Breadcrumb

UIE-X-KAPITULUA

Unibertsitateko Ikasleen Estatutua

X. KAPITULUA. ELKARBIZITZA AKTIBOA ETA UNIBERTSITATEAREN ERANTZUKIDETASUNA SUSTATZEA

44. artikulua. Elkarbizitza sustatzea.

Unibertsitate bakoitzeko errektoreari dagokio unibertsitateko kideen elkarbizitza eta haien eskubide eta betebeharren errespetua sustatzeari buruzko erabakiak hartzea.

45. artikulua. Unibertsitatearen erantzukidetasuna.

1. Unibertsitate bakoitzak erantzukidetasun batzordeak sortu ahalko ditu bere ikastegietan. Batzorde horiek osatuko dituzte irakasleek, ikasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek.

2. Batzorde horien helburua izango da analisia, eztabaida, kritika eta proposamenak egitea honako hauei buruz: batetik, etika, kultura eta gizartearekin lotutako arrazoiak direla-eta unibertsitateko kideen ekarpenak jaso ditzaketen gaiak eta bestetik, unibertsitateari berari eragiten dietenak, unibertsitatea irakaskuntzako eta elkarbizitzako espazioa den aldetik. Batzorde hauek ez dira zehatzaileak izango.

46. artikulua. Unibertsitateko arartekoa.

1. Unibertsitateko organo eta zerbitzuen jardueren aurrean irakasleen, ikasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen eskubideak eta askatasunak errespetatzen direla zaintzeko, 6/2001 Lege Organikoaren hamalaugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraiki, unibertsitateek unibertsitateko arartekoaren irudia sortuko dute beren egituran. Arartekoaren jarduerak, betiere unibertsitatearen kalitatea bere esparru guztietan hobetzera bideratuak, ez dira inolako unibertsitate organoen aginduen menpe egongo eta independentzia eta autonomia printzipioek gidatuko dituzte.

2. Unibertsitateko arartekoek bitartekaritza eta adiskidetze lanak eta jardunbide egokiei dagozkienak hartu ahalko dituzte beren gain unibertsitateetako estatutuetan eta horiek garatzeko xedapenetan zehaztutakoaren arabera, eta bereziki bizikidetasuna, etikaren kultura, erantzukidetasuna eta praktika onak bultzatuko dituzte.

3. Unibertsitateko arartekoek aholkuak emango dizkiete ikasleei erreklamazioak egiteko dauden administrazio prozedurei buruz, beste administrazio organo batzuen eskumenei kalterik egin gabe.

4. Ikasleek unibertsitateko arartekoarengana jo ahalko dute euren eskubideak eta askatasunak urratzen direnean, unibertsitateen estatutuetan eta horiek garatzeko xedapenetan zehaztutakoari jarraiki.

5. Ikasleek unibertsitateko arartekoarekin lankidetzan jardungo dute, banaka edo, hala dagokionean, beren ordezkarien bitartez, unibertsitateek ezarritako baldintzak errespetatuz eta haiek emandako bideak erabiliz.