Unibertsitate publikoaren eta bertoko ikasle eta langileon alde

Unibertsitate publikoaren eta bertoko ikasle eta langileon alde

Goizero 50.000 bat pertsona esnatu eta gure unibertsitatera abiatzen gara helburu desberdinekin. Batzuk, ikastera, eta beren etorkizun pertsonalean eta profesionalean balioko dieten bizipenen bila. Beste batzuk, irakastera, jakintzan sakontzera, lan egitera jakintza horren onura gizarteari helarazteko. Batzuk, gure unibertsitate publikoa hobetzen eta gizartearen erreferente bihurtzen lagunduko duten erabakiak hartzera. Beste batzuk, erabaki horiek edo jokamolde horiek kritikatzera eta alternatibak proposatzera, unibertsitatea aurrerantz bultzatzeko asmo berarekin.

Baina gure unibertsitatera egunero etortzen garen 50.000 lagun horietako bakoitzaren helburuak eta zereginak edozein direla ere, gogotsu gatoz guztiok, gure onena ematen saiatzera eta besteengandik ikastera. Gure unibertsitatea estimatzen dugu eta hobetu egin nahi dugu. Geurea delako. Gizarte osoarena delako. Eta unibertsitatean gaudenean eta berton dihardugunean, gure adierazpen, bilera eta manifestazio askatasuna baliatuz aritzen gara –eta horixe nahi dugu–, aldi berean gainerakoen adierazpen, bilera eta manifestazio askatasuna errespetatuz, elkar ulertzen saiatuz eta guztion arteko elkarrizketa bilatuz.

Izan ere, orain hilabete batzuk, unibertsitatea osatzen duten sektore eta pentsaera desberdinen arteko akordioaren fruitu, bi testu onartu ditugu aho batez: batetik, Bizikidetza Arautegia, UPV/EHUn elkar ulertzeko bideak eta bizikidetza baketsua bultzatzeko, bai eta balio demokratikoekiko, oinarrizko eskubideekiko eta askatasun publikoekiko errespetu osoa bermatzeko ere, horretarako adierazpen askatasuna sustatuz eta indarkeria oro ezabatuz, eta bestetik, gure unibertsitate publikoaren lehen Kode Etikoa. Adierazpen askatasuna errespetuz erabiltzearen aldeko aldarria egiten da Kodean, hau da, tolerantziaz eta begirunez jokatuz pertsona guztiekiko (nork bere ideia, sinesmen, ikuspegi eta harremanak izateko eta lankidetzan aritzeko modu desberdinak dituela), kalte fisiko edo psikikorik eragin ez dadin. Beraz, adierazpen askatasunaren muga bakarrak dira, batetik, instalazioak modu arduratsuan erabili beharra, eta, bestetik, indarkeria fisiko, psikologiko edo hitzezkoaren debeku esplizitu eta erabatekoa, jazarpena eta diskriminazioa ere galarazten dituena. Labur esanda, adierazpen askatasunaren muga bakarra beste pertsonen adierazpen askatasuna da. Harrotzeko modukoa da gure unibertsitateko kideen gehiengoak balio horiek defendatzea.

Hala ere, azken hilabeteotan elkarbizitza baketsuaren aurkako erasoak ikusi ditugu behin eta berriz: pertsonen kontrako eraso fisikoak eta hitzezkoak, irainak eta mehatxuak, tresneriaren eta instalazioen suntsiketa. Elkarbizitza baketsuaren kontrako erasook oso talde txikiek egin dituzte, unibertsitateko ikasleek nahiz unibertsitatetik kanpoko pertsonek osatuek. Erasoon adibide tristeak ikusi dira Arabako Campuseko Errektoreordetzan, Letren Fakultatean, Informatika Fakultatean, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzan.

Erasotzaileek irainak eta mehatxuak bota dituzte, pintura jaurti diete objektu eta pertsonei, ondare publikoa hondatu dute eta beren eskariak bete nahi izan ez dituzten pertsonak beldurtzen saiatu dira. Dirudienez, okerkeria hauek egin dituztenek ez dituzte onartzen ez bere egiten unibertsitatea gobernatzen duten bizikidetza arauak. Zalantza barik, neurriok kritikatu egin daitezke. Baina, zalantza barik, kritika oro –adierazpen askatasunetik sortua baita– besteen

adierazpen askatasuna errespetatuz egin behar da. Erasoek, irainek eta larderiak halako portaeren biktimak isiltzea dakarte, edo hori bilatzen da behintzat. Desadostasuna isilarazi nahi dute, eta, hortaz, eztabaida eta bizikidetza eragotzi. Gainera, jokabide horietako batzuek ondarea suntsitzea dakarte, eta kalte horiek diru publikoz konpondu behar dira, geure zergetatik datorren eta agorrezina ez den diruaz, horren ondorioz beste helburu batzuetarako erabili ezin izango den diruaz. Hitz batean, halako portaerek kalte egiten diete pertsonen eskubideei, ondasun publikoei eta gure unibertsitate publikoaren izen onari.

Hori guztiz onartezina da, eta adierazpen honekin argi utzi gura dugu ez garela erasoen aurrean isilduko. Nahi dugu unibertsitateko langile eta ikasle guztiok berton eroso eta seguru sentitzea, nahi duguna askatasunez adierazi ahal izatea eta elkarrizketan askatasunez aritu ahal izatea, eta besteei gauza bera egiten uztea. Aldarrikatu nahi dugu unibertsitateko eremu publikoak askatasun eta gozamen eremuak izan behar direla, beldurrik gabeko eremuak, guztion eremuak. Portaera horiek unibertsitatearen izaeraren kontrakoak dira guztiz, eta erabat gaitzesten ditugu, aringarririk gabe. Eta deitoratu egiten dugu, eta geure egiten, haien biktima izan diren pertsonen mina. Haiei adierazten diegun elkartasuna, aldi berean, indarkeria ororen arbuio irmoa ere bada, indarkeria hori fisikoa, psikologikoa nahiz hitzezkoa izan.

Adierazpen hau sinatzen dugunok beti defendatuko ditugu unibertsitate publikoa, haren balioak eta, jakina, berton lan egiten eta ikasten duten pertsona guztiak.

 

Sinatzaileen zerrenda (Egunero eguneratuko da)

Bat egiten dut adierazpen honekin