UPV/EHUko ikasleen arautegia
I. TITULUA. IKASLEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
II. KAPITULUA. IKASLEEN BETEBEHARRAK
13. artikulua.– Ikasleen betebeharrak.
Unibertsitateko kideak direnez, UPV/EHUko ikasleek, gainerako ordenamenduan aitortutakoez gainera, honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– UPV/EHUko Estatutuak eta gainerako arautegiak ezagutzea eta betetzea. Bereziki, segurtasunari eta osasunari buruzko barne arauak ezagutu eta bete beharko dituzte, batik bat, praktika laborategien erabilerari eta ikerketa inguruneei buruzkoak.
2.– Gainerako pertsonen eskubideak errespetatzea, eta UPV/EHUko Estatutuen, arautegi honen eta gainerako arau juridikoen arabera jardutea.
3.– Gainerako pertsonekin errespetuz jokatzea, inor baztertu gabe.
4.– Dagozkien egitekoak bere gain hartzea profesionaltasunez, eta unibertsitateko beste kideekin lankidetzan jardutea, UPV/EHUren helburuak lortzeko eta haren funtzionamendua hobetzeko.
5.– Hauteskunde edo izendapen bidez eskuratutako karguak arduraz eta erantzukizunez betetzea.
6.– Parte hartzen duten kide anitzeko organoen jardun eta erabakien ematea beste ikasleei, bai eta beren jardunaren berri ere, betiere organooi zor dieten zuhurtziaz eta diskrezioaz.
7.– Partaide diren kide anitzeko organoen bileretan esku hartzea, modu aktiboan eta erantzukizunez.
8.– UPV/EHUren xedeak eta funtzionamendua hobetzen laguntzea.
9.– UPV/EHUren edo haren erakunde lankideen ondarea, ondasunak, baliabide materialak eta instalazioak behar bezala erabiltzea eta zaintzea.
10.– Justifikaziorik gabeko tratu berezirik edo pribilegiorik ez onartzea.
11.– UPV/EHUren edo haren organoen izena, sinboloak eta ikurrak errespetatzea eta zuzen erabiltzea.
12.– UPV/EHUren ekitaldi akademikoak errespetatzea, beren adierazpen eta manifestazio askatasuna horregatik urritu gabe.
13.– Ez baztertzea inor –ez unibertsitateko kiderik ez erakunde lankideetako edo unibertsitatean zerbitzua ematen duten enpresetako langilerik– adina, sexua, arraza, erlijioa, sexu orientazioa, genero identitatea, desgaitasuna edo beste edozein ezaugarri edo egoera pertsonal dela kausa, eta aktiboki eragoztea halako bazterketarik gertatzea.
14.– UPV/EHUren xedeak eta funtzionamendua hobetzen laguntzea.
15.– Ikastea, eta beren prestakuntza osatzeko lagungarriak diren jarduera akademikoetan parte hartzea. Doktoregoko ikasleen kasuan, ikertzea.
16.– Parte hartzen duten ebaluazio prozesuetan erantzukizunez jokatzea eta objektiboak izatea, unibertsitateko jardueren kalitatea hobetzeko helburua izanik, eta UPV/EHUko ebaluazio probetan edo dokumentu ofizialetan iruzurrik ez egitea edo halakorik egiten ez laguntzea.
17.– Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan subjektu aktibo gisa parte hartzea, ezarritako prozedurak eta epeak errespetatuz.
18.– Esku hartze sozialerako eta garapenerako lankidetzarako jardueretan parte hartu nahi izanez gero, jarduerok ondo egiteko antolatzen diren prestakuntza saioetara joatea.
19.– UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatzeko araudiek emandako gainerako guztiak.