Kontsulta publikoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko berezko ikasketen erregelamendua egiteari buruzkoa

Kontsulta publikoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko berezko ikasketen erregelamendua egiteari buruzkoa

39/2015 Legearen (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 133.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, legearen edo erregelamenduaren proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko da administrazio eskudunaren webgunearen bitartez, eta jasoko da zer iritzi duten etorkizuneko arauak uki ditzakeen subjektuek eta antolakunderik ordezkagarrienek.

Dokumentu honen xedea Unibertsitatearen asmoaren berri ematea da; hain zuzen ere, goiburuan aipatzen den araua onesteko asmoa duela jakinaraztea unibertsitateko kideei ez ezik, eraginpeko erakundeei ere, betiere batzuek nahiz besteek araugintzako proiektu horretan parte hartzeko aukera izan dezaten.

a) Ekimenaren bitartez konpondu nahi diren arazoak.

Egun indarrean dagoen UPV/EHUko Berezko Ikasketen Arautegia 2022. urtean aldatu zen, 822/2021 Errege Dekretuan (822/2021 Errege Dekretua, irailaren 28koa, unibertsitate ikasketen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituena) eskatutako gutxieneko aldaketak txertatzearren, eta unibertsitateek ematen duten etengabeko prestakuntzaren oinarrizko erregulazio bat eskaintzen da, lehen aldiz, arau horretan. Estatuko aginduan, unibertsitateek beren konpromiso soziala adierazten duten hezkuntzaren arloko espazio garrantzitsu hori antolatzen da eta, malgutasun handia uzten duen arren, prestakuntza horren egituraren gutxienekoak homogeneizatu eta kalitatearen ebaluazioaren kultura txertatzen du titulu horietan.

Hori guztia dela eta, UPV/EHUko berezko ikasketen eredua berriz diseinatu beharrean gaude eta, 2022an onetsitako araudian ikasketa horien etorkizuneko erregulazioaren oinarriak zehaztu baziren ere, gaur egungo erregelamenduaren xedea oinarri horiek finkatzea da.

b) Onestearen beharra eta egokitasuna.

Erregulazio berria ezarri beharra ekarri dute, alde batetik, 822/2021 Errege Dekretuak (822/2021 Errege Dekretua, irailaren 28koa, unibertsitate ikasketen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituena) arautegian eragin dituen aldaketek eta, bestetik, berezko ikasketa motak berrantolatu behar izateak, betiere ikasketa horiek indartu ahal izateko.

c) Arauaren helburuak.

Erregelamendu honen xedea Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko berezko ikasketak arautzea da. Zehazki, ikasketen tipologia eta eskakizunak, onesteko prozedurak eta ikasketen antolaketa finkatzea.

d) Balizko ordezko aukerak, arauzkoak eta ez-arauzkoak.

Erregelamendu honen bitartez, ikasketen tipologia eta eskakizunak, onesteko prozedurak eta ikasketen antolaketa arautu behar dira.

Horren ondorioz, unibertsitateko kideek eta arauaren balizko eraginpeko diren elkarte edo bestelako erakundeek ekarpenak egin ahal izango dituzte –hala nola iradokizunak, iritziak eta abar–, 2023ko IRAILAREN 22ra arte (egun horretan ere bai). Ekarpen horiek helbide elektroniko honetara bidali behar dira: dirección.fcontinua@ehu.eus; ekarpenak egiteko ezinbestekoa izango da egoki akreditatzea.

Leioa, 2023ko irailaren 7a.

Dokumentua: