Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko elkarbizitza araudia

UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO BIZIKIDETZA ARAUTEGIA

ATARIKO TITULUA

1.artikulua – Helburua eta xedea.

1.- Arautegi honen xedea da Euskal Herriko Unibertsitateko bizikidetza arauak zehaztea, Unibertsitate Bizikidetzari buruzko 3/2022 Legean xedatutakoa betez.

2.- Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizikidetza Arautegiaren helburua da UPV/EHUn elkar ulertzeko bideak eta bizikidetza baketsua bultzatzea, baita balio demokratikoekiko, oinarrizko eskubideekiko eta askatasun publikoekiko errespetu osoa bermatzea ere. Horretarako, honako alderdi hauek sustatuko dira:

a) aniztasunarekiko errespetua eta tolerantzia, berdintasuna, inklusioa eta kolektibo babesgabeen aldeko ekintza positiboko neurriak;

b) adierazpen askatasuna, biltzeko eta elkartzeko eskubidea, irakaskuntzarako askatasuna eta katedra askatasuna;

c) indarkeria, diskriminazio edo jazarpen ororen ezabatzea, arrazoia edozein delarik ere: sexua, sexu orientazioa, genero identitate edo adierazpena, sexu ezaugarriak, jatorria, talde etnikoa, desgaitasuna, adina, osasun egoera, klase soziala, erlijioa edo sinesmenak, hizkuntza, edota beste edozein ezaugarri edo inguruabar pertsonal zein sozial;

d) hizkuntza eskubideen errespetua;

e) gardentasuna eta zintzotasuna jarduera akademikoetan;

f) unibertsitatearen ondasun eta baliabideen erabilera eta kontserbazioa, zerbitzu publiko gisa duen funtzioaren arabera;

g) espazio komunen errespetua, espazio digitalena barne;

h) unibertsitatearen izena eta ikurrak UPV/EHUk ezarritako protokoloen arabera erabiltzea.

2. artikulua - Ezarpen eremua.

1.- Eremu subjektiboa. Arautegi honen menpe egongo dira:

a) Unibertsitateko kideak: UPV/EHUko irakasle-ikertzaileak, ikasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak.

b) UPV/EHUtik kanpokoak izanik bertan zerbitzuak ematen dituzten enpresetako kideak.

c) UPV/EHUk ematen dituen zerbitzuen erabiltzaileak, UPV/EHUren campusetan lan egiten duten pertsonak, eta UPV/EHUk antolatzen dituen nahiz UPV/EHUren partehartzea duten jardueretako parte-hartzaileak.

2. Eremu espaziala. UPV/EHUren eremu publiko fisiko nahiz birtualean egiten diren jarduera indibidual zein kolektiboei aplikatuko zaizkie arautegi honen xedapenak, baita unibertsitatearen zerbitzu publikoa zabaltzeko egiten diren gainerako jarduerei ere, hala nola kanpoko praktikei, landa lanari eta antzeko jarduerei. 

3.- Halaber, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizikidetza Arautegia aplikatuko da UPV/EHUri atxikitako ikastegietan ere, betiere gobernu organoek, aplikatzekoak diren izapideak egin ondoren, berariaz adierazten badute arautegiari atxikitzen direla; horrelakoetan, horren berri eman behar diote errektoreari. 

I. TITULUA

Bizikidetza arauak

I. kapitulua.

Oinarrizko bizikidetza arauak

3.artikulua - Printzipio orokorrak.

1.- UPV/EHUko kide guztiek errespetu eta begirunezko tratua jasotzeko eskubidea dute, baita unibertsitateko gainerako kideei halako tratua emateko betebeharra ere (lanharremanak barne).

2.- UPV/EHUk kultura, hizkuntza eta pentsamendu aniztasunarekiko tolerantzia eta errespetua bultzatuko ditu, eta sinesmen, kultura eta iritzi ezberdinak dituzten pertsonen arteko bizikidetza baketsua sustatuko du, baita unibertsitateko kide guztien arteko elkarrizketa konstruktiboa ere, errespetu eta tolerantzian oinarritutako giroa sortzeko eta, horrela, ikasketa eta garapen integrala ahalbidetzeko.

Era berean, UPV/EHUk jokabide etiko eta zintzoa bultzatuko du jarduera akademiko eta profesional guztietan, osotasuna eta erantzukizuna bultzatzeko eta ezagutzarako sarbide askea sustatzeko.

3.- Aurreko atalean zehaztutakoa lortzeko, UPV/EHUn honako betebehar orokor hauek ezarriko dira, unibertsitateko bizikidetzari dagokionez:

Elkarrenganako errespetua: ikasleak, irakasle-ikertzaileak nahiz teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, baita 2.1 artikuluko b) eta c) ataletan adierazitako pertsonak ere, errespetuz eta kortesiaz tratatu behar dira une oro, 4.a) artikuluan adierazitako diskriminazio mota guztiak saihestuta.

