Eduki publikatzailea

LASEHU

LASEHU Laboratorio de Análisis Sensorial Euskal Herriko Unibertsitatea-ren akronimoa da. Lucio Lascaray Ikergunean dago (Miguel de Unamuno etorbidean, 3) eta Farmazia eta elikagaien zientziak Sailean dago sailkatuta. LASEHU-n 4 irakasle-ikerlari eta bi ikerlarik egiten dute lan. Laborategiaren azalera 120 m2-ena da eta honako atalak dauzka: bi kabina-gela (bakoitzak 8 postu informatizaturekin), 2 talde-gela, sukalde bat, erreferentziak eta laginak prestatzeko laborategia eta erantsitako instalazioak.

LASEHU-n ikerketa, formazioa eta jendarteratze-jarduerak egiten dira. Ekimen nabarmena kalitate berezituaren etiketak dituzten elikagai-produktuen kalitatea ebaluatzeko metodoen garapena da, baita metodo hauek aplikatzeko beharrezkoak diren panelen entrenatzea eta kualifikatzea ere. 2008ko otsailean ardoaren (Arabako Errioxako ardo beltz gaztea, hain zuzen ere) zentzumenen bidezko ebaluazioa egiteko akreditazioa lortu zuen, Estatu mailako lehenengo laborategia bihurtuz. Urte batzuk lehenago, 2005ean, Idiazabal Jatorrizko Izendapen Babestua gaztaren ebaluazioa egiteko egiaztagiria lortu zuen, Estatu mailako produktu honetarako egiaztatuta dauden bi laborategietako bat izanik. Horretaz gain, beste produktu batzuetarako metodoak garatu dira eta panelak entrenatu dira (Bizkaiko JIB txakolina, Arabako JIB txakolina, Añanako Gatz Aranako gatza, eta Euskal Okelaren txahala txuletetarako). Metodo hauek nazioarteko aldizkari zientifiko indexatuetan argitaratuak izan dira eta nazioarteko hainbat kongresuetan aurkeztu dira.

LASEHU-n garatzen diren jarduerak elikagai-katean parte hartzen duten eragile ezberdinei zuzenduta daude (lehen-gaien ekoizleak, elikagai industria orokorrean, banatzaileak, elkarteak, JIBen kontseilu arautzaileak, zertifikazio organoak, administrazioa, kontsumitzaile elkarteak…).

LASEHU-n egiten diren lanen artean kontsumitzaile-probak aipatu behar dira ere. Proba hauetan kontsumitzaileek produktu batzuekiko duten onarpen gradua/lehentasunak neurtzen dira, produktuen diseinuan eta merkaturatzean oso baliogarria izan daitekeen informazioa lortzen.