euskaraespañol

Terapia zelular seguruago eta bateragarriagoak

Zelula terapeutikoak mikrokapsulatzeko zenbait hobekuntza diseinatu ditu UPV/EHUko ikertzaile batek

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/09

Irudia

Asko garatzen ari den alor sortuberri bat da terapia zelularrarena, eta ikerketa-eremu zientzialarientzat. Zelula terapeutikoen mikrokapsulazioa du aplikazioetako bat: mintz biobateragarri batekin inguratzen da zelula-multzo bat, sistema immunologikoak errefusa ez dezan. Zelulak errefusetik babesteko sistema bat proposatu du UPV/EHUko Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoko Laborategiko ikertzaile batek, eta hainbat konponbide diseinatu ditu mikrokapsulak hobeto gorputzeratzeko eta haiei hobeto eusteko, eta, horrez gain, hartzailearen gorputzean monitorizatzeko.

Produktu terapeutikoak kontrolpean eta luzaroan askatzeko metodo farmazeutiko bat da zelulen mikrokapsulazioa. "Hainbat tamainatako eta zelula-osaeratako mikrokapsulak fabrikatzeko aukera ematen du sistema horren moldakortasun handiak; horrenbestez, zenbait gaitz tratatzeko erabil daitezke kapsulatutako zelulak (neuroendekapenezko gaixotasunak, hepatikoak, kardiobaskularrak eta endokrinoak, besteak beste)", dio UPV/EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel ikerketa-taldeko Argia Acarregui ikertzaileak.

Asko garatzen ari den alor sortuberri bat den arren, "oraindik ere laborategiko fasean dago. Saiakuntza kliniko batzuk egin dira, eta diabetesaren tratamenduan aurreratu da gehien: zelula pankreatikoen multzo batzuk kapsulatu eta animalia edo gizaki diabetikoei ezartzen zaizkie, intsulina sortu eta azukre-mailak erregula ditzaten", gaineratu du Acarreguik. Ikertzaile horrek dioenez, abantaila hau dute farmakoak askatzeko sistema horiek: "Etengabe jariatzen dute kasu bakoitzerako behar den farmakoa".

Teknologia horrek aplikazio klinikoa izan dezan, zenbait arazo konpondu behar ditu lehenbizi; besteak beste, biosegurtasunaren alorrekoak, hau da, ezarritako mikrokapsulen segimendua eta haien kokapenaren kontrola -denbora errealean- bermatu behar da. Bestalde, mintz biobateragarri batekin estaltzen diren arren ezarritako zelulak, oso ohikoa izaten da haien aurkako erantzun immunologikoa. Hori dela eta, "gutxitu egin behar da errefus immunologikoa, eta sistema guztiz biobateragarriak eratu", dio Acarreguik.

Kapsula markatuak, hidrogela eta immunomodulatzailea
Hiru lan desberdinetan aztertu zituen arazo horiek Acarreguik. Lehenbizikoan, kontraste-agente batekin markatutako zelulen kapsulatze-sistema bat garatu eta ebaluatu zuen. Kontraste-agenteari esker, hobetu egin zen mikrokapsulen segimendua; kapsulazio-sistemak, berriz, areagotu egin zuen zelulen atxikipena eta biziraupena. Bihotzerako terapia zelularretan, garrantzi handia du zelulen atxikipenen arazoak, taupadak direla eta gutxiago irauten baitute zelulek ezarri diren lekuan. "Hobetu egin zuten atxikipena mikrokapsula horiek, eta kapsulatutako zelulek askatu bide zituzten hazkuntza-faktoreei eta zitokinei esker, birsortu egin zen kaltetutako miokardio-ehuna, infartuaren ostean, saiakuntza egiteko erabilitako animalian", dio ikertzaileak.

Bigarren lan batean, barreiadura saihestu, lokalizazioa bermatu eta, hidrogel baten bidez, mikrokapsulak errazago erauzi ziren. Hidrogel horretan sartu zituzten kapsulatutako zelulak, elkarri lotuta egon zitezen. "Bestalde -azaldu du Acarreguik-, txikiagotu egin zen erantzun immunologikoak mikrokapsula horien gainean eratu ohi duen geruza fibrotikoa".

Hirugarren lanean, azkenik, hau lortu zen: erantzun immunologiko txikiagoa izatea hartzaileak. Esperimentu hori egiteko, sagu-zelula kapsulatuak txertatu zitzaizkien arratoi batzuei, hots, xenotransplante bat egin zen, horrelako transplanteetan "are handiagoa izaten baita errefus immunologikoa", azaldu du ikertzaileak. Aurreko laneko hidrogel bera erabiliz, dexametasona agente immunomodulatzailea askatzen zuten nanopartikula batzuekin uztartu ziren, iraunkorki, kapsulatutako zelulak. "Ezarritako zelulen bideragarritasuna eta funtzionaltasuna areagotu egin zituen sistema horrek -dio Acarreguik-, hidrogelari gehitutako agente immunomodulatzaileak moteldu egin baitzuen erantzun immunologikoa eta, horrenbestez, luzatu inplanteak lanean iraun zuen denbora-epea".

Informazio osagarria
Sistemas multifuncionales basados en células microencapsuladas: avances en bioseguridad y biocompatibilidad tesiaren baitan egin du lan hori Argia Acarregui Garaldek (Ondarroa, 1985). UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko Teknologia Saileko Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoko laborategian egin zen ikerketa. Laborategi horretan ari da lanean Acarregui. Lehenbiziko lan esperimentalean, Cácereseko Kirurgia Ez-inbaditzaileko Jesús Usón Zentroaren (CCMIJU) laguntza izan zuen.

Erreferentzia bibliografikoa
Acarregui A, Herrán E, Igartua M, Blanco FJ, Pedraz JL, Orive G, Hernández RM. 2014. "Multifunctional Hydrogel-Based Scaffold for Improving the Functionality of Encapsulated Therapeutic Cells and Reducing Inflammatory Response". Acta Biomater. pii: S1742-7061(14)00294-3. doi: 10.1016/j.actbio.2014.06.038.