Ehun ikertzaile baino gehiago dira (122), 22 herrialdetako 82 ikergunetakoak, The Science Bridge artikulua sinatu dutenak, alegatu bat Ekialde Ertaineko eta Mendebaldeko kulturen arteko lankidetza sustatzeko. Artikulu hori Neuron aldizkari zientifikoan argitaratu da. Sinatzaileen artean, Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaile daude. Orain arte, mundu osoko 200 pertsonak babestu dute artikulua, guztiak zientziaren arlokoak, eta horien artean 29 Nobel Saridun daude.
Zubiak eraikiz zientziaren bidez
Ehunetik gora ikertzailek sinatu dute The Science Bridge ekimena, mundu hobea eraikitzeko eta gaixotasunak desagerrarazteko asmoz
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2018/01/08
Olga Peñagarikanok, Euskal Herriko Unibertsitateko Farmakologia Saileko irakasle eta sinatzaileetako batek, adierazten duenez, “ekimenaren bultzatzailea Mazahir Hasan Ikerbasqueko irakaslea izan da, Achucarro Basque Center for Neuroscience-koa, eta sinatzaileen asmoa da zientziaren bidez kulturen arteko zubiak eraikitzea, horrela mundua konektatuago egon dadin, eta guztiok batera helburu baten alde lan egin ahal izateko”. Ildo berean, Mazahir Hasan artikuluaren egileak zehazten duen bezala, “zientziaren arloan diharduen jendea ezagutzaren bilatzaile izanik gizateriaren enbaxadore da, eta beren esku dago mundua bateratzeko aukera, kultura desberdinek eta nazioen arteko lankidetzak sormenerako eskaintzen duten aukeraz baliatuz, eta hartara ahalegina eginez giza gaixotasunak desagerrarazteko”.
‘The Science Bridge’ ekimena Alemania, Australia, Bahrain, Egipto, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Iran, Irlanda, Israel, Italia, Japonia, Maroko, Mexiko, Norvegia, Qatar, Herbehereak, Pakistan, Erresuma Batua, Suedia, Suitza eta Turkiako hainbat ikergune eta unibertsitateetako ikertzaileek babesten dute, eta artikuluaren hasieran hau adierazten da: “Zientzia oso egokia da kultura desberdinetako jendea lotzeko eta batzuek eta besteak hobeto ulertzeko. Ekimenaren helburuetako bat da giza zientzietan nazioarteko lankidetza bultzatzea, eta egungo ardatza da Mendebaldean eta Ekialde Ertainean neurozientzien arloan ari diren taldeen arteko loturak ezartzea”.
Olga Peñagarikanok azaltzen du proiektuak bi fase izango dituela. “Egun, zientziaren arloko hainbat ekitalditan ari dira parte hartzen ekimenaren berri emateko eta giza zientzien alorrean lankidetza sustatzeko, eta, batez ere, lan arlo nagusia izanik burmuina. Hasieran, dirua lortzen saiatuko da truke programak eta lankidetza programak egiteko. Bigarren fasean, institutu bikiak sortu nahi dituzte, bata Mendebaldeko herrialderen batean eta bestea Ekialde Ertaineko edo Asiako hegoaldeko herrialderen batean. Hartara, bi institutuek elkarren lanaz baliatu ahal izango baitira elkarrizketa irekia izanik bien artean eta ideiak trukatuz”.
Agiriak Erdi Aroan arabiar eta persiar kulturak bizi izandako “Urrezko Aroan” kulturen artean izan zen trukearen ikuspegi orokorra azaltzen du. Tolerantziarako eta ideian truke askerako eredu historikoa izan zen hura, eta, egun, erreferentzia izan daiteke Mendebaldeko, Ekialde Ertaineko eta Asiako hegoaldeko kulturak lotzeko zientziaren bidez. Artikuluak dio: “Zientzia bakerako eta adiskidantzarako bide izan daiteke eta neurozientziak komunitate ireki bat eratzeko bitarteko egoki horren bidez lankidetza sustatzeko eta aniztasuna bultzatzeko”.
‘The Science Bridge’ ekimenari buruzko informazio zabalgoa lortzeko: www.thesciencebridge.org edo mezua idatzi info@thesciencebridge.org helbidera.
Erreferentzia bibliografikoa
- Building Bridges through Science
- Neuron (2017/11)
- DOI: 10.1016/J.NEURON.2017.09.028