Eduki publikatzailea

Datink: tintak datatzen

UPV/EHUk sortutako metodoarekin, bost urtera arte doi daiteke agirien datazioa, teknika zehatzago eta ez hain kaltegarriarekin

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/02

Ziztada-segida

Noiz egin zituen kontabilitateko idazpenak? Noiz sinatu da lan kitapena? Noiz egin zuen testamentua? Batzuetan zaila da galdera horiei erantzutea, eta sarritan testuinguru judizialetan egiten dira. Hori dela eta, agirien datazioa behar-beharrezkoa da auzitegi zientziaren esparruan. UPV/EHUk, horren harira, Datink metodoa sortu du: horren bidez, idatzi baten adina zehatz daiteke beste teknika batzuk baino kalte gutxiago egiten duten teknikarekin; gainera, bost urtera arteko agiriak data daitezke.

UPV/EHUko ikertaldeak sortu du Datink metodoa (hauek osatzen dute taldea: Rosa María Alonso Kimika Analitikoko katedradunak, Itxaso San Román Kimika Analitikoa Saileko Farmartem taldeko doktoreak eta Luis Bartolomé Bizkaiko Analisirako Zerbitzu Zentraleko –SGIker– doktoreak). Horri esker, tintak paperean zenbat denbora eman duen zehaztu eta agiriaren adina doi daiteke. Horrez gain, teknika horrekin beste oztopo batzuk ere gaindi daitezke: idaztean jarritako tinta kopurua eta erabilitako paper mota, adibidez. Izan ere, datu horiek jakin gabe, zailagoa da metodo tradizionalen bidez agiri baten data zehaztea. Bestalde, teknika berri horrekin ziztada bakar bat egin behar da agiri baten idatzi zatia aztertzeko.

Arazoak

Hainbat faktorek baldintzatzen dute agiri bat egiazkoa den jakiteko adina zehazteko lana: idatziaren paper motak, trazuaren presioak (idaztean jarri den tinta kopuruak) eta erabilitako teknikak, besteak beste. Orain arte, agiriak datatzeko metodoekin jakin zitekeen idatzia berriki egina (90 egun baino gutxiagokoa) edo zaharragoa (bi urtetik gorakoa) zen. Alabaina, zehaztapen kronologiko hori ez da nahikoa zenbait kasutan, judizialetan batez ere.

Zailtasun horien jakitun, UPV/EHUko taldea lanean hasi zen ikerketarako berariaz idatzitako laginekin. Horretarako, BIC® bolalumak erabili zituzten; marka hori da gehien erabiltzen direnetako bat; beraz, gehienbat bolaluma horiek erabiltzen dira auzitegietan ikuskatzen diren dokumentuetan. Idatzi bakoitza une jakin batean egin zen, eta tintaren trazuaren presio jakin batekin. Izan ere, faktore horiek emaitzak nahas ditzakete, eta datazio akatsak eragin. Lagin bakoitzaren zahartze naturaleko prozesuan (bazekiten noizkoak ziren laginak), ikertzaileek konposatu lurrunkorrak nola aldatzen ziren aztertu zuten. Zehazki, 2-phenoxyethanol (PE) izeneko disolbatzailean zentratu ziren, bolaluma mota horren (ballpoint pen) tinten % 80an baitago.

Itxaso San Románek, Luis Bartolomék eta Rosa María Alonsok konposatu kimikoari denboran aurrera egiten utzi zioten baldintza normaletan, artifizialki zahartu gabe (beste metodo batzuekin hori egiten da), eta lurruntzen zenbat irauten zuen aztertu zuten. Lurrunketaren zinetika aztertu ostean, ikertzaileek tintaren egoera igarotako denborarekin lotzen duen patroi bat ezarri zuten.

Zehaztasun handiagoa, kalte txikiagoa

Eboluzio natural horri erreparatu eta oinarrizko jarraibidea ezarri ostean, beste erronka bati aurre egin zioten: egiaztatzea metodo hori berdin erabil ote zitekeen espontaneoki idatzitako agirietan, horien adina jakinda (besteak beste, egunerokoetan, laborategiko koadernoetan eta itxitako prozesu judizialetako froga judizialetan). Horrela, ikertzaileek ikerketarako sorturiko laginak aztertzeko erabili zuten prozedura bera baliatu zuten, eta Datink metodoak gainditu egin zuen proba, beste behin ere.

Teknika horri esker, bost urte lehenago idatzitako dokumentuetako tintaren adina zehaztu ahal izan zen, gutxi gorabehera % 20ko hurbilketa tartearekin. Hau da, analisi prozedura hori ezarrita, taldeak jakin dezake idatzia 1.500 egun lehenago idatzia den (lau urte baino zertxobait gehiago), 300 eguneko gorabehera tartearekin. Orain arte, oso modu orokorrean hauteman zitekeen denboraren joana: idatzia berria (90 egunetik beherakoa) edo zaharra (2 urtetik gorakoa) zen zehatz zitekeen.

Labur esanda, Datinkek gainditu egin ditu azterketa grafologikoek beste metodo batzuen bidez agiri baten adina jakiteko izaten dituzten oztopoetako batzuk. Kasu horietan huts oso larriak gertatzen dira datazioan, erabilitako paper motak eta jarritako tintaren masak/kopuruak analisian eragiten dutelako.
Era berean, metodo berri hori sortu duen taldeak idatziaren zati txiki-txikiak erabilita lortu ditu emaitzak. Beste metodo tradizional batzuek, berriz, lagin ugari behar izaten dituzte konposatuak artifizialki zahartu eta aztertzeko. Bada, UPV/EHUko laborategietan sortutako teknikaren bidez, ziztada bakar batean lortutako datuekin eta konposatuak nahastu gabe data daitezke agiriak.

Horrenbestez, Datinkek emaitza zehatzagoa ematen du, eta ez da hain kaltegarri eta intrusiboa. Hala eta guztiz ere, metodologia hori esperientzia pilotua baino ez da, eta oraindik ikerketa sakonagoa egin behar da, metodo bera beste tinta eta bolaluma marka batzuei ere aplika dakiekeen aztertzeko, eta, hala, izan ditzakeen mugak gutxitzeko.

Luis Bartolomék dioenez, "metodo hau interesgarria da, doitasun handiagoz zehatz dezakeelako bolaluma batekin marraztutako trazuaren adina. Hori dela eta, oso baliagarria da sinatutako agirietarako, egiazta daitekeelako dokumentuaren gorputzak sinaduraren adin bera ote duen, betiere eskuzko idatzien kasuan. Horrez gain, kontratuak, lan kitapenak, testamentuak edo beste agiri batzuk datatzeko ere balio du. Metodo hau erabilita, esate baterako, Bárcenasen paperak noiz idatzi ziren zehaztu ahal izango litzateke".

Kimika Analitikoa Sailak, ikerketa lana egiteko, Investigaciones Forenses Documentales LEYAS enpresaren eta UPV/EHU doktore Magdalena Ezcurraren laguntza izan du. Enpresa horrek gaur egun agirien datazioan dauden arazoen berri eman du, eta, horrez gain, azterketa judiziala egin dieten agirien benetako kasuak ekarri ditu.

Erreferentzia bibliografikoa

I. San Román, L. Bartolomé, M.L. Alonso, R. M. Alonso, M. Ezcurra. "DATINK pilot study: An effective methodology for ballpoint pen ink dating in questioned documents", Analytica Chimica Acta (2015), 892, 105-114