Komunikazioko GRALen BERRIA Saria: 2022/2023 ikasturteko ebazpena
Lehenengo argitaratze data: 2023/06/12
BERRIA egunkariak UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin elkarlanean, Komunikazioko GRALen II. BERRIA Sariketa antolatu du, eta Aitor Garmendia Etxeberria izan da irabazlea, “Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean” lanarekin.
Simón Peñak, Ainhoa Fernandez Arroyabek, Amagoia Mujikak, Eider Goenagak eta Ainara Lasak osatu dute epaimahaia. Sariduna izendatzeko epaimahaiak azpimarratu dituen arrazoiak hauek izan dira:
“Oso erreportaje sendo eta sakona da, errealitatea oso ikuspuntu eta ertz ezberdinetatik aztertzen duena eta dokumentazio lan mardul baten emaitza zinez ondo josia.
Bistaratzen du errealitate sozial bat ere, geroz eta hiritarragoa den gizarte honetan. Azpimarratzekoa da egileak lan grafikoari dagokionez, argazki originalen ekarpen esanguratsu eta interesgarria egin izana.
Narratibari dagokionez hizkuntzaren egokitasuna eta zuzentasuna bikainak dira.”
Ekainaren 22an egingo da sari ematea Bilboko Elkarte Filarmonikoan ospatuko den graduazio ekitaldian.