Erabakia, 2020ko apirilaren 30koa, UPV/EHUko idazkari nagusiarena, UPV/EHUko kide anitzeko organoen bilera telematikoen edo urrutitik egindako bileren funtzionamendurako jarraibideak onartzeko dena
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak hau dio 17. artikuluan: kide anitzeko organo guztiak eratzeko eta organo horiek bilerak deitu eta bilerak egiteko eta erabakiak hartu eta aktak bidaltzeko, aurrez aurre egonda nahiz urrutitik jardun ahalko da, salbu eta beren barne erregelamenduan kontrakoa espresuki eta salbuespen gisa jasotzen bada.
Aipatutako legeak ere honako hau xedatzen du: kide anitzeko organoek urrutitik egindako bilkuretan, kideak toki desberdinetan egon ahalko dira, betiere baliabide elektronikoen bidez (halakotzat jotzen dira bide telefonikoak eta ikus‑entzunezkoak ere) bermatzen bada kideen edo kideak ordezten dituzten pertsonen identitatea, kideen adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea nahiz kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean eta bilkurak irauten duen bitartean bitartekoak eskuragarri egongo direla.
UPV/EHUko errektorearen 2020ko martxoaren 12ko Erabakiak prebentzio neurriak ezarri zituen UPV/EHUn COVID (SARS-CoV-2) koronabirusaren egoera eta eboluzioaren ondorioz, eta eten egin zituen aurrez aurreko jarduera akademikoak Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusean, Bizkaiko Campusean eta Gipuzkoako Campusean.
Ondoren, UPV/EHUko errektorearen 2020ko martxoaren 14ko Erabakiaren bidez, eten egin ziren UPV/EHUn aurrez aurreko jarduera guztiak COVID‑19 birusaren agerraldiaren ondorioz, eta kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak osasun larrialdiko egoera ezarri zuela martxoaren 13an eta Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuela martxoaren 14an, egun horretan bertan BOEn argitaratu zen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez.
COVID‑19 birusak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera ezartzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak (martxoaren 14ko BOE) xedatzen du sektore publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko baldintzen eta epeen etena; eta etendako epeen zenbaketa berriro hasiko dela errege dekretuak edo luzapenek, halakorik egonez gero, indarraldia galtzen duten unean. Era berean, errege dekretu horrek ahalbidetzen du kasuan kasuko organo eskudunak erabaki dezakeela, salbuespen moduan eta betiere erabaki arrazoituaren bidez, instrukzio eta antolamendu neurriak hartzea, prozedurako interesatuaren eskubide eta interesetan kalte larriak saihesteko behar‑beharrezkoak direnak, baldin eta interesatuak jakinarazten badu ados dagoela, edo interesatuak adierazten badu epea ez etetearen alde dagoela.
2020ko martxoaren 14ko erabakian adierazitakoaren ildotik, errektorearen 2020ko martxoaren 16ko Erabakiaren bidez zehaztu egin ziren funtsezko zerbitzuak, COVID-19 birusaren agerraldia dela-eta UPV/EHUn aurrez aurreko jarduera guztiak etenda egongo diren aldirako.
Erabaki horren arabera, funtsezkoak ez diren zerbitzuak telelanaren bidez edo urrutiko lan modalitatearen bidez egin behar dituzte unibertsitateko langile guztiek, ahal den guztietan, zerbitzu horiek eman ahal izateko.
Martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak (martxoaren 18ko BOE) aldatu egin zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, COVID‑19 birusak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera ezartzen duena. Zehatz esanda, dekretu horrek hirugarren xedapen gehigarriko laugarren atala aldatu du eta, ondorioz, sektore publikoko erakundeek erabaki dezakete, horretarako arrazoia adierazita, jarraitzea administrazio prozedura hauekin, besteak beste: interes orokorra babesteko ezinbestekoak direnak edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamendurako ezinbestekoak direnak.
Bestalde, 2020ko martxoaren 18ko BOEn argitaratu zen martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretua, COVID‑19 birusaren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko ezohiko neurriei buruzkoa. Errege lege dekretu horretako 5. artikuluak dio urrutiko lan modalitatea lehenetsi behar dela.
