euskaraespañol

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Darwin: hautespen naturalaren ideiaren indarra

Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/12

Jaiotzea gizakiontzat ez da erraza, amaren erditze-kanalarekin alderatuz haurraren burua handiegia delako. Jirafek sama oso luzea dute, beste edozein ugaztunek baino luzeagoa, nahiz eta ez dakigun oso ondo zergatik den hain luzea. Konfigurazio-akats nabarmen bat dute gure begiek; hortaz, organo konplexua da, baina ez perfektoa. Txibia erraldoiaren begiak oso handiak dira, handienak animalien artean; zeroiak urrundik antzeman ditzakete tamaina handi horri esker. Gizakiok erresistentzia handia dugu lasterka egiten, eta leku beroetan bada, beste edozein ugaztunek baino handiagoa. Animalien ezaugarri solte batzuk ekarri ditut hona horiexek direlako ondoen ezagutzen ditudan bizidunak, animaliak hain zuzen ere. Aipatu ditudan espezieen historiarekin eta, beraz, euren eboluzioarekin zerikusi handia duten ezaugarriak dira. Eboluzioa edo, hobeto esanda, eboluzioaren teoria, bera baita gaur hona ekarriko dudan gaia, teoria bera eta teoria sortu zuen zientzialaria, Darwin alegia.

Darwinen eguna ospatzen dugu gaur. 1809ko otsailaren 12an jaio zen Charles Darwin, zientziaren historian izan den pertsonai garrantzitsuenetako bat eta biologiarenean handiena zalantza-izpirik gabe. Berak proposatu zuen bizidun guztiak arbaso komun batetik gatozela eta arbaso horretatik eboluzionatu dugula, hautespen naturala deitzen dugun prozesuaren eraginez hain zuzen ere. Egia esan, Darwin ez zen lehena izan bizidunak denboran zehar aldatzen direla, eboluzionatzen dutela alegia, aldarrikatzen, baina bera izan zen -hori bai- eboluzio horretarako egun ontzat ematen dugun eta hautespen natural moduan ezagutzen dugun mekanismoa proposatu zuena. Hautespen naturalaren inguruan, hala ere, gaizkiulertu handia dago jendartean, zeren bizidunen arteko hil ala biziko lehiaren emaitzatzat hartzen baitu jende askok. Ideia hori, baina, ez da oso zuzena. Izan ere, eboluzioaren ikuspuntutik, ugalkortasun diferentziala da izaki bizidunen egokitasunaren (fitness delakoa lengoia darwindarrean) neurri zuzenena, alearen biziraupena baino, ondorengoen kopurua baita gakoa. Eboluzioaren teoriaren ikuspuntutik ondorengo gehien uzten duen alea da arrakasta ebolutibo handiena duena. Eta nahiz eta kontu horren inguruan eztabaida handia dagoen adituen artean, logika berbera erabil daiteke gene, banako, populazio edo espezieari dagokionez. Beraz, hautespen naturalaren eraginpean dauden protagonistatzat geneak, banakoak, populazioak zein espezieak hartu, baldintza fisiko eta biotiko jakin batzuen menpean egonik, ondorengo gehien uzten dituztenak dira baldintza horien pean egokitsaun-maila garaiena -eta, hortaz, arrakasta ebolutibo handiena- dutenak. Ahantzi gabe kontingentziaren eragin uka ezina, izan ere une eta toki "egokian" bizitzearen "zortearen" arabera asko aldatzen da espezie baten etorkizun ebolutiboa. Adibide paradigmatikoa da ingurune guztietara hain ondo moldatuta zeuden dinosauruen "zorte txarra" eta gertaera berberaren ondorioz dinosauruen tirania ekologikoaren menpe bizi ziren ugaztunek izan zuten "zorte ona".

Sekulako garrantzia izan du darwinismoak zientzian. Biologiaren diziplina guztietan izan du gainera eragina; Theodosius Dobzhanski genetista handiak esan zuen bezala, "biologian ezerk ez du zentzurik ez bada eboluzioaren ikuspegitik aztertzen" (nothing in biology makes sense except in the light of evolution). Bizidunen morfologia, funtzionamendua, dibertsitatea, edo ekosistemetan batzuk eta besteek dituzten zereginak, esaterako, ezin litezke ulertu eboluzioaren teoria albo batera utziko bagenu. Gaixotasun askok jatorri ebolutiboa dute, gure iraganaren ondorio direlako. Eta bakterioek antibiotikoekiko duten erresistentzia bera ere eboluzioaren –bakterioena kasu honetan- ondorio eta adibide ezin hobea da.

Eboluzioaren teoriaren garrantzia, bestalde, ez da gelditu zientziaren mugen barruan, sekulako eragina izan baitu kulturaren gainontzeko esparruetan ere. Hortaz, esaten ohi da zientziaren historian inplikazio filosofiko sakonak izan dituzten garrantzi handiko hiru aurkikuntza egin direla. Honakoak dira hiru horiek: geozentrismoa bazter batera utzi zuen Nikolas Kopernikoren mundu-ikuskera bata, darwinismoa, bigarrena, eta mekanika kuantikoak ekarri duen materiaren ezagutzaren berezko ziurgabetasuna hirugarrena.

Esan bezala, Darwinena izan zen, hain zuzen ere, bigarren aurkikuntza handia. Ordura arte gizakiok ginen Kreazioaren erdigune eta gailurra; horrelaxe ikusten genuen gure burua Mendebaldeko herri eta kulturetan behintzat. Bada, animalia guztiak arbaso komun batetik gatozela aldarrikatzerakoan, gainontzeko animalien parean kokatu gintuen Darwinek nonbait. Beraz, Kopernikok Unibertsoaren erdigunetik atera bagintuen, Kreazioarenetik kanporatu gintuena Darwin izan zen, bere hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren teoriaren bitartez. Horri dagokio, hain zuzen ere, darwinismoaren garrantzi kultural edo filosofiko handia, mundu-ikuskeraren erabateko aldaketa ekarri zuelako. Ez zen aldaketa txikia izan; askok horregatik ez dute oraindik onartu.

 

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuestes. UPV/EHU