Masterraren gakoak
Sare Elektriko Adimentsuak (smartgrids) bi elementu bateratzetik sortzen dira: energia berriztagarri aldakorren iturrien integrazioa hobetzeko beharra (Sorkuntza Banatuarena bereziki) eta teknologia berrien garapena, IKTak eta potentzia elektronika batik bat.
Smartgrid-ei esker, modu eraginkor eta seguruan kudeatu daiteke elektrizitatea, elektrizitate ekoizpena, banaketa eta kontsumoa optimizatuz, ekoizleen eta kontsumitzaileen artean eskaintza eta eskaera orekatzeko helburuaz.
Master honen helburua da kualifikazio handiko profesionalak trebatzea, Smartgrid-en osagai nagusien kontrol eta kudeaketa sistemen diseinuan, integrazioan eta analisian. Horrela, erantzun egin nahi zaio sare elektrikoen eta sorkuntza banatuaren sektoreko enpresa eta zentro teknologikoen eskariari, nazioarteko dimentsio gero eta handiagoa duen testuinguru batean.
Horretarako, prestakuntza programak hainbat arlotako ezagutzak lantzen ditu: ereduztapen eta kontrolarekin lotutako teknikak eta metodologiak, IKTak, potentzia elektronika, energia gordetzeko sistemak, sare elektrikoak eta energiaren kudeaketan aplikatu beharreko Adimen Artifizialeko tresnak.
Gainera, ikasleek gaitasun hauek eskuratzen dituzte: aipatutako arloetan sortzen diren arazoak konpontzeko behar diren gaitasunak eta Smartgriden osagaien portaera ebaluatzeko gaitasuna, ebaluazio irizpide espezifikoen bitartez.
Master honek Unibasq-eko Nazioartekotze Zigilua du, ikasleen nazioartekotzea sustatu eta aitortzen duena.
Masterrak titulazio bikoitza lortzeko aukera ematen du École Superieure des Technologies Industrielles Avancées-ESTIA (Frantzia) unibertsitatearekin.