Loraldia Festibalak eta UPV/EHUk gure lurraldeari buruzko 3Dko lehenengo filmaren aurkikuntza aurkeztu dute gaur goizean. Euskadi du izenburua eta René Le Hennaff-ek zuzendu zuen 1936an, zinematografoaren asmatzaile Louis Lumièrek garaian garatu zuen teknika baten bidez. Hilaren 15ean Azkuna Zentroan erakutsiko da, Loraldia Festibalaren barruan. Jaialdi horrek beste hiru proiekzio antolatu ditu: Iruñean, Donostian eta Baionan.
Loraldiak eta UPV/EHUk orain dela 80 urte egindako 3D-ko EUSKADI filmaren aurkikuntza iragarri dute
Euskal Herrian ez zen inoiz estreinatu eta Parisen topatu berri du UPV/EHUko ikerlari batek
Lehenengo argitaratze data: 2017/03/01
Bizkaia Aretoan izandako gaurko aurkezpenean, Loraldia Kultur Elkarteko koordinatzaile Mikeldi Uribe-Etxebarria, Bizkaiko Campuseko errektoreorde Patxi Juaristi, Bea Narbaiza irakasle eta Nor ikerketa taldeko ordezkaria eta UPV/EHUko ikertzaile Josu Martinez izan dira.
Loraldia Elkarteko koordinatzaile Mikeldi Uribe-Etxebarriak film hau kaleratzearen helburuak aipatu ditu: "Gure kulturaren transmisioa eta prestigioa bultzatu, gure historia kulturala ezagutarazi, gure historia berreskuratu, ikusarazi eta garrantzitsutzat jo. Horiek dira gure festibalaren bide sortzaileetako batzuk".
Euskadi ez da soilik Euskal Herriari buruzko lehenengo 3Dko filma, baizik eta garai hartan teknika hori erabiliz egindako bakarretako filma ere bada. Izan ere, Lumièreren azken asmakizunak ez zuen arrakastarik lortu eta berehala baztertu zen. Behin telezineatuta, doikuntza txiki batzuk eginda, garaian ikusten zuten bezala ikus dezakegu orain, 3 dimentsiotan, betaurreko anaglifoen laguntzaz. Horixe baitzen Louis Lumière-ren erliebeko zinemaren sistemaren oinarria.
Euskadik bat egiten du beste hainbat dokumental atzerritarrek planteatutako euskaldunak irudikatzeko imajinario erromantikoarekin, baina oraingoan beste gai batzuk ere agertzen dira, adibidez, hirietako irudiak eta turismoaren gaia. Dantzei buruzko irudiek balore handia dute, Josu Martinezen esanetan, bereziki Donibane Garazin filmatutako kabalkada bat. "Txukun txukun errealizatutako filma da, teknikoki oso ongi pentsatua, erliebeari ahalik eta zuku gehien ateratzeko".
Josu Martinezen ustez, film honen aurkikuntzak tendentzia bat konfirmatzen du: "Zinemagile atzerritar handiek Ipar Euskal Herria hautatu zuten asmakizun berriaren potentzialitatea erakusteko. Lumière anaiak ere, zinema asmatu eta gutxira, Biarritzera etorri ziren itsasoaren mugimendua filmatzera eta hala sortu zen Les rochers de la vierge (1896). Hainbat urte beranduago, zinema soinuduna asmatzean, Au pays des Basques (Maurice Champreux, 1930), estudioetatik kanpo Frantzian ekoitzitako lehen film soinuduna izan zen".
Euskadi 1937ko apirilean estreinatu zen, Pariseko Olympia teatro famatuan. Zinema munduko hainbat pertsonalitate izan ziren estreinaldian, tartean Lumière bera, eta kritika onak izan zituen. Alta, gero, oso gutxi zabaldu zen filma, oso areto gutxik zeukatelako erliebeko zinema proiektatzeko makinaria. Euskadi egin arte, Le Henaff muntatzaile prestigioduna zen; ondoren, hainbat film komertzial zuzendu zituen Frantzian. 2005an hil zen, 103 urte zituela.
Bilaketa eta aurkikuntza
Josu Martinez film honen bila hasi zen aipamen batzuk topatu zituenean. "Hiru edo lau historiagilek paragrafo pare bat dedikatzen zioten, baina informazioa nahasia zen. Batzuetan, 1933an Teodoro Hernandorenak zuzendutako Euzkadi dokumental abertzalearekin nahasten zen, beste batzuetan esaten zen Eusko Jaurlaritzak produzitu zuela.... Azkenean, Jose Mari Unsain historialariak eman zidan pista ona".
Ikerlariak Pariseko Pathé Gaumont ekoiztetxearen inbentarioetan topatu zuen erreferentzia, baina pelikula originala, nitratozko kopia, CNC-n, (Centre National de Cinématographie) gordetzen zuten. "Asko kostatu zitzaidan konbentzitzea filma ikusten uzteko, izan ere, horretarako digitalizatu beharra zuten. Azkenean lortu nuen, eta harribitxi baten aurrean geundela ohartu nintzen".
Loraldia Festibalak film historiko honen proiekzio hauek antolatu ditu:
● Martxoak 11: Iruñea. Punto de Vista Zinemaldia.
● Martxoak 15: Bilbo. Azkuna Zentroa. 19:30. Loraldia Festibala. Josu Martinezek aurkeztua.
● Martxoak 23: Donostia. Tabakalera (Euskal Filmotekarekin elkarlanean)
● Martxoak 24: Baiona. Atalante zine-aretoa (Institut Culturel Basque EKE-ICB-rekin elkarlanean)
Euskadi filmaz gain, emanaldi hauetan guztietan 60 hamarkadako euskal kulturari buruzko bi dokumental suediar erakutsiko dira: Basker eta Bonde i Baskerland. Hauek aurten topatu ditu UPV/EHUko ikerlari Argibel Euba Ugartek.