Indarkeria, jazarpena eta diskriminazioa debekatzea, arautegi honetako 15. artikuluan adierazitakoa betez. Erabat debekatuta dago indarkeria fisiko, psikologiko nahiz ahozkoa, baita edozein motatako jazarpen eta diskriminazioa ere. Horrelako jokabiderik antzemanez gero, unibertsitateko agintarien aurrean salatzea eskatzen da.

Instalazioen erabilera arduratsua: ikasleek, irakasle-ikertzaileek nahiz teknikariek eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek, baita 2.1 artikuluko b) eta c) ataletan adierazitako pertsonek ere, arduraz erabili behar dituzte UPV/EHUren instalazio eta baliabideak, kalteak saihestuz eta erabilerari buruzko arau eta arautegiak errespetatuz.

Jabetza intelektualarekiko errespetua: erabat debekatuta dago egile eskubideen bidez babestutako lanak legez kanpo erreproduzitu eta banatzea, eta baliabide horien erabilera arduratsua sustatuko da. Beste inoren lanak erabiltzen direnean, iturria adierazi beharko da ezinbestean.

Unibertsitateko egunerokoan era aktiboan parte hartzea: unibertsitateko eguneroko bizitzan parte hartzen saiatuko dira unibertsitateko kideak, konpromiso soziala eta garapen pertsonala bultzatze aldera.

Sare sozialen erabilera arduratsua: era arduratsuan erabili beharko dira UPV/EHUk unibertsitateko kideen esku jartzen dituen sare sozialak eta sistema birtualak, eta erabat debekatuta egongo da horien bitartez informazio faltsua zabaltzea edota unibertsitateko kideak jazarri edo mehatxatzea.

4. artikulua – Bizikidetza arau orokorrak.

UPV/EHUk ez ditu jarraian adierazita dauden jokabideak onartuko, eta arautegi honetako 1.2 artikuluan zehaztutako helburuen kontrakotzat joko dira, eta organo eskudunak erantzukizunak eskatu ahal izango ditu, hala badagokio:

a) Unibertsitateko kideen, erakunde laguntzaileetako langileen edo UPV/EHUn zerbitzuak ematen dituzten pertsonen kontrako diskriminazioa, arrazoia edozein delarik ere: jaiotza, arraza edo etnia, sexua, erlijioa, sinesmen edo iritzia, adina, desgaitasuna, nazionalitatea, gaixotasuna, sexu orientazioa eta genero identitatea, egoera sozioekonomikoa, hizkuntza, joera politiko eta sindikala, itxura fisikoa, edota beste edozein ezaugarri edo inguruabar pertsonal zein sozial.

b) Pertsonen edo gauzen segurtasunaren kontra egitea, edota beharrezkoa ez den arriskua eragitea, baita arrisku egoerak eragin ditzaketen objektuak edukitzea ere. 

c) Zerbitzua behar bezala emateko aukera eragotzi edo oztopatzea eta, ondorioz, irakaskuntzari, ikerketari, ikasketari, administrazio kudeaketari, ekitaldi akademikoei edo hauteskunde prozesuei eragitea, adierazpen askatasunaren eta elkartzeko askatasunaren kalterik gabe.

d) UPV/EHUko esparruan nabarmen mozkorrik edota substantzia estupefaziente edo psikotropikoen eraginpean egotea.

Era berean, gizabanakoen askatasuna eta nortasunaren garapena errespetatu behar dituzte UPV/EHUko parte diren pertsona guztiek.

4.- Bizikidetza auetan jasoko da UPV/EHUn nola aplikatu eta interpretatuko den dagokion diziplina araubidea.

II. kapitulua.

Bizikidetza arauak UPV/EHUren ekitaldi eta jardueretan

5.artikulua – Bizikidetza arauak ekitaldi akademiko eta kulturaletan.

UPV/EHU osatzen duten pertsona guztiek dute unibertsitateko ekitaldi akademiko eta kulturaletan parte hartzeko eskubidea, unibertsitatearen berezko instalazioetan izan zein ez, betiere aplikatzekoak diren sarbiderako baldintzak betetzen badira. Halaber, oinarrizko bizikidetza arauetan jaso legez, parte-hartzaileek derrigorrean errespetatu behar dituzte ekitaldiaren garapen egokia eta gainerako parte-hartzaileak, adierazpen askatasunaren eta elkartzeko askatasunaren kalterik gabe.

6.artikulua – Bizikidetza arauak hauteskunde prozesuetan.

Debekatuta dago UPV/EHUn egiten diren hauteskunde prozesuen garapen egokia eragotzi edo oztopatzea.

7.artikulua – UPV/EHUren ondasun eta baliabideak erabiltzeko arauak.

