euskaraespañol

UPV/EHUk Graduondoko Ikasketen Plan Estrategikoa onartu du

Dokumentua oinarrizko tresna izango da, datozen urteetan graduondoko ikasketen eskaintza garatzeko

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/11

Gaur, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak baiezpenez onartu du Graduondoko Ikasketen Plan Estrategikoa (2010-2017). Plana egungo graduondoko eskaintzaren azterketa sakon eta xehearen emaitza izan da, eta etorkizunean ikasketa horiek birmoldatzeko irizpide berriak ezartzeko premiari erantzun dio.

Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak gidatutako lan hau gogoeta prozesu baten baitan egin da, non unibertsitateko kideek eta euskal gizartearen ordezkariek parte hartu duten. Helburua izan da estrategia bat finkatzea, epe luzera kalitatezko eskaintza iraunkor bat osatzera eramango gaituena. UPV/EHU "unibertsitate publikoa, ikerketan diharduena, euskal gizartean errotua, munduari irekia, aitzindari intelektuala eta konpromiso etiko eta soziala daukana" unibertsitate gisa definitzen dela kontuan hartuta, proiektuaren helburua da graduondoko prestakuntza integrala, malgua eta kritikoa ematea, euskal gizartearen premietara egokituko dena, sorkuntza, ekintzailetza, enplegagarritasuna eta konpromiso etikoa eta soziala bultzatuko dituena, kalitatezko ikerketa indartuko duena eta nazioartean erakargarria izango dena.

Horrekin batera, "Iraunkortasun Baldintza" batzuk ezarri dira, graduondoko titulu guztiek bete beharrekoak: a) Master Ofizialak emateko gutxieneko ikasle kopurua; b) Master Ofizialetan hautazko kredituen eskaintza egokitzea, matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera; eta, c) Master Ofizialen eta Doktorego Programen arteko gainezarpenak ezabatzea.
Plana UPV/EHUk eskainitako graduondoko ikasketen modalitateen gainean egituratzen da, alegia:

1. Master Ofizialak. Horren barruan daude Lanbiderako Ahalmena ematen duten masterrak eta Master eta Doktoregoko Eskolara atxikitako master ofizialak.

2. Doktorego Programak.

3. Berezko Tituluak.

Hiru Ardatz estrategiko definitu dira, eta, horietako bakoitzaren barruan, hainbat helburu eta ekintza finkatu dira. Horien bidez, graduondoko eskaintza modelatuko da, eta gizarte eta ekonomiaren beharretara, horien bilakaerara, eskura dauden baliabideetara eta unibertsitateak hasi behar duen nazioartekotze prozesura egokituko. Ardatzak honako hauek dira:

1. Ikerketa eta Prestakuntza (kalitatezko prestakuntza eskaintzea, jakintzaren arlo guzietan eta gizartearekiko konpromiso argi batez).

2. Lurraldearekiko Lotura (ekoizpen ehunaren, gizarte-erakundeen eta, oro har, euskal gizartearen beharrak kontuan hartuz, eta jakintzaren transferentzia, ekintzailetza eta enplegagarritasuna hobetuz).

3. Nazioartekotzea (Nazioartean erakargarria izango den eskaintza bat sortzea, bikaintasuneko ikertzaileak eta ikasleak erakartzea ahalbidetuko duena).

Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Nekane Balluerkaren iritziz "graduondoko ikasketak berriro definitzea UPV/EHUren elementu estrategikoetako bat izango da, datozen urteetan. Testuinguru global berri batean bizi gara, non unibertsitate guztiak nazioartean lehiatzen diren eta "merkatu gatibuak" desagertzen joango diren. Graduondoko eskaintzak unibertsitatearen benetako neurria emango du; haren berezkotasuna eta bikaintasun maila".

2013ko ekitaldiaren urteko kontuak onartzea
2013ko ekitaldiaren urteko kontuak EAEren Kontabilitate Publikoko Plan Orokorraren arabera egindako lehenak izan dira, eta horietan jasotzen dira, hala aurrekontuaren emaitza nola ekonomia-ondarearen emaitza. Hasierako aurrekontua 392.745.000 €-koa izan zen. Hasierako aurrekontuaren kopurua, ordea, aldatzen joan zen ekitaldian, aurreko ekitaldietatik sartutako soberakinen bidez (105.114.000 €) eta aurrekontuan sartu gabeko eta kanpotik jasotako funtsen bidez (36.650.000 €). Hala, behin betiko kreditua 534.509.000 €-koa izan zen. Gastuen aurrekontuaren kargura onartutako betebeharrak 425.868.000 €-koak izan dira; hots, exekuzioaren % 79,67, ekitaldiaren behin betiko kredituaren gainean. 2013ko sarreren aurrekontuan, 422.436.000 €-ko eskubideak onartu dira, 534.509.000 €-ko behin betiko kredituaren aurrean; hartara, exekuzioa % 79,03 izan da. Amaitzeko, aurrekontuaren emaitzak 116.000 €-ko soberakina eman du.