Hasi da SEA Espainiako Astronomia Elkartearen XII. Zientzia Bilera, Bilbon. Datorren ostiralera arte iraungo du, eta bertan izango dira astronomiaren esparruko 350 profesional, partaideen eta zientzialari gonbidatuen artean.
Hasi da Astronomia Elkartearen XII. Zientzia Bilera
Kezka agertu dute astronomiako ikertzaile gazteentzako doktorego ondoko kontratuak eta bekak izugarri urritu direla eta
Lehenengo argitaratze data: 2016/07/18
Inaugurazioan izan dira Iñaki Goirizelaia, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea; Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura sailburua; Javier Gorgas, Espainiako Astronomia Elkarteko burua; eta Agustín Sánchez Lavega, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldearen zuzendaria eta zientzia bilera horren antolakuntza batzordeko burua.
Espainiako astronomiaren eta astrofisikaren arloko Giza Baliabideen 2. Txostena
Javier Gorgasek, Espainiako Astronomia Elkarteko buruak, Espainiako astronomiaren eta astrofisikaren arloko Giza Baliabideen 2016ko Txostena aurkeztu du, SEAk egindakoa. Txostenean, arlo horretan ikertzen duten Espainiako 50 zentroen datuak jaso dituzte, unibertsitateenak eta ikerketa organismo publiko nagusienak barne.
Javier Gorgasen hitzetan, emaitzak "guztiz kezkagarriak" dira; izan ere, erakusten dute gutxitu egin direla astronomiaren arloko profesionalentzako kontratuak, bereziki ikertzaile gazteenei dagozkienak, eta "horrek arriskuan jartzen du Espainiako astronomiaren garapenaren oraina eta geroa".
Datu kezkagarriak
% 30 urritu dira doktorego ondoko kontratudunak eta % 19 doktorego tesia beka batekin egiten duten gazteak. Gaur egun, Espainian astronomiaren arloko 787 profesional daude, eta horien erdiak (% 50) unibertsitateko, ikerketa organismo publikoetako edo beste zentro batzuetako (astronomia behategiak, adibidez) langileak dira. Profesional guztien % 27k doktorego ondoko kontratuak dituzte, eta % 23, berriz, doktorego aurreko ikertzaileak dira, doktorego tesia egiten ari direnak.
Azterlanak erakusten duenez, azken lau urteotan (2012tik 2016ra) % 15 murriztu da Espainiako astronomo guztien kopurua. Kezkagarriena, halere, hauxe da: nahiz eta langile iraunkorren plantillei ia-ia egonkor eutsi zaien aldi horretan guztian, doktorego ondoko kontratuak % 30 murriztu dira, eta doktorego aurreko kontratu eta bekak, berriz, % 19.
Gainera, doktorego ondoko ikertzaile gehien-gehienek zientzia proiektu jakin batzuekin loturiko kontratuak dituzte, urtebetekoak edo bi urtekoak; hortaz, ez dute bermatua kontratuaren jarraitutasuna, eta "ikerkuntzaren etorkizuna ezegonkortzen da horrela", Francesca Figueras SEAko presidenteordeak adierazi duenez. "Doktorego ondoko eta aurreko kontratuen kopuru orokorrak 2008ko edo are lehenagoko balioetara murriztu dira". Murrizketa horrek, paradoxikoki, bat egiten du Espainiako astronomiak aurrerapen handiak lortu dituen sasoiarekin; kasurako, ESO Europako Behategi Australean sartzea lortu du, eta GTC Kanarietako Teleskopio Handia ustiatzeari ekin zaio. Alabaina, horren ondorioz ez dira kontratuak ugaritu; aitzitik, urritu egin dira.
