Ixone Fernández de Labastida Medina
Eusko Folklore Urtekaria: Jose Miguel Barandiaranen proiektuak 100 urte bete ditu
Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakaslea eta Jose Miguel Barandiaran Fundazioaren lehendakaria
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2022/03/10
2021. urtean Eusko Folklore Aldizkariak 100 urte bete zituen. Jose Miguel Barandiaran etnografo eta arkeologoak proiektu hau abian jarri zuen 1921. urtean euskal literatura eta kulturaren loraldi garai bat bizi zenean «euskal pizkundea» izenekoa. Pentsa daitekenez Euskal Herrian publikatzen den zientzia aldizkaririk zaharrena da eta haren ibilbide luzeari esker garaiko errealitate soziopolitiko eta kulturalaren ezagutzara hurbildu gaitezke. Aldizkariaren edukiei nahiz ehun urteko jardunbideari erreparatu ezkero azken mendeko euskal gizarteari buruzko informazio ugari eta anitza aurkituko dugu. Horrexegatik, oso baliabide zientifiko garrantzitsua da, ez bakarrik iraganeko euskal kultura ezagutu nahi duenarentzat, baita gaur egungoa aztergai duenarentzat ere, 52. zenbakitik aurrera aldizkariak izan duen berritze editorialaren ondorioz.
Eusko Ikaskuntza elkargune zientifiko eta kulturala 1918. urtean Oñatin egindako lehen kongresuaren ondorioz sortu zen. Bertan egon ziren etnografia eta arkeologia ikerketetan Euskal Herri nahiz Europa mailan garaiko erreferente aipagarrienak: Telesforo de Aranzadi, Jose Miguel de Barandiaran eta Enrique Eguren ikerlariak. Jose Miguel Barandiaranek (Ataunen, 1889-1991) aurreko testuinguruaren bultzada aprobetxatuz, Gasteizko Seminarioan errektorde zenean Eusko Folklore proiektuari ekin zion. Zeregin gorena euskal gizartea eraldaketa soziopolitiko eta ekonomikoan guztiz murgilduta zegoen garai hartan, euskal kultura herrikoiaren inguruko ikerketa bultzatzea izan zen. Helburu handi horrek markatu zuen bere gainerako lanaren zentzua eta hura lortzeko egitura metodologiko sendoa sortu zuen. Jose Miguel Barandiaranek beste ikasle eta ikerlariekin sarean lan egiteko zuen ahalmenari esker Euskal Etnografia Eskola sortzera iritsi zen. Lorpen oso garrantzitsua, are gehiago unibertsitatetik kanpoko testuinguru batean lortu zela kontutan izaten badugu. Honen ondorioz, zeregin horretan Eusko Folklore Urtekaria ezinbesteko baliabide pedagogikoan bihurtu zen Barandiaran arkeologo eta antropologoaren helburu, eduki eta lan egiteko moduak gizartean zabaltzeko.
Eusko Folklore Urtekaria sortu zenetik, honek garai ezberdinak bizi izan ditu. Testuinguru soziopolitikoak guztiz baldintzatu du 100 urteko ibilbidea duen eta euskal gaiak aztergai dituen publikazio hau. Modu honetan, lau garai ezberdin bereiztu daitezke. Lehen etapa, 1921tik 1936ra arte noiz Gerra Zibilak aldizkariaren funtzionamendua eten zuen. Garai hartan nagusiki gai etnografikoak jorratu ziren nahiz eta zenbait lan arkeologiko ere kaleratu ziren. Tamalez, gerrateak eten egin zituen mota honetako proiektuak eta Jose Miguel Barandiaranek berak hamazazpi urte erbestean eman behar izan zituen Sara herrian, Lapurdin. Orduan, Jose Miguel Barandiaran Iparraldetik Hego Euskal Herrira bueltatu zenean bertako errealitate sozioekonomikoa ikusi eta gero, desagertzear zegoen kultura etnografiatzea inoiz baino beharrezkoagoa zela pentsatu zuen horrekin batera urtekariaren bigarren aroari ekinez. Garai honetan euskal artzaintzari buruzko lanak eta Iparralden egindako lan etnografikoaren ondorioz idatzitako “Bosquejo etnográfico de Sara” lanaren emaitzak dira aipagarrienak. Bigarren etapa 1955tik 1978ra bitartean garatu zen Aranzadi Zientzia Elkartearen babesari esker urtekaria berriz ere martxan jarri zelarik. Garai honetako publikazio sortan Etniker taldeei egiten die erreferentzia lehen aldiz, Euskal Herrian zehar sakabanatuta zeuden Euskal Etnografia Eskolaren jarraitzaileak. Hauek Barandiaran Galdetegia herri ezberdinetan aplikatzea zuten helburua eta lan guzti horiekin, Euskal Herriko Atlas Etnografikoa sortzea. Aipaturiko lan etnografiko hauetaz gain, Barandiaranen nahiz beste arkeologo batzuen indusketa arkeologikoen emaitzak ere jasotzen dira.
Urtekariaren hirugarren garaia Eusko Ikaskuntzaren berreraikuntzarekin batera eman zen 1978. urtean eta ordutik aurrera, haren izenean argitaratzen hasi zen berriz ere. Garai honetan eman ziren aurrerakuntza aipagarrien artean ditugu lehen euskarazko artikuluen idazketa eta unibertsitateko irakasle eta ikerlarien lanen publikazioak.
1988a geroztik Eusko Folklore Urtekariaren kaleratzea Jose Miguel Barandiaran Fundazioaren baitan geratu zen. Momentu horretatik aurrera, Barandiaranek berak haren lana eta produkzio zientifikoa babesteko sortutako erakunde honetako publikaziorik kuttunena, baina ez bakarra, bihurtu zen Urtekaria. 2017tik aurrera, laugarren garai batean murgiltzen gara. Aldizkariaren batzorde editorial berri batek, gure inguruko errealitate kultural eta arkeologikoa argitzean datzan azken helburuari erantzunez, berau berritzeko prozesuari ekin zion.
51. zenbakitik aurrera, ikerketa-gai eta ikuspegi metodologiko berriak aurkituko ditugu. Euskarazko argitalpenei, ikertzaile berriek egindako lanei eta emakume antropologo eta arkeologoek egindako ikerketen ikusgarritasun handiagoari lehentasuna emanez, urtekariak euskal esparru akademikorako informazio-iturri garrantzitsua izan nahi du. Horregatik, eta aurrekoarekin batera, aldizkariaren kalitate-irizpideak ere egokitu dira.
Aldizkariaren hobekuntza prozesu hau fundazioaren baitan azken urtetan aurrera daramagun Jose Miguel Barandiaranen irudia eta lana berraktibatzeko ekimen zabalago batean kokatu behar da. Zentzu berean kokatu behar da egun fundazioak Euskal Herriko hainbat erakunde publiko eta eragile kulturalen artean sustatutako prozesu partehartzailea. Lan hildo honetatik espero dena euskal antropologo eta arkeologo honen irudia eta lana esparru akademikoarekin gehiago elkarlotzea eta gizarte osoan zehar zabaltzea. Urtekaria bezala, Jose Miguel Barandiaranen obra eta figura ere baliabide zientifiko garrantzitsua dira, iraganeko eta orainaldiko testuinguru kulturalera hurbiltzea ahalbidetzen gaituena ez bakarrik ideien esparrutik baizik eta landutako gaien, lekuen eta hizkuntzaren beraren hurbiltasunak emandako emozioen ikuspegitik ere bai.