UPV/EHU, munduko 500 unibertsitate onenen artean berriro ere
Shanghaiko rankingeko 500 unibertsitateetan espainiar estatuko hamaika erakunde soilik kokatu dira
Lehenengo argitaratze data: 2017/08/15
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) munduko 500 unibertsitate onenen artean jarraitzen du seigarren urtez Shanghaiko rankingean. Sailkapena Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak osatzen du urtero, eta ebaluazio-irizpide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun, unibertsitateen munduan. Hamaika dira soilik lehen 500 erakundeen artean agertzen diren espainiar estatuko unibertsitateak.
"Munduko 500 unibertsitate onenetako bat izaten jarraitzen dugu eta hori berri bikaina da euskal gizartearentzat zein haren unibertsitatearentzat. Unibertsitateen testuingurua globala eta oso lehiakorra denez, sekulako arrakastatzat jotzen dugu postu horri eustea. Bestalde, gure unibertsitatea hobeto ikusarazten du eta, ondorioz, presenteago gaude munduan. UPV/EHUko langile guztiei eta gure ikasleei eman nahi dizkiet eskerrak eguneroko ahaleginengatik, zalantzarik gabe kolektiboaren arrakasta baita eskuratutakoa: harekin egiten dugu bat, denok lorpen horretan esku hartu dugulako", adierazi du UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak.
Rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Guztira hamaika dira lehen 500 erakundeen artean agertzen diren espainiar estatuko unibertsitateak (iaz baino bat gutxiago). Izen handiko ranking honetan 2012an egindako ebaluazioan agertu zen lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitatea.
Harvard, Stanford eta Cambridgeko Unibertsitatea dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru erakundeak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte, eta bi (Cambridgekoaz gain, Oxfordekoa) Britainiar Handiko unibertsitateak dira.
UPV/EHU ex aequo kokatzen da 401 eta 500 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50 unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira. Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago daudela.
Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia den zerrenda hau osatu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saria eta Matematiketako Fields dominak eskuratu dituzten irakasle edo ikasle ohiak dituzten unibertsitateak, ikertzaile oso aipaituak eta Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Guztira, 1.300 unibertsitate baino gehiago ebaluatzen dira, eta 500 argitaratu.