IRAKASKUNTZA BETEBEHARRAK EZ BETETZEA

UPV/EHUko ikasleen arautegia

V. TITULUA. IRAKASKUNTZAREN EBALUAZIOA

III. KAPITULUA. IRAKASKUNTZA BETEBEHARRAK EZ BETETZEA

73. artikulua.– Irakaskuntza betebeharrak bete ezean hartu beharreko neurriak.

1.– Ikastegiko eta saileko zuzendaritzek gainbegiratu beharko dute, Ikuskaritza Zerbitzuarekin elkarlanean, irakasleek beren irakaskuntza betebeharrak betetzen dituztela.

2.– Dekanotzek eta ikastegiko zuzendaritzek, berriz, kalifikazioak aurkezteko epeak betetzen direla egiaztatuko dute. Hala badagokio, epeak betetzeko eskatuko diete irakasleei, eta, bete ezean, horren berri emango diote irakasleen arloko errektoreordetzari, erantzukizunak eska ditzan.

3.– Arautegi honen 1. eranskinean jasota dago Kexak Izapidetzeko Protokoloa, ikasleek jarraitu beharrekoa irakasleen kontrako kexarik jarri nahi izanez gero irakaskuntza betebeharrak ez betetzeagatik.

4.– Irakaskuntza oztopatzen duen egoera baten berri izan bezain laster, sailetako edo ikastegietako zuzendaritzek, edo arauei jarraikiz haien ordez izendatutakoek, behar diren neurriak hartuko dituzte normaltasunera itzultzeko. Bereziki, dekanoek eta zuzendariek behar diren neurriak hartuko dituzte, ahal bezain laster eta lehentasunez, proba ofizialak aurreikusitako egunetan egin daitezen.