euskaraespañol

Eguneko irudia

Erreferentzia izan zen Gipuzkoa gerraosteko hiri-garapenean

UPV/EHUko tesi baten arabera, erabakigarria izan zen beste leku batzuetako jarduereterako probintzia hori hirigintza-eredutzat hartu izana

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/04

Irudia
Beraun. Garikoitz Estornés, 1987. Auñamendi Entziklopedia

'La construcción de la ciudad: Gipuzkoa 1940-1976' tesian Enrique Ponte arkitektoak dioenez, garai hartako egoera politikoarekin lotura estua izan zuen Gipuzkoako gerraosteko hiri-garapenak, baina ez zituen erabat alboratu Gerra Zibil aurreko abangoardiako irizpideak. Gipuzkoako zenbait arkitektok bultzatu zuten, 1942tik aurrera, probintzia horretako Antolamendu Plana ("Gipuzkoa orgánica" eta Antolamendu Planaren Batzordearen eraketa, eta arkitekto haiek ezarri zituzten Espainiako estatu osoko hiri-garapenerako irizpideak 1960ko hamarkadara arte. Besteak beste, Muguruza eta, batez ere, Bidagor arkitektoak jardun ziren zeregin hartan.

Egoera desberdinak ekarri zituen gerraosteak (autarkia eta erregimen frankistaren isolamendua; ondoren, nazioarteko harremanen normaltzea -NBEn sartzea, enbaxadak irekitzea, etab.-, garapen ekonomikoa... "1960ko hamarkadaren hasieran, hazkunde ekonomiko handia eta garapen industrial bizia sustatu zituen 'desarrollismoak' Gipuzkoan. Hori zela eta, kanpoko milaka langile hartu zituen Gipuzkoak. Jakina, etxebizitzak behar zituzten langile haiek guztiek. Espekulazioaren bidez egin zitzaion aurre etxe-premia hari, eta, horrenbestez, egitura jakinik gabe hazi zen hiria, azpiegiturarik gabe...".

Arreta berezia eskaini dio Pontek, bere tesian, Errenteriari, herri horretako udal-arkitektoa izan baitzen hainbat urtez. "Garai hartako hirigintzaren alderik txarrenen adibiderik garbiena dugu Errenteria. Hor dugu, esate baterako, Beraun auzoa, nahiz eta asko hobetu den aspaldi honetan", dio tesiaren egileak. "Arrasate, Eibar eta Gipuzkoako beste zenbait herri industrialen antzekoa zen garai hartako Errenteria; bat-batean erabateko aldaketa jasan zuen, hazkunde demografiko izugarria. Zergatik gertatu zen halakorik? Bada, hau erabaki zuelako Donostiako eskualdeko hiri-garapeneko politikak: hiritik kanpora eraiki behar zirela industrialdeak eta langileen etxebizitzak (Usurbilen, Errenterian, Hernanin...)", dio Pontek.

Muguruza eta Bidagor

Bi arkitekto gipuzkoar nabarmendu behar dira sasoi hartako hirigintzaren sustatzaileen artean: Pedro Muguruza eta Pedro Bidagor. Gerra Zibila amaitu ondoren, goi-karguak izan zituzten biek hiri-berreraikuntzako organismoetan. "Bidagorrek ezarri zituen Espainia osorako hiri-garapenaren irizpideak 1960ko hamarkadaren amaiera aldera arte. Erabakigarria izan zen Gipuzkoako hirigintza-jarduera, eredutzat erabili baitzen beste leku batzuetako garapenetarako", gaineratu du Pontek. "Une hartan, 'Hiri funtzionala' deritzonaren irizpideak hartu ziren aintzat, 'Zabalgune' eredua alde batera utzita. Oso kontzeptu desberdinak ziren".

Tesiaren amaieran, profesional-belaunaldi baten sorrera aipatzen du haren egileak, eta prozesu berri baten hasiera: hiriaren berreskuratzearena. "Nabarmena zen herritarren egonezina, aurreko garaiko desegituraketa zela eta (1960-1975), eta zenbait gizarte-mugimenduren bidez azaleratu zen ezinegon hura. Horrekin batera, hiriaren bestelako ikuspegi bat zuen arkitekto-belaunaldi berri bat ere agertu zen", ekarri du gogora Enrique Pontek. "Hirigintzak egoera politikoarekin lotura estua duela diot nire tesian. Ez dira gauza bera autarkia-garaiko frankismoko hiria eta desarrollismokoa, edo 1975ean abiatu zen aro berri hartakoa. Elkarri estu loturik egon ohi dira hiriari buruzko ikuspegia eta prozesu historiko bakoitza, unean uneko ideologia nagusia zein den", dio tesiaren egileak.

Informazio osagarria

Bartzelonako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan ikasi zuen Enrique Ponte Ordoquik (Donostia, 1944). Errenteriako udal-arkitektoa (1985) eta herri horretako Bulego Teknikoko eta HAPOko zuzendari izan zen (1999-2010), bai eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegiturako (1995-1999) eta Hirigintzako (1992-1995) zuzendari ere. Zenbait aldizkari espezializatutan artikulu ugari argitaratua da; ikastaroak ere eman izan ditu, eta aldizkari batzuetako zuzendari izana da. Arkitekturako COAVN Saria eman zioten 1993an, hirigintza-alorrean.