euskaraespañol

Eguneko irudia

Elikagai eta farmakoen elkarrekintza alpinismoan

Jaten diren produktuen kontrol zorrotza egin ezean, arriskuan jarri ahal mendigoizalearen osasuna

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/01

Irudia

UPV/EHUko ikertzaileek goi alturetan gertatzen diren elikadur eta osasun egoerak analizatu dituzte, bai eta erabili ohi diren laguntza ergonutrizional eta farmakologikoak ere. Ikertzaileon aburuz, egoera hauetan hartzen diren farmako eta elikagaien artean leudekeen elkarrekintzak arriskutan jarri ahal dute mendigoizaleen osasuna, ez dira kontrol zorrotzaren pean hartzen.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko zein Eusko Jaurlaritzako irakaslea den Aritz Urdampilleta Otegui eta Farmazia eta Elikagaien Zientzietako doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia eta Elikagaien Zientzietako Saileko ikertzailea den Saioa Gómez-Zorita ikertzaileek argitaratu berri duten artikulu baten arabera, hartzen diren elikagaiekin elkarreragiten duten eta alpinistaren osasuna kaltetu dezaketen sendagaiak kontrolatu behar dira.

Alpinismoan errendimendua mugatzen duten faktore nagusien artean, muskuluetako glukogenoaren metaketaren amaiera eta katabolismo proteiko handia, desoreka hidroelektrolitikoa eta Mendiko Gaitz Akutua (MGA) nabarmendu behar dira. Goi altitudeetan eta 3 astetik gorako egonaldietan dagoen estres handiko egoeran, ezinbestekoa da ondo elikatzea. Hala ere, batzuetan alpinisten MGA saihestezina da, eta kasu horietan sendagaiak erabiltzen dira, egoera horri aurre egiteko. Hala ere, kontrol zorrotz baten pean egin ezean, gehigarriak hartzeak arriskuan jar dezake alpinistaren osasuna, hartutako elikagaiekin edo laguntza ergonutrizionalekin egon daitezkeen elkarreraginak direla eta.

Gero eta turista gehiago doaz mendi altuetara edo goi altitudeetako ibilbideak egitera, baina horietako askok ez daukate aurreko esperientziarik mendi altuetan. Egonaldi horiek aldaketa handiak eragiten dituzte maila fisiologikoan, adibidez, bihotz-taupaden maiztasunaren gehikuntza, tentsio arterial sistemikoaren eta biriketakoaren gehikuntza, hiper-aireztapena, likido-erretentzioa eta hemoglobinaren (SaO2) asetasunaren murrizketa, besteak beste. Hipoxiak, hotz biziak eta elikadura urriko egoeretan ariketa egiteak dakartzaten zailtasunengatik, goi altitudeetara igotzean laguntza ergonutrizionalak edo sendagaiak hartu ohi dira. Horregatik, laguntza ergonutrizionalen eta sendagaien ebidentzia zientifikoari zein horien arteko balizko elkarreraginei buruzko informazio eguneratuak berebiziko garrantzia dauka.

Mendiko Gaitz Akutua
Goi altitudeetan -batez ere 4.000 metrotik gora- eta norberaren hipoxiarako minberatasunaren arabera, jateko gogoa gutxitu, eta pisua neurri handian txikitu ohi da. Batez ere 4.000 metrotik gora lo egiten denean, MGA jasan ohi da. Hona hemen gaitz horren sintomak: buruko mina, zorabioak, goragaleak, loezina, neke orokorra eta jateko gogorik eza, besteak beste. Mendi altuetara igotzen diren mendizale osasuntsuek ere jasaten dute. Normalean sintoma horiek igoeraren lehenengo 6 eta 10 orduen artean garatzen dira, eta gora egiten dute egonaldiko bigarren edo hirugarren egunean. MGAren eragina aldakorra da, baina nahiko komuna da. 4.000 eta 5.800 metro arteko altitudeetan pertsonen % 67 ukitzen du. MGA behar bezala kontrolatzen ez bada, garuneko edema eta hiltzeko arriskua ekar ditzake. Egoera horretan, alpinista ez dago bere kordean, nahasita dago eta ez du behar bezala koordinatzen, istripu larria eragin dezaketen hutsegiteak gauzatuta.

Igoeraren aurretik egokitzapena egin daiteke, aldizkako hipoxia eraginda eta 4.000 metrotik gorako altitudean jarduera fisiko aerobiko-anaerobikoa biltzen duten 12 saio (2-4 saio astean), gutxienez, eginda. Azken ikerketek aditzera eman dute egokitzapen horrek MGA saihesten laguntzen duela. Halaber, leheneratzeko gaitasuna hobetzeko, hainbat kiroletan entrenamendu eraginkorra dela frogatu da.

UPV/EHUko ikertzaileen lanak altutideko nutrizio eta osasun egoerak aztertu ditu, baita erabili ohi diren laguntza ergonutrizionalak eta sendagaiak ere. Ondoren, sendagaien eta nutrienteen artean ager daitezkeen elkarreraginak baloratu ditu, baita elkarreragin horiek alpinisten osasunean izan ditzaketen arriskuak ere. Horrenbestez, honako ondorio hauek atera dira:
- Goi altitudean MGAren larritasunak alpinisten jateko gogoari eta elikagaiak hartzeari eragiten die.
- Arreta berezia jarri behar da, MGArako sendagaiak erabiltzeko orduan. Izan ere, MGAren ohiko sintomak ezkuta ditzakete, eta, horren ondorioz, mendian gora egiten jarrai daiteke, organismoa altitudera egokitzeko gai ez izan arte.
- Egonaldiaren aurretik E bitaminako gehigarriak eta alpinismo jardueran burdina eta C bitamina hartzea funtsezkoa da.
- Gehigarri ergonutrizional gisa, edari isotonikoak, glizerola, kafeina, aaR, omega 3 gantz-azidoak eta Ginkgo Biloba eraginkorrak izan daitezke.
- MGAri aurre egiteko, gehigarriak (Ginkgo Biloba), diuretikoak, analgesikoak eta, azken beltzean, kortikoideak erabiltzen dira, baita inmunomoduladoreak ere. Azetozalamida sendagai eraginkorrena da, MGA saihesteko.
- Desnutrizio egoeretan, nutrienteen, laguntza ergonutrizionalen eta sendagaien arteko elkarreraginak handiagoak izan daitezke, arriskutsuenak gehigarri hodi-zabaltzaileen (omega3, ginkgo biloba, berakatz perlak, oxido nitrikoaren aitzindariak eta azido azetilsalizilikoa) artean agertzen direnak direla.
- Diuretikoak (azetozalamida) eta kortikoideak  (prednisona edo dexametasona) ez nahastea gomendatzen da.

Aipamen bibliografikoa
URDAMPILLETA, A. eta GÓMEZ-ZORITA, S. (2014): "Aspectos ergonutricionales e interacciones fármaco-alimentarias en el alpinismo/Nutritional ergogenics aspects and drug-food interactions in mountaineering" in Revista Internacional de Medicina y Ciencias de la Actividad Física y el Deporte. Argitaratu zain.