Alde horretatik, Javier Gorgasek esan duenez, "Espainiako Astronomia Elkartea erabat kezkatuta dago joera hori dela eta; izan ere, hala jarraituz gero, ezingo genuke plantilla gaztetu, eta hori behar-beharrezkoa da. Belaunaldi hutsune horrek geldiarazi egingo du esparru honetako ikerkuntza, eta, horrez gain, arriskuan jarriko du Espainiak nazioarteko proiektu eta konpromisoetan epe ertain eta luzera esku hartzeko duen aukera".
Bestalde, Espainian irakurritako astronomia tesien kopuruak gora egin du urte hauetan, gorabeherekin bada ere. 2000 eta 2009 artean 298 tesi aurkeztu ziren guztira, eta 2010 eta 2015 artean ia-ia berdindu egin da kopuru hori.
Alabaina, "Espainian trebaturiko ikertzaile berri horietako batzuek atzerriko zentroetara jotzen dute, Espainian kontraturik ez dutelako aurkitzen", azaldu du Javier Gorgasek. Dena dela, ez dago fenomeno horren inguruko zifra zehatzik. Ikertzaileen beste ehuneko batek, berriz, ikerkuntza albo batera utziko du azkenerako.
Txostenak jasotzen duenez, 2011ra arte tesiak irakurri zituztenen datuetan oinarrituz, astrofisikako doktoreen % 20 inguruk ikerkuntza bazter uzten dute tesia egin eta bost urtera, eta % 40 inguruk hamar urteren buruan. Zantzuen arabera, litekeena da datozen urteetan gero eta jende gehiagok uztea ikerkuntzari.
Espainia ESOn sartu zeneko hamargarren urteurrena
Lehen jardunaldiko gai nagusia Espainia ESO Europako Behategi Australean sartu zeneko hamargarren urtemuga izan da. Gaur egun, behategi horrek Europako 15 kide ditu, eta zenbait behategi Txilen, bere proiektu nagusia barne: Europako Teleskopio Izugarri Handia (E-ELT), 39 metrokoa. Egun teleskopioa eraikitzen ari dira, eta 2024 alderako jarriko dute martxan.
Tim Zeeuw-k, ESOko zuzendari nagusiak, Espainiako astronomia komunitateak ESOn duen inplikazioa nabarmendu du. Horren erakusgarri da, adibidez, Espainiako ikertzaileek urtero 200 artikulutik gora egiten laguntzen dutela ESOren behategietan lortutako datuetan oinarrituta, eta horietatik 50en lehen egilea espainiarra dela. ESO, gainera, Espainiako argitalpenetarako behaketa garrantzitsuenen bigarren iturria da, ESA Europako Espazio Agentziaren atzetik.
Horrez gain, zientzialari eta ingeniari espainiarrek teleskopioak instrumentatzen jarduten dute La Silla Paranaleko behategietan eta etorkizuneko E-ELT teleskopiorako. Halaber, Espainiako industriak VISTA, ALMAren antenak eta E-ELT eraikitzen esku hartu du, besteak beste. Gainera, Espainiako enpresa batzuk, IDOM eta CESA esaterako, Europako Teleskopio Izugarri Handia (E-ELT) diseinatzeko B fasean dabiltza lanean; hau da, kupula eta egitura nagusia eraikitzen. Orain artean, Espainiako enpresek guztira 8 milioi euroko kontratuak egin dituzte.
Espainiak, urtero, % 7,5eko ekarpena egiten dio ESOri, hots, 11 milioi euro urtean, eta horrek La Silla Paranalen eta ALMAn behatzeko denbora izatea bermatzen dio. ESOko nazioarteko langileen % 6 espainiarrak dira.
Bihar, jende ororentzako behaketa astronomikoa
SEAren XII. Zientzia Bileran, era berean, jende ororentzako hainbat jarduera egingo dira. Lehena asteartean izango da, 22:00etan, eguraldiak bide ematen badu behintzat; hain zuzen ere, behaketa astronomikoa egingo dute Guggenheimeko zabalgunetik, Bizkaiko Astronomia Elkarteak lagunduta, eta adin guztietako edonork parte hartu ahal izango du.