Edukiak

UNIKOAK Musika lehiaketa

Unibertsitate arteko musika jaialdirako UPV/EHUren ordezkaria hautatzeko maketa lehiaketa 2024

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) VIII. G9 Musika Lehiaketan (www.uni g9.net) ordezkatuko duen pertsona edo taldea aukeratzeko deialdi hau argitaratzen da. Oinarri hauek ditu:

OINARRIAK

1. Banakako edo taldeko musika-proiektuek parte hartu ahal izango dute, baldin eta, gutxienez, parte-hartzaile bat UPV/EHUko unibertsitatearen komunitateko kidea bada (ikasleak, TEKZEL edo IRI). Baldintza hori eskabidean egiaztatu beharko da.

2. Lehiaketan edozein musika estilo edo joeratako musika proiektuak onartzen dira.

3. Musika-proiektu bakoitzak gutxienez bi obra aurkeztuko ditu, kideek interpretatuak, mp3 formatuan. Lan horiek posta elektronikoz euskara.erreord.proiektuak@ehu.eus helbidera bidaliko dira, fitxategiaren izenean obraren izenburua eta musika-proiektuaren izena (taldearen edo artistaren izena) adieraziz. Posta elektronikoaren gaian hau adieraziko da: “UNIKOAK – MUSIKA MAKETAK - musika-proiektuaren izena (artista edo taldea)” eta bidalketa-ordenaren araberako mezu-zenbakia, mezu bat baino gehiago bidaltzen badira.

4. Musika-artxiboez gain, pdf formatuko fitxategi bat ere bidali beharko da arestian aipatutako helbide elektronikora, informazio honekin:

  • Musika-proiektuaren eta taldekideen ibilbidearen deskribapen laburra eta taldearen musika-jardueraren behar teknikoak biltzen dituen txostena.
  • Aurkeztutako obren letrak.
  • UPV/EHUko kideen NANaren kopia.
  • Taldearen edo artistaren kontaktua: posta elektronikoa eta telefonoa (taldeen kasuan bat baino gehiago eskaintzea gomendatzen da).

5. Lanek jatorrizkoak izan behar dute, berezko konposizioak (taldea, artista...) edo kide batenak, eta lanen eskubideak ez dira diskoetxeen jabetzakoak izan behar, ez eta haiek zabaltzeko, grabatzeko eta/edo editatzeko eragozpenak edo betebehar ekonomikoak dakartzaten bestelako erakundeenak ere.

Lehiaketan parte hartzen dutenek pertsonalki erantzungo dute lanaren legezko titulartasunaz eta originaltasunaz, bai eta agertzen diren pertsonen irudiaren eskubidea lagatzeaz ere, lehiaketa honetan parte hartze hutsagatik titulartasun hori eta obraren jatorrizko eta argitaragabeko izaera bermatuz. Baldintzak betetzen ez badira, arduraduna obra aurkeztu duena izango da eta aurkeztutako obren egile eskubideen inguruko edozein gatazkatik at geratuko dira antolatzaileak.

6. Izena ematea doakoa izango da, eta obrak goian adierazitako helbide elektronikora bidaliko dira 2025eko otsailaren 10a arte. Gaian “UNIKOAK MUSIKA MAKETAK – musika-proiektuaren izena (artista edo taldea)” jarri behar da, eta bidalketa-ordenaren araberako mezu-zenbakia, bat baino gehiago bidaltzen badira. Mezuarekin, jaso izanaren adierazpena bidaliko da.

7. Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzak eta hiru Campusetako kultura zuzendaritzek izendatuko du epaimahaia, unibertsitateko komunitateko kideen eta/edo musika eta ikus-entzunezko munduarekin zerikusia duten pertsonen artean. UPV/EHUren web orrian argitaratuko da, garaiz.

Edozein sari eman gabe utzi ahal izanen da, epaimahaiaren iritziz obrak edo jarduketak behar adinako kalitatekoak ez badira.

8. Lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako talde/artisten zerrenda emango du epaimahaiak, eta, G9ko musika-jaialdian UPV/EHUren ordezkaria aldatu behar balitz, ordezko beste talde bat hautatzeko balioko du. Zerrenda hori aurkeztutako maketatik eta aurkeztutako bakarlari eta taldeen txostenetik abiatutako balorazioaren arabera eginen da. Hautatutakoen zerrenda 2025ko martxoan argitaratuko da EHUren web orrian, eta parte-hartzaileei posta elektronikoz jakinaraziko zaie.

9. Epaimahaiak ondoko sariak emanen ditu:

  • Lehen saria:
    • 300 €ko saria dirutan, eta EHUdendarako bonoa.
    • UPV/EHUren ordezkari gisa parte hartzea 2025eko martzotik aurrera Oviedoko unibertsitateak antolatuko duen VIII. G9 Musika Lehiaketan. Kasu horretan, G9 taldeak eta/edo UPV/EHUk bere gain hartuko dituzte kontzertura joateak eragindako garraio, ostatu eta mantenu-gastuak.
    • Egiaztagiria.
  • Bigarren saria:
    • 200 euroko saria dirutan.
    • Egiaztagiria.
  • Euskarazko letrarik onena:
    • 200 euroko saria dirutan.
    • Egiaztagiria.

10. Lehiaketa honen irabazlea UPV/EHUren ordezkaria izango da VIII. G9 Musika Lehiaketan, eta, horretarako, G9ren deialdiaren araudiari jarraituko zaio. VIII. G9 Musika Lehiaketaren araudiaren berri emanen zaio eskatzen duenari.

11. Parte hartzen duten musika proiektuek ez dute inolaz ere antolakuntza lotuko jabetza intelektualaren arloan indarra duen araudia hausteagatik edo plagioagatik sor daitekeen erantzukizunetara.

12. Parte hartzen duten taldeetako kideak arduratuko dira, betiere, irudi eskubideak, datuen babesa, ohorea eta intimitatea urratzearekin zerikusia duen edozein erreklamazioz.

13. Lehiaketaren antolatzaileek eskubidea dute aurkeztutako lan batzuk sustapen-material gisa bildu eta zabaltzeko. Artistek baimena ematen dute beren lanaren zatiak eta/edo material grafiko osagarria edozein komunikabidetan informazio-material gisa zabaltzeko. Antolatzaileek hitzematen dute parte hartzaileei jakinaraziko dietela nola erabiliko diren, betiere kultura aldetik eta irabazi asmorik gabe eta egileen eskubideak salbu utzita.

14. Lehiaketa honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarri hauek onartzea. Antolatzaileek eskubidea izanen dute aldaketaren bat egiteko edo proposaturiko egun edo tokiren bat aldatzeko, lehiaketa behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen bada. Edozein aldaketa behar bezala jakinaraziko da.

 

Leioan, 2024ko abenduaren 11n.

M. Juncal Gutierrez Mangado
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea