euskaraespañol

Eguneko irudia

Zientzia esparruko sexu eta genero aniztasunari buruzko jardunaldia: 'Harrotasuna zientzian'

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2021/06/29, 18:30

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Zientzia produktu kultural sofistikatua baino zerbait gehiago da. Berez, pertsonen ongizatearen zerbitzura dagoen tresna da, gizarte osoa hobetzen lagundu behar duena.


Askotan beste hainbat arlotan gertatzen den bezalaxe, zientzia esparruan ere, LGBTIQ izendapen orokorraren azpian biltzen ditugun kolektiboetako kideek bidegabeko egoerak pairatzen dituzte sarri eguneroko jardunean. Pertsona horietako askok gainerakoek baino bazterketa eta jazarpen handiagoa jasaten dute beren lanpostuetan. Eta antzeko arrazoiak erabiltzen dira, karrera zientifikoak egiten dituzten gutxiengo horietako ikasleek ikasketak gainerakoek baino sarriago utzi izana azaltzeko. Egoera horiek berez bidegabeak izateaz gain, kolokan jartzen dute zientziaren izaera unibertsala, izan ere, pertsona guztiek ez dituzte zientzia praktikatzeko aukera eta baldintza berberak.

Bestalde, zientziak eta zientziaren komunikazio sozialak zer esan handia dute kolektibo horien arazo espezifikoak konpontzerakoan; esaterako, osasunarekin lotutakoak. Baina horretarako, behar-beharrezkoa da aniztasuna eta desberdintasuna benetan ezagutu eta aitortzea, sexu, genero eta sexu-aukeren aniztasunarekiko errespetaturik ez duen binarismo batekin lotutako aurreikusmoldeak baztertuz.

Hori guztia kontuan harturik, Ortzadar LGTB elkarteak, Kultura Zientifikoko Katedrak eta UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzak indarrak bildu eta “Harrotasuna zientzian” deritzon jardunaldia antolatu dute zientzia esparruko sexu eta genero aniztasunari buruz. Bilbao Bizkaia HARRO programaren barruan antolatutako jardunaldi hau Bizkaia Aretoan (UPV/EHU) egingo da ekainaren 29an, LGBT Harrotasunaren Munduko Egunaren biharamunean.

Nola heldu sexu eta genero aniztasunari zientziatik

Lehenengo hitzaldia, “La asistencia sanitaria a personas trans como producción material e identitaria” (Trans pertsonentzako asistentzia sanitarioa, ekoizpen material eta identitario gisa) izenburua duena, Daniel García osasun publikoaren arloko mediku egoiliarrak emango du. Hitzaldi honetan, diskurtso biomedikoa izango du aztergai, eta zergatik, “transexualitatearen” diagnostikoa sortu zenez geroztik, trans pertsonen osasunari erreparatu beharrean, trans fenomenoaren irudikapen soziala asistentzia, laguntza eta tratamendura murriztu ote duen.

Lekukoa hartuko dio gero Oihan Iturbide biologo eta Zientzia, Medikuntza eta Ingurumen Komunikazioko Masterreko kideak. “Aporta o aparta: el papel de la comunicación científica en el debate trans” (Eman edo ospa: komunikazio zientifikoaren eginkizuna trans eztabaidan) izenburuko hitzaldian, aniztasuna aztertu eta behatzeko mugak jorratuko ditu metodo zientifikoaren berezko tresnen bitartez, baita kontzeptu konplexuak ere (identitatea edo autopertzepzioa, kasu). Era berean, komunikazio zientifikoak horretan bete dezakeen eginkizuna azalduko du.

