Nekane Balluerka UPV/EHUko errektore izendatu dute
Lehenengo argitaratze data: 2017/01/10
Gaur, urtarrilak 11, Nekane Balluerka katedraduna UPV/EHUko errektore karguaz jabetu da, Ajuria Enea Jauregian ospatu eta Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan den ekitaldian.
Hitzaldian, datozen urteetan Euskal Herriko Unibertsitateak aurretik izango dituen erronkak nabarmendu eta horiei aurre egiteko erakundeak duen sendotasuna azpimarratu du errektore berriak.
"Maila pertsonalean, ilusioa eta zirrara sentitzen ditut; baina zirrararekin batera errektore karguak dakartzan erantzukizunaren eta eskakizunaren jakitun naiz", adierazi du karguaren zina egin ondoren. "Zeregin baten emaitzak ezin dira aurretik bermatu, baina kudeatzaile arduratsu batek bai bermatu ditzake proiektu, erakunde eta herri batenganako konpromisoa eta gogoa. Hori da gure kasua", gaineratu du. Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du: "Etapa berri baten hasieran gaude Jaurlaritzan, baita unibertsitatean ere. Aukera ematen digu etorkizunari begiratzeko eta erronka berriei aurre egiteko. Konpromisoaren, zorroztasunaren eta elkarlanaren garaia da, bai hezkuntzan bai politika zientifikoan".
Ekitaldian izan dira Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarraren presidentea, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia eta UPV/EHUko lehengo eta oraingo errektore taldeetako gainontzeko kideak izan dira, baita Deustuko eta Mondragon unibertsitateetako errektoreak ere, José María Guibert eta Vicente Atxa, hurrenez hurren. Bukatzeko, Ajuria Enearen eskaileretan ohiko talde argazkia atera da.
Nekane Balluerka (Ordizia, Gipuzkoa, 1966) Portaera Zientzien Metodologia jakintza arloko katedraduna da, eta Psikologia Fakultateko irakaslea. Azken lau urteotan Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea izan da, eta aurretik UPV/EHUko kudeaketan hainbat ardura izan du. Gaurtik UPV/EHUko lehen errektore andre hautatua da (Arantza Mendizabal jarduneko errektorea izan zen 1985eko maiatzaren 27tik 1986ko urtarrilaren 21era arte).
Psikologia Fakultateko irakaslea UPV/EHUn azaroaren 24an egindako hauteskundeetan hautatu zuten. Balluerkak lortu zuen emandako botoen % 66,31. Unibertsitateko kideek hautatzen dute errektorea, sufragio orokor haztatuaren bidez. Hautagai bakarra egon zenez, hautatua izateko, emandako botoen herena lortu behar zuen egin beharreko haztapenak eginda.
Nekane Balluerka errektorearen taldea osatzen dute ondorengoek: Mikel Garmendia Mujika, idazkari nagusia; Iván Igartua Ugarte, Arabako Campuseko errektoreordea; Patxi Juaristi Larrinaga, Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Agustin Erkizia Olaizola, Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Jon Zarate Sesma, Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea; Marta Barandiaran Landín, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea;Txelo Ruiz Vázquez, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea; Inmaculada Gerrikagoitia Marina, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordea; Araceli Garín Martín, Graduko eta Graduondoko Ikasketen Arloko errektoreordea; Idoia Fernández Fernández, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea; José Luis Martín González, Ikerketaren arloko errektoreordea; Arturo Muga Villate, Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea; eta Lore Bilbao Artetxe, gerentea.
Nekane Balluerka errektorearen hitzaldia
Argazkiak: Nuria González, UPV/EHU.