Unibertsitateko Ikasleen Estatutua
IV. KAPITULUA. IKASLEEN MUGIKORTASUNAZ
16. artikulua. Mugikortasun-programak.
1. Unibertsitateek mugikortasun-programak eskainiko dizkie ikasleei, maila nazional zein nazioartekoan, unibertsitateen arteko lankidetza sustatzeko sinatu beharreko komenioak sinatuz. Programa hauek titulazioaren beraren akademi prestakuntza eta ikasleen prestakuntza integralaren bestelako alorrak jasoko ditu, besteak beste, balioen prestakuntza zeharkakoa, enpleguari orientaturiko prestakuntza eta unibertsitateak bere printzipio eta helburuetan sustatuko lukeen beste edozein alor.
2. Halaber, unibertsitateek nazio eta nazioarteko mugikortasunerako programa espezifikoak sustatu ahal izango dituzte gradu-amaierako eta master-amaierako lanak egin daitezen, bai eta kanpoko praktikak egiteko ere, espainiar legerian atzerritartasunaz eta immigrazioaz ezarritako aurreikuspenak beti ere errespetatuz.
3. Oro harturik, mugikortasun-programak unibertsitate-irakaskuntzaren hiru zikloetako edozeinetan garatu ahal izango dira, gradua, masterra zein doktoregoan, alegia.
a. Graduko irakaskuntzako ikasleek mugikortasun-programetan hartuko ahal dute parte eta, lehentasunez, ikasketa hauen bigarren etapan.
b. Masterreko ikasketetako ikasleek mugikortasun-programetan hartuko ahal dute parte, gehien dela, seihileko batez 60 eta 90 kreditu bitarteko master-tituluetan; eta ikasturte oso batez, 90 eta 120 kreditu bitarteko master-tituluetan.
c. Nazioarteko doktoregoko irakaskuntzako ikasleek mugikortasun-programetan hartuko ahal dute parte beren doktorego-programaren ikerketa-aldian zehar. Egonaldi hauen luzera, beroriei dagokion arautegian ezarritakoa izanen da.
4. Ikasleen parte-hartzea erraztearren, unibertsitate-arloko eskumenik duten administrazioek eta unibertsitateek finantzaketa-sistemak bultzatuko dituzte, prestakuntza-egonaldiek edo titulazio-amaierako lanak edo kanpoko praktikak burutzeko aldiek eragindako gastuak estaltzen laguntzeko.
5. Ikasleek laguntza eta bekak eskuratu ahal izango dituzte, helburuko ikastegian egin beharreko egonaldirako lojamendu eta mantenu-gastuak ordaintzen laguntzeko, kasuan kasu legokiekeen mugikortasunerako laguntza-arautegiak ezarritakoarekin bat eginik. Laguntza hauek emateko, estatuko administrazio orokorrak eta autonomi erkidegoek kontratu-programak edo bestelako finantzaketa-formulak sustatu ahal izango dituzte unibertsitateekin, egonaldia egin beharreko herrialdearen benetako kostuetara moldatzeko eta progresibitatearen printzipioak aplikatuz.
17. artikulua. Aintzatespen akademikoa eta mugikortasuna.
1. Unibertsitateek, zeinek bere arautegiarekin bat etorrita, prozedura egokiak ezarri beharko dituzte mugikortasuneko programetan parte hartuko duten ikasleek, helburuko unibertsitatean hasi baino lehen, jakin dezaten, ikasketa-akordio edo kontratuaren bidez (berezko arautegi horretan aurreikusitako deituraren arabera), akademikoki zeintzuk irakasgai aintzat hartuko zaizkien jatorrizko unibertsitatean burutzen ari den titulazioaren ikasketa-planean.
2. Ikasleei irakasle tutore bat izendatuko zaie eta beronekin osatu beharko dute nazio edo nazioarteko mugikortasun-programari egokituko zaion ikasketa-akordio edo kontratua. Dokumentu honetan, jasoko dira, izaera lotesleaz, helburuko unibertsitatean garatuko diren akademi jarduerak eta jatorrizko unibertsitatekoekin izanen duten korrespondentzia; bai eta, halakorik behar izanez gero, europar kreditutan izanen duten balioespena eta jarduerok egiteko baldintzen ez betetzearen ondorioak ere.
3. Jakintza eta gaitasunak aintzatesteari dagokionez, unibertsitateek garatutako akademi jardueren hezkuntza-balio orokorrari begiratuko diote eta ez irakasgai eta programen arteko berdintasunari edo kredituen baliokidetza osoari.
4. Helburuko unibertsitatean burututako akademi jarduerak aintzatetsi eta ikaslearen espedientean sartuko dira jatorrizko unibertsitatean, egonaldia behin amaitu ondoren edo, nolanahi ere, dagozkien akademi ikasturtearen amaieraz, kasuan kasu erdietsitako kalifikazioak zehaztuz. Xede honetarako, unibertsitateek kalifikazioen korrespondentzia-taulak ezarriko dituzte mugikortasunerako komenio bitariko bakoitzean.
5. Ikasleak parte hartu duteneko mugikortasun-programak eta bere akademi emaitzak, bai eta ikasketa-akordio edo kontratuan agertu ez baina helburuko unibertsitateak egiaztatu dituen jarduerak ere, Tituluaren Europar Gehigarrian jasoko dira.
18. artikulua. Minusbaliotasunik duten ikasleen nazio eta nazioarteko mugikortasuna.
Administrazioek eta unibertsitateek sustatu egingo dute ikasle minusbaliatuek nazio eta nazioarteko mugikortasun-programetan parte har dezaten, ezarri beharreko kupoak ezarriz, kasuan kasuko finantzaketa nahikoa bermatuz, bai eta informazio-sistemak eta ikasle hauentzako arreta-unitateen arteko lankidetza ere.