euskaraespañol

Eguneko irudia

Usaimena apetituarekin lotzen duen garuneko mekanismoa aurkitu dute

Usaimen-erraboilaren CB1 errezeptoreak estimulatzen du usaimen-pertzepzioa hartzailea baraurik dagoela, UPV/EHUko zenbait ikertzaile ere partaide izan dituen ikerketa baten arabera

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/10

Irudia

Usaimen-erraboileko 1 motako errezeptore cannabinoide bati loturik dago goseak edo baraurik gaudela jakiren bat usainduz gero normalean baino gehiago jateko joera, UPV/EHUko ikertzaile bat zuzendarikide izan eta Nature Neuroscience aldizkariak gaur argitaratu duen ikerketa baten arabera. Obesitatea eta anorexia (besteak beste) eragiten dituzten elikadura-asalduren tratamendu farmakologikorako baliagarri izan litezke errezeptore horiek, ikerlanak dioenez.

Normala izan ohi da organismoaren barne-egoerak zentzumenen pertzepzioari eragitea eta, horrenbestez, portaera jakin bat eragitea. Prozesu horietatik, ezagunenetako bat hau dugu: goseak areagotu egiten du usaimena, elikagaiak bilatzen eta ahoratzen lagun diezagun. Alabaina, orain artean ez zegoen argi zer mekanismo zerebralek kontrolatzen zuen gosearen, usaimenaren eta jakiak hartzearen arteko lotura. Nazioarteko ikertzaile-talde batek egin duen azterketak argitu ditu lotura horren nondik norakoak. UPV/EHUko Neurozientziak Saileko ikertzailerik ere jardun da talde horretan.

Ikerketa hau egin aurretik ere, dena den, gauza jakina zen sistema cannabinoideak bazuela loturarik fenomeno horiekin. "Gauza jakina da janik ezak, edo barauak, areagotu egiten duela cannabinoide endogenoen maila ugaztunen zerebroan, eta sistema kannabinoidea osagai garrantzitsua duela energia-orekaren erregulazioak", dio Pedro Grandesek, UPV/EHUko Neurozientziak saileko ikertzailea eta ikerkata honen zuzendarikidea, Bordeleko Unibertsitateko Giovanni Marsicanorekin batera.

Lipidoak dira cannabinoide endogenoak, eta neuronen jardueraren eraginez sortzen dira, hau da, sistema aktibatzen denean. Prozesu horietan jarduten den cannabinoide endogeno mota, non eragiten duen eta zer ondorio ekartzen dituen aurkitu dute azterketa -saguekin- egin duten ikertzaileek.   Hona zer dioskun Grandesek: "Goseak gaudenean, cannabinoide endogeno espezifiko bat sintetizatzen da (anandamida), zeinak errezeptore jakin bati eragiten dion, CB1-i, alegia. Nerbio-terminal jakin batzuetan egoten dira errezeptoreok, usaimen-erreboilean. Eszitazio-transmisio sinaptikoa erregulatzea da terminal horien eginkizuna.

Cannabinoidek erraboileko CB1 errezeptore horiei eragiten dietenean, murriztu egiten da kortex zerebraleko usaimen-eremuek igortzen duten eszitazio-komunikazioa, zeinak usaimen-erraboileko geruzarik barnekoenean amaitzen baitu.   Hori dela eta, hobetu egiten da usaimen-erraboilaren parean dauden funtzio intrintseko guztien jarduna. Usaina atzematen duten zelulek, adibidez, hobeto transmititzen dute hura; horrenbestez, areagotu egiten da usaimenaren pertzepzioa"

Esperimentuak sagu mutanteekin
Lau urte iraun du ikerketa honek, eta pixkanaka iritsi dira aurkikuntzak. Hasieran, CB1 errezeptoreak garunean duen banaketa zehaztu zuten ikertzaileek. Eszitazio-terminaletan aurkitu zituzten CB1 errezeptoreak.
Ondoren, CB1 errezeptorearen funtzioaren karakterizazioa egin zuten aipatutako mekanismoetan: goseak gaudenean, usaimenaren pertzepzioan eta janaria ahoratzean. "Mekanismo horietan CB1 errezeptorea beharrezkoa dela ohartu ginen, farmakologikoki blokeatu edo genetikoki ezabatuz gero (mekanismo horiek gabeko saguak sortuz) gutxiago jaten baitzuten saguek goseak zeudenean", dio Grandesek.

