redes

Gu jarraitu!

 

 

Eduki publikatzailea

Indie+ Festival

Noiz eta non

Noiztik: 2020/02/21 Noiz arte: 2020/02/28, 20:00 - 00:00

Deskribapena

Otsailak 21 eta 28

Mitxelena aretoa

20:00

Sarrera libre aretoa bete arte

 

INDEPENDENTE:

1 adj. Burujabea, beregaina, inoren mende ez dagoena.

Hiztegiak ematen duen definizioak balio dezake 1970eko eta 1980ko hamarkadetako musikan «indie» terminoa nola sortu zen ulertzeko. Gazteak haserre zeuden, ez zuten inoren mende egon nahi ez abestiak idazteko eta argitaratzeko ez birak eta kontzertuak antolatzeko. Modu autonomoan eta autogestionatuan egin nahi zuten guztia, zuzen eta etikoki, multinazional handirik gabe, bai diskoak grabatzeko bai fanzineak editatzeko eta egiazko eta zuzeneko eran sortzen ari zena transmititzeko, eta euren musika eta iritziak defendatzen zituzten, inori eskua sartzen utzi gabe. Horrez gain kontuan hartzen baditugu artea arteagatik egitea, estetika, do it yourself kontzeptua, munduko egoera politikoa, etxe okupatuak, amorrua, punka, hardcorea, straight edge mugimendua eta lehen jaialdiak, ulertuko dugu historiako une garrantzitsu bat izan zela, eta, nolabait, betiko aldatu zuen musika.

Gero, sistemak, nahi duena egiteko ahalmena duenez, mugimendua eta kontzeptua bereganatu eta okertu zituen, eta ia marka bihurtzea lortu zuen. Baina gaur egun oraindik badago mundu independente batean bizi den artistarik, arteari dagokionez behintzat, eta bide zailak eta arriskutsuak egiten dituzte, denborek, multinazionalek, babesleek edo sare sozialek zer eskatzen duten aintzat hartu gabe. Artea arteagatik, berriro ere. Ezagut ditzagun.

 

 

Otsailak 21

SOLEDAD VÉLEZ

Soledad Velez Valentzian (Espainia) bizi den eta etengabe bilakatzen ari den artista txiletar bat da.

2016an, Dance and Hunt bere 3. albumarekin harritu gintuen, sintetizadoreak eta elektro erritmoak sartu baitzituen bertan; 2017an, Violeta Parra herrikidea omendu zuen haren mendeurrenean, eta 2018an, beste jauzi kualitatibo bat eman zuen: Nuevas Épocas argitaratu zuen. Gaztelaniaz abestutako bere lehen diskoa izan zen, oso-osorik sintetizadore eta teklatu analogikoekin egina.

Emaitza hain emankorra izan da, ezen El Álamon berriro grabatu baitu Guille Mostazarekin single berri bat, “No Vuelvas”. Bertan Soledadek, pauso bat harago emanez, bere soinua birsortzen du hiriko musikari keinuak eginez.

Etengabeko mugimenduan dabilen Soledad Vélez gure egungo musika-panoramako artistarik interesgarrienetako bat da.

 

ELENA SETIEN

Elena Setien artistaren ezaugarri dira ñabarduraz betetako konposizioak. Multiinstrumentalista honen musika indibidualismo gordinetik dator, bai eta Euskadiri jaioterriari lotutako enpatiatik ere. Haren keinuek, bai musikaletan bai literaturan, bizitzaz betetzen dituzte alegoria adierazkorrak. Moldaketak zuzenak eta hunkigarriak dira, eta esperimentazioari keinu egiteko aukera ematen diote. Elenaren grabazioak berez popa diren arren, ibilbide oparoa du inprobisatzaile gisa. Elenaren hurrengo lana, Another Kind of Revolution –harekin debuta egingo du Thrill Jockey zigilu estatubatuar ospetsuan–, edertasun liluragarriko disko bat da, itxuraz ahaleginik gabe sortua.