Gauzak horrela, beharrezko ikusi da jarraibide batzuk ematea UPV/EHUko kide anitzeko organoen bileretarako, organo horien funtzionamendua errazteko legerian aipatutako kasuetan.
Adierazitakoagatik guztiagatik, eta errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakiko "Xedatzen dut" ataleko bigarren puntuko 5. atalaren babesean (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko erabakia; 2017ko otsailaren 3ko EHAA), idazkari nagusiak erabaki hau eman du:
ERABAKIA
LEHENENGOA.- Onartzea UPV/EHUko kide anitzeko organoen funtzionamendu telematikorako edo urrutiko funtzionamendurako jarraibideak, eranskinean jasota dagoen moduan.
BIGARRENA.- Argitaratzea erabaki hau unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan (Ehutaula).
UPV/EHUko IDAZKARI NAGUSIA
PEDRO MARIA IRIONDO BENGOA
ERANSKINA
Lehenengoa.- Helburua
Jarraibide hauen helburua da jarduteko arauak eskaintzea UPV/EHUko kide anitzeko gobernu eta ordezkaritza organoei, errazteko organo horien urrutiko funtzionamendua edo telematikoa, bat etorrita Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak dioenarekin.
Jarraibide hauei dagokienez, UPV/EHUko kide anitzeko gobernu eta ordezkaritza organoak izango dira unibertsitatearen Estatutuetako 11 artikuluan aipatutakoak.
Unibertsitateak eratu dezakeen kide anitzeko eta gobernuko beste edozein organo ere halakotzat joko da, baldin eta organo horri aholkularitza, proposamen, jarraipen, kontrol edo erabakitze eginkizun administratiboak esleitzen bazaizkio.
Bigarrena.- Baimentzea baliabide elektronikoen erabilera
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeko 17.1 artikuluaren arabera, kide anitzeko organo guztiak eratzeko eta organo horiek bilerak deitu eta bilerak egiteko eta erabakiak hartu eta aktak bidaltzeko, aurrez aurre egonda nahiz urrutitik jardun ahalko da, salbu eta beren barne erregelamenduan kontrakoa espresuki eta salbuespen gisa jasotzen bada.
Hirugarrena.- Urrutiko funtzionamendua edo telematikoa
Jarraibide hauei dagokienez, kide anitzeko organoen urrutiko funtzionamendua edo telematikoa aplikatuko da organoko kideak toki desberdinetan egon ahal direnean eta baliabide elektronikoak erabiliko direnean hauetarako: ohiko, ezohiko eta premiazko bilerak egiteko deialdia bidaltzeko; organoak eratzeko; bilerak egiteko; erabakiak hartzeko; aktak helarazteko; eta bilerako dokumentazioa kontsultatzeko.
Laugarrena.- Baliabideak
Urrutiko bileretan baliabide elektroniko hauek erabili ahal izango dira: erakundearen posta elektronikoa, bat‑bateko telefonia eta mezularitza sistemak, audiokonferentzia eta bideokonferentzia. Beste edozein baliabide ere erabili ahal izango da, baldin eta horren bidez bermatzen bada kideen edo kideak ordezten dituzten pertsonen identitatea, kideen adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea nahiz kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa, eta bilerak irauten duen bitartean bitartekoak eskuragarri egongo direla.
Bosgarrena.- Deialdiak
Kide anitzeko organoen bileretarako deialdiei oro har eskatzen zaienaz gain ‑aztergaien zerrendako puntuei buruzko dokumentazioa bide elektronikoz eskuragarri jartzea, bereziki‑ deialdian zehaztuko da zer baliabide elektroniko erabiliko diren kasu bakoitzean.