Gero, egiaztatu egin zuten CB1 errezeptorearen funtzio hori errezeptore hori ez zeukaten baina "zenbait manipulazio genetikoren bidez" espresarazi zieten saguetan ere, azaldu digu ikertzaileak. "Esperimentu haietan ikusi genuenez, berriz ere gehiago jaten zuten sagu horiek aipatutako neurona-bidean (kortex zerebraletik usaimen-erreboilera proiektatzen duena) CB1 errezeptoreak baldin bazituzten. Halaber, in vivo egindako zenbait azterketak berretsi egin zuten CB1 errezeptoreak duen eragina sagua gehiago jatera bultzatzen duen mekanismoan.

Azkenik, ohartu ziren ikertzaileak fenomeno horiek ez dituztela cannabinoide endogenoek bakarrik eragiten, hots, organismoak berak sortzen dituen haiek soilik.. "Sagu horiei injektatu zitzaien cannabinoide exogeno batek ere (THC, cannabisaren osagai psikoaktiboa) areagotu egin zien usaimenaren eta apetituaren pertzepzioa. Baraurik egon behar du, beti, hartzaileak efektu hori lortzeko; saguak aserik zeudela, ez zuen funtzionatzen mekanismoak", adierazi digu UPV/EHUko ikertzaileak.

Ikerketa hau alor klinikora eramanez gero, zenbait elikadura-asalduraren aurkako tratamenduak sortzeko baliagarri izan litezke. "Anorexia pairatzen dutenen artean, elikagaiak hartzea estimulatuko genuke, mekanismo horiek bultzatuz. Aitzitik, obesitatea dutenen artean, CB1 errezeptore horien funtzioa murriztea litzateke helburua, usaimenaren pertzepzioa jaitsi eta, hartara, gutxiago jan dezaten goserik daudenean"

Informazio osagarria
Ikerketa hau zenbait unibertsitate eta ikerketa-zentrotako diziplina anitzeko ikertzaile-talde batek egin du, UPV/EHUkoez gain: Neurocentre Magendie (Frantzia), Bordeleko Unibertsitatea (Frantzia), Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Pasteur Institutua (Paris, Frantzia), CNRS (Frantzia), Parisko Diderot & Sud Unibertsitatea (Frantzia), Johannes Gutenberg Unibertsitatea (Alemania), Westfaelische Wilhelms-Universitaet (Alemania), Bolognako Unibertsitatea (Italia), INRA (Frantzia). Lankidetza handi hori beharrezkoa izan da esperimentuak egiteko askotariko teknikak behar izan direlako, hala nola teknika anatomikoas, fisiologikoas, animalien manipulazio genetikoa egiteko beharrezkoak, optogenetikako teknikak, eta abar.

Erreferentzia bibliografikoa
E. Soria-Gómez, L. Bellocchio, L. Reguero, G. Lepousez, C. Martin, M. Bendahmane, S. Ruehle, F. Remmers, T. Desprez, I. Matias, T. Wiesner, A. Cannich, A. Nissant, A. Wadleigh, H. C. Pape, A. P. Chiarlone, C. Quarta, D. Verrier, P. Vincent, F. Massa, B. Lutz, M. Guzmán, H. Gurden, G. Ferreira, P. M Lledo, P. Grandes, G. Marsicano. 2014. "The endocannabinoid system controls food intake via olfactory processes". Nature Neuroscience.  doi:10.1038/nn.3647