euskaraespañol

Eguneko irudia

2022ko Zientzia Asteak berriro piztuko digu zientziarekiko ilusioa

UPV/EHUren hedapen zientifikoko ekitaldi handiena Bilbon, Barakaldon, Gasteizen eta Donostian egingo da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/10

Gazteak Zientzia Astearen txoko batean, Tabakaleran, Donostian | Argazkia: UPV/EHU

Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du; hain zuzen, doako 200 jarduera baino gehiagotan parte hartzeko aukera egongo da. Askotariko ekintzak antolatu dira: ikastetxeentzako bisitaldiak, txoko zientifikoak, tailerrak, irteera didaktikoak, hitzaldiak, lehiaketak, erakusketak eta dibulgazio ikuskizunak, hala nola Zientzia Club ikuskizuna. Hori guztia euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzeko asmoz.

Zientzia Astearen, UPV/EHUko Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen, hogeita bigarren edizioa gaur, azaroaren 9an, hasi da.  Bost egunez jarduera ludiko eta pedagogikoz beteriko egitaraua eskainiko du, publiko guztiei zuzendua. Jarduera horien guztien xedea da euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea, eta zientzia entzuteko, dastatzeko, behatzeko, usaintzeko, ukitzeko eta zientziarekiko ilusioa izateko gonbita egitea. Zientzia Astea Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Barakaldon egingo da.

Edizio honetarako, Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du, doako 200 jarduera baino gehiagorekin.  Bertaratzen direnek aukera izango dute askotariko jardueretan parte hartzeko: txoko zientifikoak, tailerrak, irteerak, erakusketak, bisita gidatuak, lehiaketak eta abar. Horrez gain, zientzia, musika eta umorea uztartzen dituzten Zientzia Clubeko bakarrizketez gozatzeko aukera izango dute.

Jarduera guztiak doakoak dira, eta tailerretarako, txangoetarako eta bisita gidatuetarako baino ez da beharrezkoa izena ematea. 1.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena jardueretako batean, eta, nahiz eta horietako asko beteta egon, oraindik plaza libreak daude. Izen-ematea doakoa da, eta hemen aurki daiteke izena emateko moduari buruzko informazio guztia eta egitarau osoa: www.zientzia-astea.eus

Halaber, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak bisita antolatuak eskaintzen ditu Bigarren Hezkuntzako eta Batxillergoko ikastetxeentzat. Ekimen horren arrakasta itzela izan da. Horrenbestez, azaroaren 9tik aurrera, Euskadi osoko milaka ikasle baino gehiago gerturatuko dira Zientzia Astearen egoitzetara, eta, bertan, matematikaren, arkeologiaren, astronomiaren edo genetikaren txokoak ezagutuko dituzte, besteak beste. Publiko orokorra ere gertura daiteke txokoetara, irekita egongo baitira Zientzia Asteak irauten duen bitartean.

Zientziaren arlo guztiak edonoren eskura, 4 egoitzatan banatuta

Bilboko Bizkaia Aretoan, 55 jarduera egingo dira azaroaren 9tik 13ra bitartean. Zientziaren eta ezagutzaren askotariko arloekin lotutako 15 txoko egongo dira: besteak beste, matematika, bioteknologia, superbakterioak, ingeniaritza, eta emakumeek hirien garapenean duten zeregina. Horrez gain, 22 tailer egingo dira, zeinetan bakterio txikienetatik hasi eta planetak ezagutzeraino iritsiko baikara, jolas eta esperimentuen bidez. Urtero bezala, Zientzia Astea Bizkaia Aretotik kanpora aterako da; hain zuzen, 6 ibilbide didaktiko daude antolatuta eta, horien bidez, Erandioko sekretuak ezagutuko ditugu edo gizateriaren historia deskubrituko dugu Bilboko itsasadarrean barrena ontziz gabiltzan bitartean.

Zientzia Astea Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan ere egingo da, Bilboko egun berberetan. Programa gaur hasiko da, hilak 9 (asteazkena), hiriak naturalizatzeari buruzko hitzaldi batekin, eta azaroaren 12an (larunbata), publiko guztientzako jarduera zientifiko-teknologiko ugari izango ditugu. Esploratzeko irrika sentitzen dutenek aukera izango dute Gorostitzako urtegiko, Ramon Rubial lorategi botanikoaren edo Munoa finkaren lorategiaren sekretuak ezagutzeko.

Bestalde, Zientzia Astea Donostiako Tabakaleran eta Okendo Kultur Etxean egongo da azaroaren 10etik 12ra bitartean, biologia zelularrari, itsas ingurumenari, paleontologiari eta nanozientziari buruzko jarduerak, jolas eta erakusketak ekarriko dituzten 9 txoko eta 16 tailerrekin. Besteak beste, itsasoko zaborraren arazoa ezagutarazteko tailerrak egongo dira, ibilaldi geologikoak egingo dira, eta, horietan, ikusiko dugu nola egiten ziren sumendien erupzioak duela milioika urte itsasoaren azpian, eta bisita bat egingo dugu Urumea ibaiaren hiri-paisaian zehar.

Gasteizen, Zientzia Astea Bibat Museoan egingo da azaroaren 10etik 13ra; bertan, 11 txoko eta 13 tailer egongo dira eta, horien bidez, nanoteknologia, elikadura eta halako gaiak landuko ditugu modu dibulgatiboan, baita kriminalistika ere, frogak prozesatuz, detektibeak bagina bezala. Odol-lagina zein animalia-espezietakoa den jakin ahal izango dugu, edo azala babesteko krema prestatzea. Zenbait irteera ere egingo ditugu, Errioxako estazio megalitikoko monumentu enblematikoenak edo hiriko hainbat eraikinetako ganbera termografiakoa ezagutzeko.

Aurten, Zientzia Astea berritasun garrantzitsu batekin dator: “Erakusketeko kamisetak: Garapen Jasangarrirako Helburuei buruz kontzientziatzeko irudiak" erakusketa. Erakusketa honetan 108 irudi inprimatu dira kamisetetan. Horren bidez, herritarren kontzientzia hartzen lagundu nahi da gatazka- eta bidegabekeria-egoerak gizartean eraldatzeko herritarrek kontzientzia har dezaten, modu sentikorrean; eta, lehen aldiz, Bilbon eta Barakaldon aurkeztuko da, Zientzia Astearen bidez.

Zientzia Asteko egitaraua osatzeko, ikuskizun zientifiko batez gozatzeko aukera izango dugu lau hirietan, eta Argazkigintza Geologikoaren XIV. Lehiaketa. Bestetik, aurreko urteetako arrakasta ikusita, Zientzia Clubez gozatzeko aukera izango dugu aurten ere, gai eta bakarrizketari berriekin. Umorea, musika eta, noski, zientzia dira Zientzia Club formularen hiru osagaiak. Horren barruan, UPV/EHUko zenbait adituk gai zientifikoei buruzko hitzaldi laburrak eskainiko dituzte. Lau saio egingo ditu Zientzia Clubek: azaroaren 10ean (osteguna), Barakaldon; azaroaren 11n (ostirala), Gasteizen; eta azaroaren 12an (larunbata), Bilbon eta Donostian.  Sarrera doakoa izango da, leku guztiak bete arte, eta ikuskizuna 19:00etan hasiko da.

Informazio gehiago hemen: www.zientzia-astea.eus

UPV/EHUk antolatzen du Zientzia Astea, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren, Barakaldoko Udalaren, Bibat Museoaren, Bizkaia Aretoaren, Tabakaleraren, Donostia Kultura, Metro Bilbaoren, Euskotrenen eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.