskaintzeaz gain, gazteei haien harreman afektibo-sexualetan normalizatuta duten indarkeriaz jabetzeko tresnak ematea izan behar du heziketa eredu horren helburuak.

Anatomiari eta metodo antikontzeptiboei buruzko oinarrizko informazioa helarazteaz gain, ikuspegi honek ulermen sakona sustatu behar du botere dinamikei, baimenari eta bata bestearen errespetuan oinarritutako harreman osasungarrien garrantziari buruz. Bestela, hezkuntza afektibo-sexual egokirik gabe, zaila izango da gazteak jabetzea pornografiaren kontsumoak haien desiraren garapenean eta, ondorioz, haien praktika sexualetan dituen ondorioez.

The Conversation