Unibertsitateko Ikasleen Estatutua
XIV. KAPITULUA. IKASLEEN JARDUERAK GIZARTE PARTAIDETZAREN ETA GARAPENERAKO LANKIDETZAREN ARLOAN
64. artikulua.- Printzipio orokorrak.
1. Unibertsitateak gizarte partaidetzaren eta garapenerako lankidetzaren arloan egin beharreko lana oso lotuta dago unibertsitatearen beraren jarduera eremuarekin, hain zuzen irakaskuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentziarekin. Gai horiek oinarrizkoak dira ikasleen prestakuntzarako alde batetik, eta giza garapena eta garapen jasangarria tokiko mailan edo maila unibertsalean lortzea mehatxatzen duten arazoak hobeto ulertzeko bestetik. Gainera, aholkularitza zientifikoa eta profesionala, bai eta unibertsitateko kideen eta ingurukoen sentsibilizazioa ere, unibertsitateak arlo horietan dituen oinarrizko konpromisoak dira.
2. Konpromiso horien adierazgarri direla ulertuta, ikasleek gizarte partaidetzari eta garapenerako lankidetzari lotuta dituzten eskubideak eta betebeharrak honako hauek dira:
a) Unibertsitateak planifikatutako gizarte partaidetzako eta garapenerako lankidetzako jardueretan parte hartzeko eskubidea. Jarduerok argitara eman beharko dira kasuan kasuko aukeraketa irizpideekin.
b) Unibertsitateak sinatutako lankidetza hitzarmenen esparruan gizarte partaidetzako eta garapenerako lankidetzarako jarduerak egiteko doako prestakuntza jasotzeko eskubidea.
c) Gizarte partaidetzako eta garapenerako lankidetzarako jardueretan parte hartzeko eskatu bada, jarduera horiek behar bezala gauzatzeko antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea betebeharra.
d) Bere jarduerak burutzeko gaitzen edo identifikatzen duen boluntario eta/edo lankide akreditazioa izateko eskubidea.
e) Gizarte partaidetzako jardueretan eta jarduera boluntarioetan emandako zerbitzuak egiaztatzen dituen unibertsitatearen ziurtagiri bat jasotzeko eskubidea. Ziurtagirian agertuko dira ikasleak boluntario edo lankide moduan emandako zerbitzuen data, iraupena eta izaera.
3. Unibertsitateek sustatu egin beharko dute practicuma (titulazio batzuetan nahitaezkoa eta beste batzuetan borondatezkoa dena) garapenerako lankidetzako eta gizarte partaidetzako proiektuetan egitea, ikasleek euren ikasketa aldian lortutako gaitasunak erabili ahal ditzaten. Horrek barne hartzen du gai hauetan lortutako prestakuntzaren aitorpena lortzeko ikasleek duten eskubidea. Halaber, gizarte eta hiritarrekiko erantzukizuneko praktikak sustatuko dituzte, titulazio desberdinetako ezagutza akademikoak eta bizi kalitatea hobetzera eta gizarte inklusiora bideratutako komunitate zerbitzuak uztartuko dituztenak.
4. Garapenerako lankidetzako eta gizarte partaidetzako proiektuetan ezgaitasunen bat duten ikasleek parte har dezatela sustatuko da.