Eduki publikatzailea

Kualitatiboa da, batez ere, emakumeen eta gizonen arteko eten digitala

Emakumezko baino askoz gizonezko gehiago dago hedabide digitaletako botere-eremuetan, UPV/EHUko tesi baten arabera

Lehenengo argitaratze data: 2015/08/20

Gizonak adina sartzen badira ere Internetera, eragin handiko blogen % 17 bakarrik dira emakumeenak.

La brecha digital de género. Análisis de las causas de la menor influencia de las mujeres en internet tesiaren egile den Iker Merchánek dioenez, sareak itxaropen handiak ekarri zituen arren, handia da gizonen eta emakumeen arteko aldea. Gehiago nabaritzen da etena interes publikoko gaietan eragiteko gaitasunean alderdi kuantitatiboan edo Internetera sartzen den gizon eta emakumeen arteko aldean baino.

"Teknologiari dagokionez, paregabeko hedabidea litzateke Internet desberdintasunak ezabatzeko, baina, hala eta guztiz ere, ez du desagerrarazi gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna. Hortaz, arazoa plazaratzea da lehentasuna", dio tesiaren egileak. Gizonen eta emakumeen arteko eten digitalari buruzko zenbait zifra ere eman ditu Merchánek: "Espainiako blogetatik itzal handieneko 339ak aztertuta (34 alorretako itzal handieneko 10ak eta itzal handieneko 100ak, arloa edozein dutelarik ere), bistakoa da gizonen nagusitasuna emakumeen aldean, edozein ikuspuntutatik begiratuta ere: lau aldiz handiagoa da gizonezko erredaktoreen kopurua emakumezkoena baino, eta emakumeek bakarrik idazten duten blog bakoitzeko gizonezkoek bakarrik idazten dituzten sei daude. Blog indibidualei dagokienez, bostetik bat bakarrik kudeatzen dute emakumeek; bitakora mistoetan, berriz, lautik bat besterik ez dira blogari emakumezkoak.

Eragin handieneko blogak ikertu ez ezik, 14 lagun elkarrizketatu zituen Iker Merchánek (Internet eragin handia duten hamar emakume eta lau aditu), eta El Mundo egunkariak urtero argitaratzen duen "Interneten eragin handiena duten 25 espainiarrak" sailkapeneko lehenbiziko hamar urteetako datuak aztertu zituen. Hona ondorioak: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari ez diote hobekuntzarik ekarri hedabide digitalek, teorian zenbait abantaila badituzten arren. Bestalde, gizonak adina sartzen badira ere Internetera, eragin handiko blogen % 17 bakarrik dira emakumeenak; emakumeak gehiengoa diren gaiak, berriz, hauek dira: Generoa, Haurrak, Edertasuna, Eskulanak, Moda eta Telebista. Gastronomia eta Arkitektura gaietan, berriz, berdintsu dabiltza gizonak eta emakumeak. Gainerakoetan —lau gaitik hirutan—, gizonak dira nagusi. Azkenik, establishmentak eragin handikotzat daukan jendetik, % 92 gizonezkoak dira.

"Arazoa ez da Internet, gizartea baizik"

Merchánen iritziz, "elkarrizketatuen iritziak eta analisiak aztertu ondoren, zera hau nagusitzen da, argi eta garbi: arazoa ez da komunikabidea. Irrati bat ordu-kopuru jakin batez jarduten da egunean; egunkari batek, berriz, orri-kopuru txikia izaten du, gutxi asko..., baina, bat-batean, Interneti esker, nahi adina blog sor ditzakegu, nahi adina gairi buruzkoak; nahi adina Twitterreko kontu eratu ditzakegu... Honenbestez, ugaritasuna nagusi den testuinguru honetan, non Interneterako jauzia eskribauen garaitik inprenta-arora aldatzearen parekoa baita, non denok daramagun poltsikoan geure 'inprenta' (telefono mugikorra)..., gizartea da arazoa, ez hedabidea".

Merchánen iritziz, "Interneterako sarbidea jada arazo ez dugun honetan (zerbitzu unibertsala da ia-ia, gure inguruan behintzat), berdintasunezko gizarte batean bizi garen ala ez adierazteko makrolagin baten modukoa dugu Internet. Izan ere, Internetek ez dio oztopo teknologikorik jartzen sartu nahi duen inori, eta edonork sor dezake han bere hedabidea, edozein delarik ere gaia..., baina ez du gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik erakusten interes orokorreko gaietan (politika, ekonomia, ingurumena...). Gure gizarteak arazo bat duela adierazten digu horrek".