1.- UPV/EHU osatzen duten pertsona guztiek egoki zaindu eta erabili behar dituzte unibertsitatearen nahiz erakunde emakidadunen instalazio, ondasun eta ekipoak, eta neurriz erabili behar dituzte ura, energia, komunikazioak eta haien eskura jarri diren gainerako baliabideak.

2.- Debekatuta dago UPV/EHUren ondasunak usurpatzea, legezko edukitza titulua iraungi ondoren atxikitzea, horiei kalteak eragitea eta haien erabilera arautzen duten xedapenak urratzea.

3.- UPV/EHUren izena eta ikurrak Gobernu Kontseiluak ezarritako araudiaren arabera soilik erabili ahal izango dira. 

III. kapitulua

Bizikidetza arauak jarduera akademikoen garapenean 

8.artikulua.- Parte-hartzea.

1.- Irakasgaian matrikulatuta dauden ikasleek soilik parte hartu ahal izango dute irakasgaiari lotutako jarduera akademikoetan. Jardueraren ardura duen irakasleak parte hartzeko baimena eman ahal izango die matrikulatuta ez dauden pertsonei, betiere ikastegiak eta unibertsitateak berak (behar besteko publizitatea eginez) ezarri dituen gidalerroen arabera. 

2.- Matrikula egina duten ikasleek eta irakaskuntza jardueran parte hartzen duten guztiek nortasuna agiriren bat erakutsi beharko dute, jardueraren ardura duen irakasleak hala egiteko eskatzen dien guztietan. Horretarako, indarreko araudiak xedatzen duenez, baliagarriak izango dira unibertsitateko txartela, NANa edo legez onargarria den beste edozein agiri.

9.artikulua.- Jokabidea.

1.- Jarduera akademiko batean parte hartzen duten guztiek, ikasle nahiz irakasleek, puntualak izaten saiatu beharko dute eskola hasi eta amaitzeko orduan.

2.- Jarduera akademikoak iraun bitartean, ezin izango da jan; ura soilik edan ahal izango da, eta onargarriak izango dira ohiko zenbait salbuespen.

3.- Jarduera akademikoetan parte hartzen duten ikasleek ezin izango dute jardueraren garapen egokia eragotzi edo oztopatuko duen ekintzarik egin. Bereziki, isilik egon beharko dira egoki den guztietan, jarduera akademikoaren arduradunak unean-unean ematen dituen jarraibideak kontuan hartuta.

10.artikulua - Gailu elektronikoen erabilera.

1.- Jarduera akademikoak iraun bitartean, isilik izan beharko dira sakelako telefonoak eta gailu elektronikoak (ordenagailuak, tabletak eta antzekoa), eta jarduera akademikoaren arduradunak baimendutako helburuetarako soilik erabili ahal izango dira.

2.- Jarduera akademikoak iraun bitartean, ezin izango da argazki edo audio nahiz bideo grabaziorik egin, salbu eta jardueraren ardura duten irakasleek eta argazki edo bideoan ager daitezkeen pertsonek hartarako baimena ematen badute berariaz.

11.artikulua - Etika akademikoa.

1.- Ikasleen ebaluazio probetan eta lanetan ezin dira iruzurrezko metodoak erabili eta, ondorioz, honako arau hauek bete beharko dira: 

a) Debekatuta dago lanak egiteko orduan edozein pieza intelektual osotasunean edo partzialki plagiatzea.

b) Azterketak edo ebaluazio probak egin bitartean, ezin izango da komunikatzeko edo datuak biltegiratzeko gailu elektronikorik erabili, ez bada probaren ezaugarriak direla-eta beharrezkoa dela eta irakasleek berariaz baimena eman dutela.

c) Ebaluazio probak egin baino lehen, ezin izango dira horien enuntziatuak iruzurrezko bideen bitartez eskuratu, ez norberaren ez besteren mesedetan.

d) Debekatuta dago egindako probak lapurtzea edo moldatzea, baita kalifikazioak jasotzen dituzten dokumentuak lapurtu edo moldatzea ere.

e) Probak iraun bitartean, debekatuta dago kopiatzea eta ikaskideekin informazioa trukatzea, edota norberaren ezagutzaren bitartez lortuko ez zatekeen emaitzarik dakarren beste edozein metodo erabiltzea.

2.- Artikulu honetan jasota dauden bizikidetza arauen artean dago, halaber, UPV/EHUko ebaluazio probetan eta lan akademikoetan jokabide makur eta iruzurrezkoak eragozteari eta etika akademikoari buruzko protokoloa.

3.- Irakasle eta ikertzaileek zorroztasun zientifikoarekin eta zintzotasunaren, esfortzuaren aintzatespenaren eta lankidetzaren printzipioen arabera egingo dute beren lana, besteen ezagutza modu irregularrean plagiatu eta baliatu gabe.

IV. kapitulua

Neurri espezifikoak

12.artikulua - UPV/EHUn oinarrizko bizikidetza arauak ezartzeko eta mantentzeko neurriak.