Era berean, aipatu egin beharko da bilerari online eta aldi berean jarraitu ahal izango zaion, edota deialdian zehaztuko den denbora tartearen barruan, seigarren ataleko 6.3 puntuan azaltzen den moduan. Bigarren kasu horretan, deialdian, bileraren eguna eta hasierako ordua zehazteaz gain, bilera noiz amaituko den adierazi beharko da. Bilerak 6 ordu/8 ordu iraungo du gehienera, hasierako ordutik aurrera kontatuta.
Erabiliko den baliabidea erakundearen posta elektronikoa izango bada, gomendatzen da organoko kideen zerrenda elektronikoa sortzea, bai deialdia egiteko bai organoaren funtzionamenduari lotutako gainerako egintzetarako ere. Beste baliabide bat erabiliko balitz, eta haren eraginkortasunak ahalbidetzen badu, modu berean jardutea gomendatzen da.
Seigarrena.- Bilera telematikoen edo urrutiko bileren nondik norakoak
6.1.- Organoko idazkariak parte hartzaileen identitatea egiaztatu beharko du beti, eta dokumentu batean jaso, quorumerako.
6.2.- Bilera telematikoak online eta aldi berean egin ahalko dira, edota ondoz ondo parte hartuz denbora tarte baten barruan.
6.3.- Kideek ondoz ondo parte hartuz egitekoak diren bileretan, ez da beharrezkoa izango kideek aldi berean egotea online hitz egiten dutenean; hala ere, mintzatu nahi dutenek hala egin beharko dute deialdian horretarako zehaztuko den denbora tartearen barruan.
Organoko buruak hala erabakiz gero, deialdian parte hartzeetarako eta eztabaidetarako zehaztuko den denbora tartea izango da aztergaien zerrendako puntu guztietarako; edo erabaki dezake, bestela, denbora tarte jakin bat zehaztea puntu bakoitzerako.
6.4.- Bermatuta egon beharko da kide anitzeko organoko kideek benetan har dezaketela parte deliberazio eta eztabaidetan, bai eta organoaren borondatearen eraketan ere. Organoko kideen ardura izango da beharrezko baliabide teknikoak edukitzea egongo diren tokian eta bilerak iraungo duen bitartean, urrutitik konektatzeko deialdian aipatutako sistema edo baliabidearen bidez. Era berean, bilerako buruari jakinarazi beharko diote konektatuta edo deskonektatuta dauden bilerarako erabiliko den baliabidera.
Zazpigarrena.- Erabakiak hartzea
Kide anitzeko organoen erabakiak baiespenez edo bozketaz hartuko dira eta, azken kasu horretan, ahoz zein idatziz esango da zein den botoaren edukia, betiere bilerarako erabiliko den baliabidearen arabera.
Kideek ondoz ondo parte hartuz egingo diren bileretan botoak emango dira deialdian horretarako zehaztuko den denbora tartearen barruan. Bilerako buruak hala erabakiz gero, aldi berean egin ahal izango da aztertuta dauden gai guztien bozketa, baina ondo identifikatuta geratu beharko da organoko kide bakoitzak aztergaietako puntu bakoitzean emandako botoaren edukia.
Aztertutako gairen batek bozketa sekretua egitea eskatzen badu, kide anitzeko organoko idazkariak aldez aurretik egituratu beharko ditu honako hauek egiaztatzeko sistemak: batetik, boto emailearen identitatea; eta, bestetik, botoaren osotasuna, konfidentzialtasuna, benetakotasuna eta eskuragarritasuna. Halakorik egin ezin bada, botoa organoko idazkariari helaraziko zaio soilik, eta idazkariak, zenbaketaren eta emaitzaren berri eman ondoren, emandako botoaren konfidentzialtasuna zainduko du.
Aktek bermatuko dute jasota geratuko direla organoko kideen adierazpenak, zein baliabide erabili duten bileran parte hartzeko, eta hartutako erabakien edukia organoko kideen eskura egongo dela.
Zortzigarrena.- Urrutitik egindako bileren tokia eta data
Kide anitzeko organo baten bilera urrutitik egiten denean, bilera hori kide anitzeko organoaren egoitzan egin dela ulertuko da, edo, bestela, bilerako burua dagoen tokian, eta UPV/EHUren egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialetan.