euskaraespañol

Euskal Herriko Unibertsitateak 2015eko aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu du

Iazkoaren aldean % 0,26ko igoera dago

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/05

Irudia

UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak aurkeztu du gaur unibertsitateko Gobernu Kontseiluan 2015eko Aurrekontuen Aurreproiektua. Bere zenbatekoa 396.557.681 eurokoa da; 2014an onartu zena, berriz, 395.537.569 eurokoa izan zen, eta, beraz, % 0,26ko igoera dago.

Zenbateko horretatik Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik datoz 303.170.804 €, hau da, aurrekontuen % 76,50. 2014an, berriz, kontzeptu horretan 304.522.167 € zeuden, aurrekontuaren % 77,03. Atal hau honela banakatzen da: Ekarpen arrunta: (271.588.318 €. Barne dago 2012ko abenduko aparteko soldatei dagokien kopurua: 2.800.000 €); Programa kontratuak (31.582.486 €) eta Hainbat urtetarako inbertsio plana (ekitaldi honetan ez dauka baliabiderik).

Aurrekontu orokorretatik datorren ekarpenarekin batera daude: Beste sarrera batzuk, eskubide publiko edo pribatuetakoak (tasa akademikoak eta administrazio tasak, administrazio emakidak, beste erakunde edo pertsona fisiko batzuekin egindako kontratuak eta abar.), guztira, 93.150.000 €. Sarrera hauek aurreproiektuaren % 23,50 da; 2014an, berriz, sarrera hauek 90.800.000 €koak izan ziren, % 22,97. Horretaz gain, UPV/EHUk 236.877 € eskuratzen ditu Gizarte Kontseilurako (2014an, 215.402 €).

Gastuei dagokienez, langileen atalerako 274.658.800 €-ko aurrekontua dago (265.037.000 €, aurrekontu arruntean, eta 9.621.800 €, programa kontratuetan). Kopuru hori aurrekontu osoaren % 69,26 da, eta gainerako % 30 era honetara dago banatuta: ikerketa; ohiko funtzionamendua; errektoreordetzetako, ikastegietako eta sailetako jarduerak; ekipamendua, eta beste batzuk.

Euskal Herriko Unibertsitateak, errektore Iñaki Goirizelaiaren bidez, adierazi du aurrekontuen aurreproiektu hau "estua dela, mugak ezartzen dituela, eta ez dituela asetzen unibertsitatearen helburu eta gurari guztiak". Hala ere, UPV/EHUk arduraz jokatuko duela azpimarratu du, lehentasunak ezarriko dituela eta bermatu egingo duela irakaskuntzako eta ikerketako egungo maila: "Bermatuta dago eskaintzen dugun prestakuntzaren kalitatea, graduetan, graduondokoetan eta doktorego programetan, gure unibertsitateko ikertaldeek egiten duten ikerketa lanaren kalitatea eta gure unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako ataletan egiten den gestio lanaren kalitatea".

Gobernu Kontseiluan aurkeztu den Aurrekontuen Aurreproiektu hau, hein handi batean, Eusko Jaurlaritzak abenduan onartutako Unibertsitate Planak baldintzatzen du. UPV/EHUk publiko egin du planak dakarren aurrekontu-egoera honekiko jarrera "kritikoa, baina, era berean, arduratsua". Kritikoa da, zeren eta, unibertsitateari irakaskuntzaren eta ikerketaren kalitatea mantentzeko aukera ematen badio ere, ez baitio parada ematen, 2015ean, behintzat, erritmo desiragarriari eusteko. Baina, era berean, arduratsua da, zeren eta erakunde akademikoak publikoa egin baitu aurrekontu hauetatik ahalik eta etekin handiena lortzeko eta, baliabideak kontuan hartuta, ahalik eta unibertsitaterik onena erdiesteko asmoa. "Ahalik eta unibertsitaterik onena", behin eta berriz esan du errektoreak. "Agian, ez da unibertsitaterik onena izango, baina bai ahalik eta onena".

"Unibertsitateak eta unibertsitatea osatzen dugun guztiok ilusio osoz jardungo dugu proiektu hau aurrera eramateko zereginean, horretarako beharrezkoa den gaitasun akademikoa eta lana eskainiz, hartara, guztion artean, euskal gizarteak ezagutzaren arloan dituen erronkei aurre egiteko", bukatu du errektoreak.

Ikastegien izen berriak

Azaroaren 27an, Gobernu Kontseiluak ikastegien berrantolaketa (oraingo 32 ikastegiak 20ra ekarriko dira) onartu ondoren, gaurko bileran ikastegi berrien izenak onartu dira:

  • Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa; Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola; Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola eta Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoa batzetik datorren ikastegiak Bilboko Ingeniaritza Eskola izango du izena.
  • Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa eta Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola batzetik datorren ikastegiak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola izango du izena.
  • Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatea eta Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskola batzetik datorren ikastegiak Hezkuntza eta Kirol Fakultatea izango du izena.
  • Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea eta Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola batzetik datorren ikastegiak Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea izango du izena.
  • Lan Harremanen Unibertsitate Eskola eta Gasteizko Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskola batzetik datorren ikastegiak Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea izango du izena.
  • Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola, Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola eta Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola batzetik datorren ikastegiak Ekonomia eta Enpresa Fakultatea izango du izena.
  • Medikuntza eta Odontologia Fakultatea, Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskola eta Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskola batzetik datorren ikastegiak Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea izango du izena.