Nafarroako Sendaviva parkeak ingurumen proiektu bat koordinatzen du, Aranzadi Zientzia Elkartearekin, Nafarroako Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, eta intsektu polinizatzaileak, hegaztiak, mikrougaztunak eta mesougaztunak aztertzen dira horren medioz. Parkea biodibertsitatearen gordailu bihurtu ote den zehaztea da helburua.
‘ZooNaGreen’ proiektua
UPV/EHUren parte-hartzea izango duen ikerlanaren bidez Sendavivan bizi diren basa espezie autoktonoak aztertuko dira
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2023/05/16
Sendaviva Nafarroako Abentura eta Dibertimendu parkeak ‘ZooNaGreen’ proiektua koordinatzen eta finantzatzen du 2023an. Proiektu horretan, intsektu polinizatzaileen, hegaztien, mikrougaztunen eta mesougaztunen biodibertsitatea aztertuko da, Aranzadi Zientzia Elkartearekin, Nafarroako Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan.
Proiektuaren helburua honako hau frogatzea da: landaketaren, landarediaren mantentze lanen eta ur puntuen sorreraren bidez fauna eta flora errespetatu, zaindu eta indartzeko esparru bat denez gero, Sendaviva biodibertsitatearen gordailu bihurtu dela. Horretarako, proiektu horren bidez ingurune horretan existitzen diren basa espezieak aztertuko dira.
‘ZooNaGreen’ proiektuak lau lantalde hartuko ditu 2023an, eta apirilaz geroztik hona jada laginketak ari dira egiten lantalde horiek (uztailera arte iraungo dute laginketek). Aranzadi Zientzia Elkarteak egiten ditu azterketa entomologikoa (intsektu polinizatzaileak) eta ornitologikoa (hegaztiak); Nafarroako Unibertsitateak, berriz, mikrougaztunena egiten du. Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateak mesougaztunen taldea aztertuko du, eta horien laginketak hartzeko datak bi fasetan garatuko dira. Lehenengoa ekainetik abuztura eta bigarrena, berriz, abendutik otsailera.
Proiektuaren koordinatzaile nagusia Efrén Fernández da, Sendavivako Ingurumen Departamentuko Proiektuen koordinatzailea. Aranzadi Zientzia Elkarteko Beatriz Díaz eta Alberto de Castro ikertzaileek intsektu polinizatzaileen taldea aztertuko dute; Xabier Esparza eta Juan Arizaga (Aranzadi Zientzia Elkartekoak horiek ere), ornitologia azterketaz arduratuko dira; Nafarroako Unibertsitateko David Galiciak, bestalde, mikrougaztunen taldea aztertuko du; eta Jabi Zabalak –Euskal Herriko Unibertsitateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailekoak–, azkenik, mesougaztunen taldea analizatuko du.
Intsektu polinizatzaileak eta hegaztiak
Aranzadi Zientzia Elkarteak parkean dauden espezieen inbentarioa egingo du, nola parkeko espezieen hala ingurukoen kopurua alderatzeaz gain. Interes taldeetako bat intsektu polinizatzaileak dira, oso onuragarriak baitira laboreen emankortasunari eta landare loredunen aniztasunari eusteari dagokienez, batik bat, kontuan izanik Sendaviva nagusiki nekazaritza ingurune batean kokatuta dagoela.
Horrela, entitateko Entomologia Departamentuak apirilaren erdialdean hasi zuen intsektu polinizatzaileen azterketa, eta uztailaren erdialdean amaituko du; hala, iraupena sei laginketa jardunaldikoa izango da. Erakarpen kromatikoko hogeita hamar bat tranpa (horia, zuria eta urdina) jartzea izango da metodoa, eta bereziki erleak eta loreetako euliak erabiliko dira adierazle gisa, animalia polinizatzaileen talde nagusitzat jotzen baitira horiek, baina beste intsektu polinizatzaile talde batzuk ere sartu ahalko dira.
Nafarroan intsektu horiei buruz dagoen ezjakintasun handia murrizten laguntzeaz gain, azterlan hau baliagarria izango da ebaluatzeko parkeak egiten duen ekarpena polinizatzaileen aniztasunari dagokionez, ingurumenari gagozkiola, bai eta biodibertsitatearen gordailu gisa duen potentziala ebaluatzeko ere.