1.- Ikastegiko agintari akademikoek edo UPV/EHUko eraikin eta instalazioetako agintariek eta, premiazko kasuetan, ikertzaileek eta irakasleek nahiz teknikariek eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek neurriak hartuko dituzte honako egoera hauek saihesteko:

a)Pertsonen segurtasunaren eta gauzen osotasunen kontra egiten duten ekintzak.

b) Pertsonen osasunaren kontra egiten duten ekintzak.

c) Zerbitzua normaltasunez ematea eragotzi edo oztopatzen duten ekintza larri eta justifikatu gabeak, irakaskuntzari, ikerketari, ikasketari, administrazio kudeaketari, ekitaldi akademikoei edo hauteskunde prozesuei eragiten dietenak.

Horretarako, Unibertsitateko segurtasun-zerbitzuaren partaidetza eskatu ahal izango dute.

2.- Aurreko paragrafoan azaldutako ekintzen egileei jokabide okerrak eteteko beharrezkoak diren jarraibide edo debekuak helarazi ahal izango zaizkie, eta esparrutik kanporatuak ere izan ahalko dira.

3.- Bizikidetza lehengoratzeko behar beste denboraz soilik hartuko dira neurriok, egoki izan litekeen diziplina erantzukizunaren kalterik gabe.

4.- Gorabeheren partea egin beharko da, gertaeren eta behin-behinean ezarritako neurrien zerrenda xehatua jasota. Partea agintari akademikoek edo artikulu honetako lehen atalean adierazitako langileek egingo dute.

13.artikulua - Bizikidetza akademikoa mantendu eta lehengoratzeko neurriak.

1.- Jarduera akademikoaren ardura duen irakasleak ikasgela, laborategi edo kasuan kasuko espaziotik irteteko eskatu ahal izango die nortasun agiria erakutsi nahi ez duten pertsonei edo, nahiz eta erakutsi, jarduerarekin lotura duen irakasgaian matrikulatuta ez daudenei. 

2.- Irakasle arduradunak behar-beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izango ditu jarduera akademikoak emango direla bermatzeko, bizikidetza arauak urratzea saihesteko eta eskola edo irakaskuntza jardueraren funtzionamendu egokia oztopatzea ekiditeko. Horrelakoetan, aurreko artikuluko 4. atala aplikatuko da.

V. kapitulua

Gatazkak ebazteko neurri alternatiboak

14.artikulua -  UPV/EHUko Aldezlearen erakundearen bitartekaritza

1.- Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoan ezarritakoaren babesean, eta Aldezlearen Funtzionamendurako Arautegian xedatutakoaren arabera, gatazka batean nahasita dauden unibertsitateko kideek unibertsitateko edozein gairen inguruko bitartekaritza eta adiskidetze eskaria egin ahal izango diote Aldezlearen erakundeari, gatazka ebazte aldera.

2.- Aldezlea bitartekaritza edo adiskidetzeaz arduratuko da, artikulu honetako aurreko atalean adierazitako arautegiaren arabera, betiere honako printzipio hauei lotuta: borondatezkotasuna, konfidentzialtasuna, berdintasuna, inpartzialtasuna, fede ona eta elkarrekiko errespetua, errepresalien prebentzio eta debekua, malgutasuna, argitasuna eta gardentasuna.

3.- UPV/EHUko ikasleen diziplina-prozeduretan, bitartekaritza Unibertsitateko Bizikidetza Batzordearen aurrean egingo da.

II. TITULUA

Prebentzio neurriak, eta jokabide jakin batzuen aurrean eman beharreko erantzuna

I. Kapitulua

Indarkeria, diskriminazio eta jazarpenari lotutako prebentzio eta sentsibilizazio neurriak 

15.artikulua.- Xedapen orokorrak.

1.- Arautegi honen 1.2 c) eta 3.3 artikuluetan xedatutakoa betetze aldera, eta Tratu Berdintasunerako eta Diskriminaziorik Eza lortzeko 15/2022 Legean (uztailaren 12koa) xedatutakoari jarraikiz, UPV/EHUk ez du onartuko diskriminazioa, indarkeria edo jazarpena eragiten duen inolako jokabiderik, haren arrazoia edozein delarik ere: jaiotza, arraza edo etnia, sexua, erlijioa, sinesmenak edo iritzia, adina, desgaitasuna, sexu orientazioa edo identitatea, genero adierazpena, gaixotasuna edo osasun egoera, egoera serologikoa eta/edo patologia eta nahasmenduak izateko joera genetikoa, hizkuntza, egoera sozioekonomikoa, edota beste edozein ezaugarri edo inguruabar pertsonal zein sozial.

