Jatorri askotako hondakin-bolumen handiei irtenbidea bilatzen diete UPV/EHUko Catalytic Processes & Waste Valorization ikerketa-taldean, bertan sortutako iturri-ohantze konikoko erreaktorea erabiliz. Oraingoan, frogatu dute zuku-fabriketako zitriko-hondakinekin pirolisi azkarraren bidez bioolioa lor daitekeela, eta eskala handiko instalazio pilotu bat eraikitzeko urratsak egiten ari dira. Gainera, hondakin-mota horiek tratatzeko prozesuan errektorean egindako hobekuntzei esker, patente bat lortu dute.
Zitriko-hondakinak aprobetxatuz bioolioa lortu dute UPV/EHUn
Bolumen handietan sortzen den hondakin bati irtenbidea aurkitzeaz gainera, patente bat lortu dute CPWV ikerketa-taldean
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2018/06/13
Erregai fosilak pixkanaka ordezteko, funtsezkoa da bioerregaiak lortzeko estrategiak aztertzea, eta bide batez gizakiok sortzen ditugun hondakin-kantitate erraldoiei irtenbidea emateak balio erantsia ematen dio. UPV/EHUko Catalytic Processes & Waste Valorization ikerketa-taldean egindako ikerketa baten arabera, agerian geratu da zitrikoen hondakinak energia-iturri berriztagarri oparo, merke eta eskuragarria direla. Ikerketan, Brasilgo eta Irango unibertsitateetako ikertzaileek ere hartu dute parte.
Brasilgo São Carlos Unibertsitate Federalak eskatuta hasi ziren ikerketa egiten; izan ere, Brasilen, 2011n adibidez, 9,3 milioi tona inguru hondakin sortu ziren zuku-ekoizpenaren ondorioz. Hala, iturri-ohantze konikoko erreaktorean hondakin horren pirolisi azkarra eginez bioolioa lortu dute UPV/EHUn. Zitriko-hondakinak erreaktorean elikatu aurretik lehortu eta zatitu egiten dira, eta erreaktorean 500 ˚C-an pirolizatu ondoren, % 70-75 bioolioa lortzen da.
“Zuku-fabriketan pilatzen diren hondakinei irtenbidea ematea lortu dugu. Hondakinok enpresan bertan lehortu eta pirolizatuz, enpresarako beroa lortzeko galdaretan erretzeko moduko bioolioa lortuko litzateke. Kontuan hartuta milaka tona hondakin dagoela, enpresan kontsumitu ezingo zen bioolioa findegietara bideratu ahal izango litzateke, erregai nobleagoa lortu ahal izateko”, dio Martin Olazar doktore eta ikerketaren buruak. Brasilgo enpresa bat “prest legoke proiektu pilotu txiki bat martxan jartzeko”, eta Brasilen garapenerako Europako kooperazio-proiektu orokor baten ebazpenaren zain daude.
Erreaktorearen egokitzapenen ondorioz, patentea
“Zitrikoak huts-hutsean tratatzea oso zaila zen, eta harearekin nahasita tratatzen hasi ginen. Harea lodia erabiliz gero, erreaktorean oso ponpa indartsuak erabili behar ziren eta horrek gastu handia zekarren. Beraz, harea fina erabiltzen hasi ginen, baina harea finak airearekin eta gasarekin ihes egiten zuen. Orduan, airea konfinatzeko gailu bat jarri genuen goiko aldean, iturria konfinatu genuen, eta ikusi dugu itzelezko abantailak dituela horrek. Patentatu egin dugu”, azaldu du Olazar katedradunak.
Sistema berriaren prototipoak egin dituzte hemen, baina maila handiagoetan zer gertatuko litzatekeen ikusteko, konfinatze-sistemaren simulazio-ereduak egin dituzte, Irango ikertzaileei esker: “Ikusi dugu konfinatze-sistemak zelan joka dezakeen dimentsio eta kokapen desberdinekin. Oso eredu onak garatu dituzte maila handiagoetan zer gertatuko litzatekeen aurresateko”.
Bestalde, lortzen den gehiegizko bioolioari zer irtenbide eman dakiokeen ikertzeko beste ildo bat daukate abian. Izan ere, “findegietan dena dute puntuan jarria petrolioarekin lan egiteko, eta ez dute ezertxo ere aldatu nahi. Beste herrialde batzuetan behartu izan dituzte findegiak halako bioolioak hartzera; hemen ere halako zerbait beharko litzateke”, dio Olazarrek. Hala, ikerketa-taldearen beste ildo batean, zitriko-hondakinetatik, bioolioa lortu beharrean, bi urratsetan hidrogenoa lortzeko prozesua ari dira aztertzen.
Informazio osagarria
Martin Olazar Aurrekoetxea doktorea da Ingeniaritza kimikoan, eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa Saileko katedraduna. Catalytic Processes for Waste Valorisation ikerketa-taldea 50 irakasle eta ikertzailez osatuta dago. Ikerketa UPV/EHUn egin da, baina Brasilgo São Carlos Unibertsitate Federaleko eta Irango Isfahango Unibertsitate Teknologikoko eta Ilamgo Unibertsitateko kideek ere hartu dute parte.
Patentea
Altzibar, H., Pablos, A., Olazar, M., Aguado., R., Bilbao, J., Vicente, J., Varona, E.
Iturri-ohantzeko kontaktoreetarako iturri-konfinagailua eta iturri-ohantzeko kontaktorea
Erreferentzia: P201730388
Jabegoa: UPV/EHU
Enpresa ustiatzailea: Novattia S.L.
Erreferentzia bibliografikoa
- Valorization of citrus wastes by fast pyrolysis in a conical spouted bed reactor
- Fuel (2018 July 15; vol.224: 111-120)
- DOI: 10.1016/j.fuel.2018.03.028
- Evaluation of thermochemical routes for hydrogen production from biomass: A review
- Energy Conversion and Management (2018 June 1; vol.165: 696-719)
- DOI: 10.1016/j.enconman.2018.03.089