Era berean, Aranzadi Zientzia Elkarteak azterketa ornitologikoa ere garatzen du; azterketa ornitologikoak inguruko hegazti ugaltzaileen komunitatea du ardatz, eta zentsuak egiteko erabiliko da, transektuei jarraipena eginez eta aleak behatuz.
Habiak egiten dituzten hegaztien populazioak dira interes handiena pizten dutenak kontserbazioaren ikuspegitik, eta, horregatik, lehentasuna izango dute jarraipena egiteari dagokionez; izan ere, ugaltzen diren alez osatuta daude, eta, ondorioz, belaunaldi berriak egongo direla eta populazioa etorkizunean bideragarria izango dela ziurtatzen dute.
Analisiak dirauen bitartean, 80 transektu egingo dira guztira, parkeko espazioan eta hurbileneko ingurunean modu uniformean banatuta. Zona bakoitzaren barruan, habitat nagusiak azpibanatuko dira: basoa, sastrakak, lorategi paisaia eta laboreak. Transektu bakoitza bi aldiz zeharkatuko da, etapatan desberdinetan, kondizio desberdinek eragindako alborapen efektuak minimizatze aldera.
Laginketak bi etapatan egingo dira: lehenengoa apirilaren erdialdetik maiatzaren erdialdera bitartean gauzatuko da eta espezie egoiliarren eta udako espezie aurresahariarren laginketa egitean oinarrituko da; bigarrena, berriz, maiatzaren erdialdetik ekainera bitartean gauzatuko da, udako espezie transahariarrak aztertzean funtsatuta.
Zentsuekin batera, eremuan hautemandako espezie guztien presentzia jasoko da, eta bereziki erabilgarria izango da hori espezie eskasenekin edo detektagarritasun txikiagokoekin, hala nola harrapari batzuekin.
Mikrougaztunak eta mesougaztunak
Nafarroako Unibertsitateak mikrougaztunen azterketa egiten du. Mikrougaztunak haragijale eta harrapari askoren elikaduraren oinarri dira. Mikrougaztunak aztertzeko, bi jarraipen estazio instalatuko dira, eta estazio horietako bakoitzak bi lurzati hartuko ditu, bat parkearen barruan eta bestea parketik kanpoko inguruneetan, non mikrougaztunen populazioak dauden.
Lurzati bakoitzean hiru gaueko laginketa gauzatzen da; hala, zuzenean harrapatzeko 25-50 tranpako ahalegina egiten da egunero. Harrapatutako animaliak identifikatu, neurtu eta berriro ingurunera askatzen dira, kanpainan zehar harrapaketen historia erregistratzeko aukera ematen duen marka batekin.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak egiten du mesougaztunen analisia, ugaztun ertainen komunitatearen osaera zehazteko, baita ugaztun espezie horiek parkearen barnean duten jarduera erlatiboa zehazteko ere, inguruko basoekin alderatuta. Parkean mesougaztunak egoteak agerian uzten du parkearen inguruan halako animalientzako elikagaiak eta babeslekuak daudela.
Analisiaren bidez, espezieek Sendavivako baso eremuetan duten presentzia eta jarduera erlatiboa lagintzen dira, bai eta eremu horietatik kanpo erreferentziazkoak diren beste batzuetan dutena ere. Horretarako, fototranpaketako 30 kamera erabiltzen dira guztira, eta horietako 15 bat ingurune bakoitzeko basoetan.
Sendavivan, gutxienez hiru eremutako laginketak egingo dira, eta beste bi, gutxienez, inguruko basoetan, sei kilometroko erradio batean. Kamerak hiru hilabeteko bi denbora tartetan mantenduko dira eremu bakoitzean. Hurrengo udan (ekainetik abuztura bitartean) eta datorren neguan (abendutik otsailera bitartean) izango dira denbora tarte horiek.
Fototranpaketa kamerekin lortutako irudiak parketik kanpoko mesougaztunen eta barrukoen komunitatearen konposizioa zehazteko eta alderatzeko aztertuko dira, ingurune bakoitzeko jarduera ereduak zehazteko eta ingurune bakoitzaren erabilera maiztasuna hurbildu eta alderatzeko.