2.- Hartara, Tratu Berdintasuna eta Diskriminaziorik Eza lortzeko uztailaren 12ko 15/2022 Legeari jarraikiz, eskubide horren urraketatzat joko dira honako hauek: asoziazio bidezko eta erroreak eragindako diskriminazioa, zuzena nahiz zeharkakoa, diskriminazio anizkoitza edo intersekzionala, zentzuzkoak diren doikuntzak ukatzea, jazarpena, diskriminazio edo intolerantzia ekintzak eragitea edo agintzea, errepresaliak ezartzea, arau edo hitzarmen bidezko betebeharren ondorioz ezarritako ekintza positiboko neurriak urratzea, ekintzarik eza, funtzioen utzikeria, edo betebeharrak ez betetzea.

16. artikulua - Prebentzio eta sentsibilizazio neurriak.

1.- Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak, organo eskudunen bitartez, sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta prestakuntza bultzatzeko beharrezkoak diren jarduerak jarriko ditu abian, unibertsitate esparruan aniztasunaren eta berdintasunaren aitortza eta errespetua bultzatzeko, eta bere jarduketa eremuan pertsona guztiek tratu berdintasunerako eta diskriminatuak ez izateko duten eskubidearekiko erabateko errespetua sustatzeko, hori guztia kasuan-kasuan egoki diren eta unean-unean UPV/EHUn indarrean dauden berdintasun eta inklusio planetan nahiz euskararen plan gidarian ezarritakoarekin bat etorrita.

2.- Unibertsitateak balio demokratiko eta giza eskubideak izango ditu oinarri irakaskuntzan eta prestakuntzan, eta horien aldeko sentsibilizazioa sustatuko du, diskriminazioa eta tolerantzia eza elikatzen dituzten aurreiritzi, desinformazioak, doktrinamendu, fanatismo edo erradikalizazioak desagerrarazteko eta, era berean, estigmatizazioa, etsaitasuna, gorrotoa eta indarkeria bultzatzen dituzten jokabideak ezabatzeko. Bide horretan, pertsonen berezko duintasuna, berdintasuna, askatasuna, elkartasuna, justizia, tolerantzia, indarkeriarik eza, aniztasuna eta kulturartekotasuna oinarri dituzten jokabideak bultzatuko ditu.

3.- Titulu honetan jasotako xedapenen berri emango zaie unibertsitateko kide guztiei, baita UPV/EHUk dituen tresna juridikoen eta laguntzen berri ere, webgune instituzionalean behar besteko publizitatea eginda.

Era berean, indarkeria, diskriminazio eta jazarpenari aurre egiteko sentsibilizazio kanpainak zabalduko dira, eta unibertsitateko taldeentzako hitzaldiak, eztabaidak, tailerrak, mintegiak eta bestelako jarduerak antolatuko dira –berdintasun gaietan eskumena duen organoak zehaztutako maiztasunarekin– diskriminazio, indarkeria eta jazarpen egoerak erreproduzitzen dituzten patroi eta estereotipoak desmitifikatzeko eta horien inguruan sentsibilizatzeko. Bereziki, UPV/EHUko talde guztiei zuzendutako prestakuntza programa orokor nahiz espezifikoak antolatuko dira, unean-unean indarrean dauden berdintasun planean, UPV/EHUko inklusio planean eta euskararen plan gidarian xedatu legez.

4.- Aurreko ataletan xedatutakoaren kalterik gabe, unibertsitatea osatzen duten talde guztiei eta UPV/EHUren jardunean parte hartzen duten pertsona guztiei dagokie gatazkak saihestea eta errespetuan, tolerantzian eta berdintasunean oinarritutako giroa sortzea.  II. Kapitulua.

Indarkeriari, diskriminazioari eta jazarpenari aurre egiteko neurriak 

17.artikulua.- Printzipio informatzaileak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen tresnak –hurrengo artikuluan adierazitakoak– aplikatzeko orduan, honako printzipio hauek hartuko dira kontuan:

a) Pertsonenganako errespetua eta babesa: eragindako pertsonen intimitatea eta duintasuna babesteko behar besteko diskrezioz jardungo da eta, prozedurak iraun bitartean, bere aukerako ordezkari edo bestelako lagun bat izan ahalko du lagun interesdunak.

b) Konfidentzialtasuna: prozeduran esku hartzen dutenek konfidentzialtasun eta diskrezio osoa zaindu beharko dute, eta ezin izango dute aurkeztutako, ebatzitako edota aribidean diren salaketen inguruko informaziorik eman edo zabaldu.

c) Azkar eta arduraz jokatzea: edozein arrazoirengatik salatzen diren indarkeria, jazarpen edo diskriminazio jokabideak behar besteko profesionaltasun eta arduraz ikertu eta ebatzi beharko dira, beharrik gabeko atzerapenik gabe, prozedura ahalik eta denbora laburrenean eta berme guztiekin osatu ahal izan dadin.

