euskaraespañol

Abian da UPV/EHU-Guggenheim Bilbao Museoa GELA

Arte garaikidea kontserbatzera eta zaharberritzera bideratua, gaur formalizatu da gelaren sorkuntza museoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/14

Irudia

Gaur sinatu den hitzarmenarekin, UPV/EHU-Guggenheim Bilbao Museoa Gela errealitate bat da jada. Ekitaldian bi erakundeetako agintari gorenek hartu dute parte: Eva Ferreirak, Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoreak, eta Juan Ignacio Vidartek, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusiak. Halaber, bertan izan dira, Unibertsitatetik, Gorka Moreno, Bizkaiko Campuseko Errektoreordea; Itsaso Maguregi, Pintura Saileko Zuzendaria; eta Katrin Alberdi, Gelaren Zuzendaria; eta Museotik, Daniel Vega, Erakusketa eta Kontserbazio Zuzendari Teknikoa; Ainhoa Sanz, Kontserbazio eta Zaharberritze Koordinatzailea; Aitziber Velasco, Kontserbazio Teknikaria; eta Sonia Núñez, Erregistroko Koordinatzailea. 

Euskal unibertsitate publikoko errektorea pozik agertu da akordio hau sinatu delako: “Unibertsitatea eta museoa elkarlanean ari ginen hainbat gaitan, eta orain beste lan-ildo bat ireki dugu: arte garaikidearen kontserbazioa eta zaharberritzea. Biak gara erakunde giltzarriak euskal kulturan; horregatik, asko dugu partekatzeko. Eta eskerrak ematen dizkiot, noski, Guggenheim Bilbao Museoari proiektu honetan jarri duen konfiantzagatik, Arte Ederren Fakultatean konfiantza izatea eta euskal unibertsitate publikoan konfiantza izatea ere delako”.

UPV/EHU-Guggenheim Bilbao Museoa Gela arte garaikidea kontserbatzera eta zaharberritzera bideratuko da batez ere, eta arlo horri lotutako gaurkotasuneko gaiei eta arazoei buruzko ikerketa- eta prestakuntza-jarduerak garatuko ditu. Gelan UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikertzaileek eta ikasleek parte hartuko dute, baita Guggenheim Bilbao Museoko profesionalek ere.

Proiektu honek aukera emango du jarduera akademikoak garatzeko (gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktorego tesiak), curriculumetik kanpoko praktikak egiteko, mintegiak eta ikastaroak antolatzeko, eta I+G+Bko baterako lanak bultzatzeko, lantalde mistoak osatuz. Guggenheim Bilbao Museoak ekarpen ekonomikoa egingo du urtero, eta ekarpen hori aldakorra izan daiteke, onartutako proiektu zehatzen arabera. Jarraipen-batzorde batek gainbegiratuko du proiektuaren garapena.