Arratsaldeko hirugarren hitzaldia Elena Lázaro kazetari eta zientzia-komunikatzaileak emango du, eta “Pío del Río Hortega. Un científico en el armario. ¿A quién le importa?” (Pío del Río Hortega. Zientzialari bat armairuan. Nori axola dio?) izenburupean, lau aldiz Nobel Saria irabazteko hautagaia izan zen histologiaren figura berreskuratuko du, normaltasun osoz bizi izan baitzuen bere homosexualitatea. Aurkezpenean, galdera ere botako du, noraino diren garrantzitsuak zientzian dihardutenen lehentasun sexualak edo afektiboak.
 
Ondoren, Iruñeko Planetarioa zuzentzen duen Javier Armentia astrofisikariaren txanda etorriko da, eta “Un PRISMA para hacer la ciencia más diversa” (Zientzia anitzagoa egiteko PRISMA) izenburuko hitzaldiaren bitartez, STEM esparruko hainbat errealitate afektibo-sexuali buruz egin den ikerketa-lanaz hitz egingo du PRISMA elkartearen ikuspegitik, horko kide sortzailea baita. 
 
Arratsaldeko azken hitzaldia Jara Juana Bermejo konputazio kuantikoko ikertzaileak emango du. “Cómo enfrentarnos a los discursos anti-LGTBIQ desde las ciencias” (Nola egin aurre LGTBIQen aurkako diskurtsoei zientzietatik) izenburua daraman azken saio honek zientzietan zein gizartean baztertuta dauden kolektiboentzako sare inklusibo eta seguruak eraikitzeko estrategiei erreparatuko die nagusiki. Horrekin batera, gorrotozko diskurtsoak gainditzeko erabil daitezkeen estrategia zientifiko kuantitatiboei buruzko eztabaida planteatuko da, unibertsitatetik diziplinarteko aliantzak sortzeko premia barne harturik.
 
Ekitaldirako sarrera librea izango da aforoa bete arte. Gainera streaming bidez ikusi ahal izango da EiTBren Kosmos kanalean. 

Hizlariak:

Daniel García Abiétar Bartzelonako Osasun Publikoko mediku egoiliarra eta UNEDeko Filosofia graduko ikaslea da. Saiakera hau idatzi du: “¿Sólo dos? La medicina ante la ficción política del binarismo sexo-género” (2019, Local Cambalache).

Oihan Iturbide Aranzadi biologoa da eta Zientzia, Medikuntza eta Ingurumen Komunikazioko masterra egin du. Dibulgazio zientifikoan espezializatutako Next Door Publishers argitaletxearen sortzailea da. Argitaletxe honek plazaratu zuen Soy Nicole liburua, Nicolek eta honen familiak egin beharreko trantsizioa ikuspegi sozial, familiar eta zientifikotik aztertzen duena.

Elena Lázaro Real kazetaria, zientzia-komunikatzailea eta Kordobako Unibertsitateko Kultura Zientifikoaren eta Berrikuntzaren Unitateko zuzendaria da. Liburu hau idatzi du: “Un científico en el armario. Pío del Río Hortega y la historia de la ciencia en España” (2020, Next Door Publishers). Doktorego-tesia XIX. eta  XX. mendeen arteko emakumeen sexualitateari buruz egin zuen UCOko Historia Garaikidearen Sailean.

Javier Armentia Fructuoso astrofisikaria, zientzia-komunikatzailea eta Iruñeko Planetarioko zuzendaria da. PRISMA deritzon Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza arloko Aniztasun Afektibo-Sexualerako Elkarteko kide sortzailea da, hainbat komunikabideen ohiko kolaboratzailea da, eta zientzia zabaltzeko jardueretan parte hartzen ohi du. EHUko eta UPNAko Kultura Zientifikoaren Masterreko irakaslea da.

Jara Juana Bermejo Vega Fisikan eta Informatikan doktoratu eta konputazio kuantikoan espezializatu zen Municheko Unibertsitate Teknikoan, eta Marie Curie-Athenea3i kategoriako ikertzailea da Granadako Unibertsitatean. Horrez gain, zientzia arloko eskubide, berdintasun eta inklusioaren aldeko ekintzailea da.