d) Inpartzialtasuna eta kontraesanak: gertakariak eragin dituzten pertsona guztientzako entzunaldi inpartziala eta bidezko tratamendua bermatu beharko du prozedurak, eta esku hartzen duten pertsona guztiek fede onez jardun beharko dute egia ezagutzeko eta salatutako gertakariak argitzeko.

e) Errepresaliak saihestu eta debekatzea: prozedurak iraun bitartean nahiz prozedura amaitutakoan, neurriak hartuko dira errepresaliak saihesteko, bai salaketa aurkeztu duten pertsonei, lekuko gisa parte hartu duten pertsonei nahiz sexu indarkeria edo jazarpenari buruzko (nahiz bestelako edozein inguruabarri lotutako) ikerketetan parte hartzen dutenei dagokienez, betiere aplikatzekoa den araudiari jarraikiz. Hartara, aplikatzekoak izango dira, hala dagokionean, otsailaren 20ko 2/2023 Legean, arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteari buruzkoan, jasota dauden berme guztiak.

18. artikulua - Erantzuna emateko tresna eta neurriak.

1.- 15.1 artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe, aplikatzekoa izango da Genero indarkeriaren aurkako 2018ko ekainaren 7ko UPV/EHUren protokoloa edo etorkizunean ordezkatuko duena, eta protokoloarekin bat ez datozen jokabideen kontrako salaketak bideratzeko bertan jasotako prebentzio eta prozedura neurriak, guztia, sexu jazarpen nahiz sexuagatiko jazarpen oro saihestu eta zuzentze aldera, baita sexu orientazio, genero identitate edo adierazpen eta sexu ezaugarriengatiko jazarpenak ere. 

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak 7. artikuluan dioenaren arabera interpretatuko dira sexu jazarpena edo sexuagatiko jazarpena.

Genero indarkeriaren aurkako UPV/EHUren protokoloa Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizikidetza Arautegiaren parte da, Unibertsitate Bizikidetzari buruzko otsailaren 24ko 3/2022 Legean zehaztutako ondorioetarako.

2.- Unibertsitateko kirolean arrazakeria, xenofobia eta intolerantziagatiko diskriminazioa ematen denean, uztailaren 11ko 19/2007 Legeak, Kirol ikuskizunetan egon daitekeen indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkakoak, 1. artikuluan dioenaren arabera jardun beharko da, Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 8.j) artikulua kontuan hartuta.

3.- Halaber, eta lan arloko jazarpena eta indarkeria ezabatzeari buruzko hitzarmenean xedatutakoaren kalterik gabe (Geneva, 2019ko ekainaren 21a), 2014.ko uztailaren 10.an lan arloan izandako jazarpen salaketak konpontzeari buruzko Akordioa aplikatuko da (edo etorkizunean ordezkatuko duena), lan arloan jazarpen mota oro prebenitzeko eta horrelako egoerei aurre egiteko, UPV/EHUren laneko arriskuen prebentziorako planean aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Akordio hori Euskal Herriko Unibertsitateko Bizikidetza Arautegiaren parte da, Unibertsitate Bizikidetzari buruzko otsailaren 24ko 3/2022 Legean aurreikusitako ondorioetarako.

4.- Genero indarkeriaren aurkako UPV/EHUren protokoloa eta lan arloan izandako jazarpen salaketak konpontzeari buruzko Akordioa aplikatzeko orduan, kontuan izango da: 15/2022 Legea, uztailaren 12koa, Tratu berdintasunerako eta diskriminazioa ekiditekoa; 4/2023 Legea, otsailaren 28koa, transexualen berdintasun erreal eta eraginkorrekoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa; Eusko Jaurlaritzaren 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.

III. TITULUA

UPV/EHUko Bizikidetza Batzordea

I. kapitulua

Antolaketa eta funtzionamenduari buruzko araubidea

19. artikulua - Eraketa eta osaera.

1.- UPV/EHUko Bizikidetza Batzordea sortu da, Unibertsitate Bizikidetzari buruzko otsailaren 24ko 3/2022 Legeak eta arautegi honek esleitutako eginkizunekin.

2.- Unibertsitateko talde guztietako ordezkariek osatuko dute UPV/EHUko Bizikidetza Batzordea: hiru irakasle-ikertzaileak izango dira, hiru teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta hiru ikasleak. 

Batzordea osatuko duten kideak aukeratzeko orduan, emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatu beharko da, halaxe xedatzen baita UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean.

3.- UPV/EHUko Bizikidetza Batzordeko kideak errektoreak izendatuko ditu lau urterako, ikaslearen kasuan izan ezik, urte baterako izango baita.

Ikasleen ordezkariak UPV/EHUko Ikasle Kontseiluaren osoko bilkurak edo batzorde iraunkorrak izendatuko ditu. Irakasle eta ikertzaileen eta teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kasuan, ordezkariak Gobernu Kontseiluan beren sektoreak ordezkatzen dituzten pertsonek izendatuko dituzte.