 

MICE

Urte luzez Napoka Iria taldean ibili eta gero Miren Narbaizak (Eibar, 1986) bere bakarkako  ideari ekin dio. MICE (maiz) izenpean kaleratu zuen bere debuteko lana. Orain “Zilar Printzak” (Erraia, 2019) lau kantuko EP-a aurkezten ari da, bi kantu propio eta bi bertsioz osatua eta Joseba Baleztenak produzitua eta grabatua Gakobeltz estudioan.

Hurrengo lan luzea grabatu aurretik soinu berriak probatzen ari da zuzenekoetan eta Baleztenak lagunduta rocketik abiatzen diren askotariko estiloak eskainiko ditu gitarrak, bajua, sinteak eta ahotsekin.

 

Otsailak 28

JOSEBA IRAZOKI & LAGUNAK

Baliabide ugariko musikaria, bilatzaile nekaezina, dotore eta pragmatikoa, konposizioarekin interesatua, baina baita bat-bateko inprobisazioarekin ere. Joseba Irazokik bere marka utzi digu askotariko proiektu, abentura eta ekimen sorta batean, eta, azkenean, bere baitako “ni” barnekoiena eta pertsonalena kanporatu edo, hobeki esan, askatu du, bere izenez sinatzera ausartu den lanetan. 

Hauek dira bere oinarriak: gitarra irudimentsuak; sekulako dohainak naturaltasuna darien bukleak sortzeko, hainbesteko naturaltasuna non efektu horiek beti inguratzen gaituen airean egon direla dirudien; ahots garbi, ziur eta hunkigarri bat; eta melodia jenialak bakantzeko gaitasun aparta. Horietaz guztietaz baliatuz, eta euskal lirika birsortuz, hitzen hotsak leuntzearekin batera, Joseba Irazokik, ahalmen harrigarriarekin, aurrera atera du ausarta eta zentzuzkoa den proiektu bat, hurbila eta, aldi berean, tolesdura zoragarriz josia.   

 

THE LIZARDS

The Lizards Bartzelonako power hirukote bat da, 2007an sortutakoa. Bereizgarri ditu, alde batetik, taldean kantatzeko moduko errepikak eta bestetik, soinu sendo bat, besteak beste Joan Jett, Motörhead edo Misfits-en eragina duena.

 

Hamar urte baino gehiagoan kontzertu ugari eman zituzten, baita zenbait bira ere Frantzian eta Alemanian, eta haietatik jendearen eta prentsa musikalaren onarpen handia jaso zuten. Punk eta hard rock kementsua nahasten dituztenez, aukera izan dute hainbat estilotako nazioarteko artistekin partekatzeko agertokia: Nashville Pussy (Resurrection Tour), Peter Pan Speedrock, The Last Vegas, Cavalera Conspiracy (Kaiowas Fest), The Hangmen, The Sisters of Mercy, Nelson Can (Low Festival), The Flaming Sideburns, The Dickies, The Avengers eta beste asko.

2018ko amaieran, Inside Your Head hirugarren diskoa grabatu zuten Bartzelonako La Atlantida Estudion. Otsailean kaleratutako diskoak hamabi abesti ditu, eta izenburuak dioen bezala, ezingo dituzu zure burutik atera.

 

ELLE BELGA

Elle Belgaren laugarren diskoak baieztatu egiten du talde honek Espainiako panoraman duen erabateko paregabetasun estatusa, eta hori kantu bilduma hunkigarri, lasai eta sakon batekin lortzen du. Doinuek soinu herrikoiak eta egungoak dituzte, hots, atenporalak.

Euforia tresna politiko eta sozial gisa aldarrikatzea. Bizi- eta musika-printzipio negoziaezinei eustea. Askotan, gutxiago gehiago dela eta isiltasuna zarata bezain ahaltsua izan daitekeela ulertzea...

Jose Luis Garcia eta Fany Alvarezen talentuak badu zerbait bere lurrarekin, Asturiasekin, lotzen dituena. Euforian erro ipartarrak barneratzen dira. Norbanakoa inguruko errealitatearekin lotzen duten, eta gatazkak ikuspegi borrokalari eta baikor batetik jorratzen dituzten letrak daude. Haiek dioten bezala, “Euforia gure lubaki gerraren soinu banda da”.