UIE-IX-KAPITULUA

Unibertsitateko Ikasleen Estatutua

IX. KAPITULUA. IKASLEENTZAKO BEKAK ETA LAGUNTZAK

40. artikulua. Beken eta laguntzen programen oinarrizko printzipioak.

1. Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoek eta unibertsitateek bermatu egin beharko dute ikasleek beken eta laguntzen programetan parte hartzeko eta egoera jakinetan babesa jasotzeko duten eskubidea. Horretarako programa eta deialdi orokorrak edo berezkoak garatu beharko dituzte, betiere, ikasle batek berak ere arrazoi ekonomikoak direla-eta unibertsitateko ikasketei uko egin behar ez izatearen printzipio orokorra errespetatuz.

2. Beken eta laguntzen programek, hala dagokienean, progresibotasunaren printzipioa aplikatuko dute. Hala, ikasle bakoitzari esleitutako zenbatekoak, kasu bakoitzean, bere egoera sozioekonomikoari eta bere benetako premiei egokituko zaizkie.

3. Beken eta laguntzen programek nahikotasun eta berdintasun printzipioak zainduko dituzte eta ikasleek onura akademikoa atera dezatela bultzatuko dute.

41. artikulua. Ikasleen parte hartzea.

1. Ikasleek, Unibertsitateko Ikasleen Estatuko Kontseiluaren bitartez, ikasteko beken eta laguntzen estatuko programen diseinuan parte hartuko dute eta, ikasleen ordezkaritzako kide anitzeko organoen bitartez, autonomia erkidegoetako eta unibertsitateetako programenean, kasu bakoitzerako zehaztutako baldintzen arabera.

2. Halaber, ikasleek bekadunak aukeratzeko unibertsitate bakoitzaren kide anitzeko organoetan parte hartuko dute unibertsitateek euren arautegietan jasotako ikasleen ordezkaritzako organoen bitartez.

42. artikulua. Beken eta laguntzen programak.

1. Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoek eta unibertsitateek, zeinek bere eskumenen barruan, ikasteko beken eta laguntzen programa orokorrak eta berezkoak arautu eta garatuko dituzte.

2. Legeak xedatutakoaren arabera, beka jasotzeko eskubidea izango dute ikasketa arautuak egiten ari diren eta kasuan kasuko deialdietan zehazten diren baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiek.

3. Bekak eta laguntzak jasotzen dituzten ikasleek horiek jasotzen jarraituko dute, ezartzen diren mugen barruan, unibertsitateko ikasle diren artean eta betiere, beka eta laguntza horiek eman izana justifikatzen duten arrazoiak aldatzen ez diren bitartean.

4. Halaber, beken deialdietarako ezartzen diren baldintzek kontuan izango dituzte ikasleak gainditutako kredituen haztapena, kasuan kasuko ikasketen zikloa bereiziz, eta dagokion jakintza adarreko errendimendu eta eraginkortasun tasak.

43. artikulua. Bermeak.

1. Beken politikaren kudeaketa berdintasun eta eraginkortasun printzipioetan oinarrituko da.

2. Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoek eta unibertsitateek, zeinek bere esparruan eta bakoitzak aplikatu beharreko arauei jarraiki, bekak eta laguntzak emateko espedienteak ahalik eta lasterren ebatziko dituzte.

3. Hezkuntza Ministerioak, Beken, Laguntzen eta Errendimendu Akademikoaren Behatokiaren bitartez, beken sistemak berdintasun eta eraginkortasun printzipioak errespetatzen dituela zainduko du eta ikasleek bertan parte har dezatela bermatuko du.