4.- Batzordearen funtzionamendua bermatzeko, bederatzi ordezko izendatuko dira (hiru kide 2. atalean adierazitako talde bakoitzeko), eta titularraren lekua beteko dute postu bat hutsik geratzen denean, titularra aldi baterako ez dagoenean, ezintasunen bat daukanean, titularra abstenitu egin denean, errekusazioa aurkeztu duenean edo bateraezintasun egoeran dagoenean. 

Ekitaldi berean zehaztuko da kideen lehentasun hurrenkera.

20.- artikulua.- Funtzionamendurako araubidea.

1.- Bizikidetza Batzordeko kideak ez dira ezein unibertsitate instantziaren menpe egongo; haien jarduna independentzia eta autonomia printzipioen araberako izango da, eta urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, 23. artikuluan jasotzen dituen abstentzio eta errekusatze arauen menpe egongo da. Batzordeko kideren batek abstentziorako arrazoiak dituela adierazten badu, batzordeari jakinarazi beharko batzordeburuari zuzendutako idatzi arrazoituaren bidez. Batzordeak inguruabarrak baliozkotzat jotzen baditu, dagokion ordezkoak bere lekua har dezala aginduko du.

2.- Batzordeko kideak ezin dira aldi berean kargu akademikoetan aritu edota Gobernu Kontseiluko kide izan. 

3.- Batzordea eratzeko saioan, batzordeko buru eta idazkari lanetan zein kide arituko diren aukeratuko dute batzordekide titularrek.

4.- Batzordeko kideek eta saioetan parte hartzen duten pertsonek jorratzen diren gai guztien gaineko erabateko konfidentzialtasuna zaindu beharko dute. Betebehar horrek indarrean jarraituko du agintaldia bukatutakoan, estatutupeko edo lan arloko egoera edozein delarik ere, eta bere horretan iraungo du unibertsitateko kide izateari utzi ondoren ere.

5.- Idazkaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren zuzendariak eta aldezleak Bizikidetza Batzordearen saioetan parte hartu ahal izango dute ahotsarekin baina boturik gabe aholku emateko eta konfidentzialtasun berme berberekin hartuko dute parte. Horretarako, behar besteko aurrerapenaz eman beharko zaie deialdien eta egingo diren bileren berri.

6.- Arautegi honen esparruan, Bizikidetza Batzordeak bere funtzionamendu arau propioak onartuko ditu, betiere, honako arau hauek kontuan hartuta:

- Batzordearen bileretarako deia batzordeburuak egingo du, bere ekimenez edo, gutxien dela, kideen herenak eskatuta.

- Batzordeko kideen gehiengo osoz hartuko dira erabakiak. 

- Batzordeak, aho batez, kide baten esku utzi ahal izango ditu bitartekaritza eginkizunak.

- Jorratuko den gaiaren nondik norakoak kontuan hartuta, bilera batzuetarako laguntza eskatu ahal izango zaie unibertsitateko beste organo edo zerbitzu batzuetako kideei, baita kanpoko pertsonei ere. Horiek guztiek hitza izango dute, baina ez botorik, eta jorratzen diren gaien gaineko konfidentzialtasun betebeharra errespetatu beharko dute.

7.- Bizikidetza Batzordearen funtzionamendu arauak publikoak izango dira.

21. artikulua - Eginkizunak. 

1.- Bizikidetza Batzordearen funtsezko eginkizuna da ikasleen diziplina prozeduretan (Unibertsitate Bizikidetzari buruzko Legearen 19 c) eta 22. artikuluak) bitartekaritzaz arduratzea.

2.- Halaber, UPV/EHUko Ikasleen Falta eta Zehapenei buruzko Arautegian xedatutakoaren arabera, Bizikidetza Batzordeak txostena egingo du arautegi horretan jasotako falta larriengatiko zehapenen ordez beste mota bateko neurriak ezartzeko.

3.- Bizikidetza Batzordeak, gainera, xedapen orokorretan esleitzen zaizkion bestelako eginkizunak ere izango ditu. 

II. kapitulua.

Bitartekaritza prozedura Bizikidetza Batzordean

22.artikulua.- UPV/EHUko Bizikidetza Batzordearen esku hartzea.

1.- UPV/EHUko Bizikidetza Batzordean arautegi honetan zehaztutako bitartekaritza prozesuari jarraitu ahal izango zaio, baldin eta ikasleen faltengatiko diziplina prozeduran interesdun bezala agertu badira prozedurari hasiera eman dioten gertakarietako biktimak edo iraindutako pertsonak.

2.- Bitartekaritzak, betiere, honako printzipio hauek beteko ditu: borondatezkotasuna, konfidentzialtasuna, berdintasuna, inpartzialtasuna, fede ona eta elkarrekiko errespetua, errepresalien prebentzio eta debekua, malgutasuna, argitasuna eta gardentasuna.

