euskaraespañol

Eguneko irudia

Zientzia Asteak ilusioa piztu du bere dibulgazio-jarduera erakargarriei esker

UPV/EHUren hedapen zientifikoko ekitaldi handiena Bilbon, Barakaldon, Gasteizen eta Donostian egingo da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/08

Zientzia puri-purian. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du; hain zuzen, doako 200 jarduera baino gehiagotan parte hartzeko aukera egongo da. Askotariko ekintzak antolatu dira: ikastetxeentzako bisitaldiak, txoko zientifikoak, tailerrak, irteera didaktikoak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketa bat eta ikuskizunak, hala nola Zientzia Club, dibulgaziozko bakarrizketa dibertigarrietan oinarritua. Hori guztia euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzeko asmoz.

UPV/EHUko Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen hogeita hirugarren edizioa gaur, azaroaren 8an, hasi da.  Bost egunez jarduera ludiko, dibertigarri eta pedagogikoz beteriko egitaraua eskainiko du, publiko guztiei zuzendua. Jarduera horien guztien xedea da euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea eta zientzia entzuteko, dastatzeko, behatzeko, ukitzeko eta zientziarekiko ilusioa izateko gonbita egitea. Zientzia Astea azaroaren 8tik 12ra bitartean Bilbon eta Barakaldon egingo da, azaroaren 9tik 11ra Donostian eta azaroaren 9tik 12ra Vitoria-Gasteizen.

Eva Ferreira, UPV/EHUko errektoreak, Guilermo Quindós, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak, eta Bizkaiko errektoreorde Gorka Morenok inauguratu dute jarduera. “Ekimen erakargarria, pizgarria, da Zientzia Astea, bi helburu oso argi dituena: alde batetik, zientzia gizartera hurbiltzea, gazte eta nerabeei bereziki, eta beste alde batetik, bokazio zientifikoak piztea. Zientziaren dibulgazioa oso garrantzitsua da gure gizartean: eztabaida publikoetan jantziago parte hartzeko aukera ematen digu, iritzi oinarrituak emateko aukera ematen digu, demagogiarekin, beldurrarekin edo superstizioarekin zerikusirik ez duten herritarrak izateko aukera ematen digu. Eta dibulgazioaren arloan, Zientzia Astea euskal unibertsitate publikoaren ekarpen nagusietako bat da”, nabarmendu du errektoreak.

Doako 200 jarduera

Edizio honetarako, Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du, guzitra, doako 200 jarduera baino gehiagorekin; hain zuzen ere 35 txoko (gai zientifikoei buruzko stand-ak); 38 tailer, 9 txango edo bisita gidatu, 9 erakusketa, 8 hitzaldi, 3 ikuskizun zientifiko eta lehiaketa bat . Eta nola ez, Zientzia Clubeko monologoez disfrutatzeko aukera ere izango da. Ekimen horretan UPV/EHUko adituek bakarrizketa laburrak eskainiko dituzte, umorea, musika eta zientzia nahastuz. Zientzia Clubeko monologo batzuk antolatu dira lau egoitzetan.

Edizio honek “Osasun Planetarioa” (osasuna eta jasangarritasuna) izango du ardatz, landareen eta animalien osasungarritasuna zuzenean lotuta baitago giza osasunarekin. Aurtengo egoitzak izango dira Bilboko Bizkaia Aretoa, Donostiako Tabakalera, Gasteizko Bibat Museoa, Gasteizko Ingeniaritza Eskola eta Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoa.

Eskola-jarduerak eta publiko orokorrarentzat

Jarduera guztiak doakoak dira, eta tailerretarako, txangoetarako eta bisita gidatuetarako baino ez da beharrezkoa izena ematea. 1.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena jada hainbat jardueretan, eta, nahiz eta horietako asko beteta egon, oraindik plaza libreak daude. Izen-ematea doakoa da, eta hemen aurki daiteke izena emateko moduari buruzko informazio guztia eta egitarau osoa: www.zientzia-astea.eus.

Halaber, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak bisita antolatuak eskaintzen ditu Bigarren Hezkuntzako eta Batxillergoko ikastetxeentzat. Ekimen horren arrakasta itzela izan da. Horrenbestez, azaroaren 8tik aurrera, Euskadi osoko milaka ikasle baino gehiago gerturatuko dira Zientzia Astearen egoitzetara. Eskola ordutegiez kanpo, publiko orokorra ere gertura daiteke txokoetara, irekita egongo baitira Zientzia Asteak irauten duen bitartean, eta erakusketetara edozein momentutan bertaratu ahal da edonor.

UPV/EHUk antolatzen du Zientzia Astea, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren, Barakaldoko Udalaren, Bibat Museoaren, Bizkaia Aretoaren, Tabakaleraren, Metro Bilbaoren, Euskotrenen eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.