IKASLEEN EBALUAZIOA

UPV/EHUko ikasleen arautegia

V. TITULUA. IRAKASKUNTZAREN EBALUAZIOA

I. KAPITULUA. IKASLEEN EBALUAZIOA

67. artikulua.– Printzipio orokorrak.

UPV/EHUko Estatutuetako 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, titulu honetan ikasleak ebaluatzeko araudiak errespetatu beharreko printzipioak ezarriko dira, ikasleen errendimendu akademikoa era objektiboan ebaluatuko dela eta kalifikazioak berrikusteko eskubidea bermatuko dela ziurtatzeko. Xede horrekin, ikasleen errendimendu akademikoaren ebaluazioa irizpide publiko eta objektiboen arabera egingo da, eta, ahal dela, etengabeko ebaluazioa egingo da; izan ere, etengabeko ebaluazioa hezkuntzaren erantzunkidetasunerako bitartekoa da, eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren elementu bat, ikasle bakoitzari bere ikaskuntza prozesuaren berri ematen diona.

68. artikulua.– Ebaluazio metodoak.

Gardentasuna eta ekitatea bermatzearren, ebaluazio sistema edo tresna bakoitzean erabilitako irizpideak argi eta garbi azaldu eta argitaratu beharko dira.

Edonola ere, aurretik ezarritako irizpideen arabera egin beharko da beti ebaluazioa.

69. artikulua.– Ebaluazioaren edukia.

1.– Ikasleek ekitatez eta zuzentasunez ebaluatuak izateko eskubidea dute, eta jasotako irakaskuntzaren mailaren arabera. Irakasgaiaren edo gaiaren ebaluazioa ezin izango da egin irakasleak eman ez dituen edukiei buruz, hasierako programan horiek jasota egon arren.

Ekitatea bermatzearren, irakasgai edo gai bateko irakaskuntza gidetan ebaluazio irizpide komunak ezarriko dira Ikasle talde guztietarako.

2.– Ebaluazio probak egokitu beharko dira dibertsitate funtzionala duten ikasleen premietara, eta sailek eta ikastegiek horretarako behar diren moldaketak egingo dituzte metodologiari, denborari eta espazioei dagokienez. Egokitzapen horiek gorabehera, proben edukia eta eguna ez dira aldatuko.

3.– Ikasleek eskubidea izango dute ebaluazio probak egin izanaren ziurtagiria jasotzeko, probak amaitu ondoren.

4.– Ikasleak iruzur egingo balu ariketaren batean, «suspentso» kalifikazioa izango luke ariketa horretan, izan litzakeen bestelako erantzukizunez gain.

70. artikulua.– Ebaluaziorako lanak eta praktiken memoriak.

1.– Lanak eta praktiken memoriak entregatzeko data ikasleekin hitzartuko da, eta zereginok proposatzen diren une berean zehaztuko da. Nolanahi ere, haiek ebaluatzeko data behar besteko aurrerapenaz ezarriko da, ikasleak berme guztiekin aurkez daitezen ebaluazio probara, eskubide duten bezala.

2.– Unibertsitateak porftolio edo dosierraren erabilera bultzatuko du. Euskarri material bakarra duten praktiken memoriak eta lanak hurrengo ikasturtera arte gordeko ditu irakasleak. Ikasketen gestiorako arautegiak horretarako kontuan hartu beharreko data ezarriko du, baita ikasleari emango zaion epea ere memoriak eta lanak itzultzea eskatzeko. Epe hori igarotakoan lanak edo memoriak itzultzeko eskatu ez badu edo jaso ez baditu, suntsitu egingo dira.

3.– Lanak eta memoriak xede hertsiki akademikoez bestelako helburuetarako osorik edo zatika argitaratu, erreproduzitu edo erabili nahi badira, egilearen edo egileen berariazko baimena beharko da, jabego intelektualaren legeriari jarraikiz.

4.– Karrera amaierako proiektuak, gradu eta master amaierako lanak eta doktorego tesiak dagozkien arautegi espezifikoen arabera arautuko dira.

5.– Lan horien ondorioz eginiko argitalpenak, bereziki doktoregoari lotutakoak, jabego intelektualaren araudiari lotuko zaizkio.

71. artikulua.– Erantzun zuzenei buruzko informazioa.

Ebaluazioa hezigarria izan beharko da, eta ikasleei informazio eta argibide egokiak eskaini beharko dizkie gaitasunetan lortu duten mailaz eta ikaste prozesuan egin beharreko hobekuntzez. Ebaluazio proba bakoitzaren ondoren, saileko irakasleek galderen erantzun zuzenak jakinaraziko dituzte, ikasleek probari ahalik eta etekin handiena atera diezaioten.

72. artikulua.– Kalifikazioen argitalpena eta kalifikazioen berrikuspena irakaslearen edo epaimahaien aurrean.

1.– Kalifikazioen argitalpena. Irakasle arduradunak irakasgaiaren edo gaiaren azken kalifikazioak argitaratuko ditu, aplikagarria den ebaluazio- arautegian ezarritako moduan eta epean. Informazio hori eta kalifikazioak berrikusteko tokiak irisgarriak izan beharko dira desgaitasuna duten ikasleentzat. Edonola ere, argitaratze data argi agertu beharko da, kalifikazioak berrikustea eskatzeko epea zenbatzeari begira. Berrikuspena pertsonala eta banakakoa izango da, eta ikasleari behar diren azalpenak emango zaizkio, ahoz, kalifikazioaren inguruan, kasuan kasuko egokitzapenak eginda desgaitasuna duten ikasleentzat. Ebaluazioa epaimahai batek egiten badu, ikasleak eskubidea izango du bere ariketak epaimahaiaren aurrean berrikusteko. Edonola ere, kalifikazioak berrikusteko epea lehenago amaituko da ikasketen gestiorako arautegian aktak ixteko eta argitaratzeko ezarritako epea baino.

2.– Irakasleek kalifikazioak bidaltzea.

Aktaren ardura duen irakasleak dena delako arrazoiengatik sinatu ezin balu, irakasgaiaren edo gaiaren ardura duen sailak ordezko irakasle bat izendatuko du akta sinatzeko.