23.artikulua.- Bitartekaritza onartzea edo inhibitzea

1.- Diziplina prozedura behin hasita eta proba aldia behin bukatuta interesdunek bitartekaritza prozedurari hasiera emateko borondatea erakutsi badute, diziplina prozedurako instruktoreak espedientea bidaliko dio UPV/EHUko Bizikidetza Batzordeari, eta batzordeak, 15 eguneko epean, espedientea aztertu eta erabakiko du bitartekaritza prozedura egokia den edo inhibitu egiten den. Inhibituz gero, instruktoreari itzuliko dio espedientea.

2.- Batzordearen erabakia interesdunei jakinaraziko zaie, bai instruktoreari ere, Diziplina Prozeduraren Arautegian zehaztutakoaren ondorioetarako.

24.artikulua.- Bitartekaritza prozedurako jardunak

1.- Bizikidetza Batzordeak behar beste egingo du gatazka bakez ebazteko: malgutasuna izango du oinarri eta ahalegina egingo du aldeen parte hartzea ahalik eta handiena izan dadin. Bestalde, laguntza emango die aldeei parte hartzearen bidez eurek bilatu dezaten, adostasunera helduta, konponbidea. Horrez gain, batzordeak gatazka konpontzeko akordioa eskaini ahal izango die aldeei, baldin eta gatazkaren inguruabarrak kontuan hartuta komenigarria bada eta ezinezkoa bada bitartekaritza. 

2.- Batzordeak bitartekariak izendatuko ditu bitartekaritza prozedura bakoitzerako, eta zeregin horretan aritu ahal izango dira: Bizikidetza Batzordeko kideak, UPV/EHUko aldezlea edo bitartekaritza arloan aditua den unibertsitateko kide bat, Bizikidetza Batzordeak aukeratua. 

3. Bileren akta egingo da.

25. artikulua.- Bitartekaritza prozedurari amaiera ematea aldeak ados jarri direlako

1.- Aldeak adostasunera heldu badira, idatziz jasoko da eta sinatu egingo dute aldeek, eta bakoitzak ale bat izango du. Egintza horrek amaiera emango dio bitartekaritzari.

Bestalde, idatzia batzordeko idazkariak ere sinatuko du eta batzordeburuaren eta, egoki denean, bitartekariaren oniritzia izango du.

2.- Bitartekaritzako erabakiak zehapen larrien ordezko neurriak jaso ahal izango ditu, bat etorrita Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleei aplikatu ahal izango zaizkien falta eta zehapenen araubidearekin. Horrelakoetan, Bizikidetza Batzordeko buruak jakinaren gainean jarriko ditu UPV/EHUko organo eskudunak neurrian zehaztutako jarduera betetze aldera. 

3.- Bizikidetza Batzordeak zainduko du lortutako akordioak zehatz-mehatz betetzen direla, eta adostutakoa betetzeko epea ezarriko du. Epe hori ezin izango da izan hilabetetik gorakoa.

Batzordeak jakinaraziko dio instruktoreari artikulu honetan zehaztutako adostasunera heldu direla eta akordioa bete egin dela. Era berean, jakinaraziko dio adostasuna erabatekoa den edo hein batean bakarrik lortu den akordioa, UPV/EHUko Diziplina Prozeduraren Arautegian zehaztutakoari jarraikiz jardun dezan. 

Bizikidetza Batzordeak, bestalde, jakinaren gainean jarriko du instruktorea aldeek ez badute bete akordioa eurek adostutako moduan.

4.- Bizikidetza Batzordeak bere zaintzapean gordeko du lortutako akordioa, eta konfidentziala izango da.

26.artikulua.- Bitartekaritza adostasunik lortu gabe bukatzea

Bizikidetza Batzordeak bitartekaritza prozedura egokitzat jo eta bi hilabeteko epean aldeak ez badira ados jarri edo hein batean baino ez badira ados jarri, batzordeak horren berri emango dio instruktoreari eta espedientea itzuliko dio, etena altxatuta, prozedurarekin aurrera jarrai dezan, bat etorrita UPV/EHUko Diziplina Prozeduraren Arautegiarekin.

27.artikulua.- Agiriak artxiboan gordetzea eta zaintzea

Bitartekaritza prozeduretako espedienteak UPV/EHUko Bizikidetza Batzordeak zainduko ditu ikasleen arloko eskumenak dituen errektoreordetzan, eta arloko araudiari jarraikiz gorde eta zainduko dira artxiboan.

Xedapen gehigarria.

Arautegi honetan araututako Bizikidetza Batzordea sei hilabeteko epean osatuko da, arautegia indarrean sartzen denetik kontatzen hasita.

Xedapen iragankorra. 

Bizikidetza Batzordea eratu bitartean, Aldezleak beteko ditu arautegi honetan batzorde horri esleitutako eginkizunak.

Azken xedapena.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizikidetza Arautegia indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 20 egun igarota.