Igor Ahedo Gurrutxaga
Zergatik ez da handitzen udalerrietako herritarren partaidetza?
Zientzia Politikoko irakaslea eta Parte Hartuz taldeko ikertzaile nagusia
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2024/05/20
(Beste leiho bat zabalduko du)Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Gure udalerrietan gero eta mekanismo gehiago daude herritarrek parte har dezaten. Gure ohiko ekosistema politikoaren parte dira aurrekontu parte hartzaileak, kontsultarako batzordeak edo herritarren batzarrak.
Hiriak berritzeko edo politika publikoak diseinatzeko erabiltzen dira mekanismo horiek, baita ingurumen larrialdiari aurre egiteko proposamenak egiteko ere.
Baina mekanismo horien bultzatzaileek kexa bat errepikatzen dute. Pertsonek parte hartzea asko kostatzen dela aipatu ohi dute. Herritarren artean, honako pertzepzio hau dago orokortuta: horrelako egitasmoek ez dutela ezertarako balio uste dute.
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) gure ikertaldean, Parte Hartuz izenekoan, parte hartze prozesuak bultzatzen ditugu. 'Partaidetza eta Komunitate-Garapena' masterrarekin, 20 urteko esperientzia dugu parte hartzeari buruzko prestakuntzan. Badakigu ez dela erraza herritarrek parte hartzea. Parte hartzeak asko balio ez duen sentsazioari beste elementu bat gehitu behar zaio: pertsona asko prekarietate egoeran bizi dira, lanaren, bizitzaren zein gizartearen arloan. Kasu horietan, parte hartzeko nahiaren gainetik daude uneko lehentasunak.
Partaidetzaren helburua
Dena den, badakigu herritarren parte hartze handiagoa ahalbidetzen duten giltzarri batzuk daudela. Eta, bide batez, demokrazian sakontzea ahalbidetzen dute horiek.
Parte hartzearen helburuak legitimazioa bilatzeaz harago joan behar duela uste dugu. Ez da nahikoa entzuten den itxurak egitea. Erabakien eraginkortasuna handitzeko, benetan entzun behar da. Herritarrak ezagutu behar dira.
Jendeak badaki. Eta jendeak ikusten badu klase politikoak kontuan hartzen duela jendeak pentsatzen eta nahi duena, jendea konprometitu egiten da. Baina, batez ere, demokrazia demokratizatzeko balio behar du parte hartzeak.
Demokrazian sakontzeko 5 osagaiak
Zehazki, bost elementuk ahalbidetzen dute demokrazian sakontzeko partaidetza. Bost ikuspegi aldaketa behar ditugu. Politika legitimatuko duen eta eraginkortasuna handituko duen partaidetzan aurrera egitea bilatzen dute. Baina, batez ere, hiritartasuna eta kultura demokratikoa sortu nahi dituzte.
Hiritarrak modu kolektiboan aktibatzen dituzten prozesuetan oinarritu behar du partaidetzak. Hala, ez daudenak erakarri behar dira, eta erantzunkidetasun espazioak eraiki behar dira.
1.- Momentutik prozesura. Momentuetan oinarritutako logika batetik (isolatutako dinamikak, jarraipenik gabeak) partaidetza prozesuen logika batera pasatu behar da. Ez du askorako balio une jakin bateko partaidetzan baliabideak inbertitzeak. Prozesuan oinarritutako logika batek (denbora, zaintza eta baliabideak behar ditu) bakarrik ahalbidetzen du “parte sentitzea”. Momentua frustrazioz bizi izaten da, jarraipenik ez duela ikustean. Prozesuaren logikak bakarrik ematen du aukera helburu bat finkatzeko. Eta helburu horrek, gainera, partekatua izan behar du.
2.- Objektutik subjektura. Objektuaren logikatik subjektuaren logikara pasatu behar da. Partaidetzak subjektu arduratsuak sortu behar ditu. Zaila da partaidetza momentu batean subjektu sentitzea. Pertsonak instrumentalizatuak sentitzen dira. Partaidetzak hiritartasun aktiboa sortu behar du, agentziaduna. Eta horretarako denbora eta baliabideak behar dira, ezinbestean.
3.- “Zertan da nirea?” galderatik, “Zertan da gurea?” galderara. Partaidetzak deliberamendua behar du. Horrela bakarrik lortzen da “min” partikularrak modu kolektiboan ulertzea. Partaidetzak ezin du izan nahien edo arazoen batuketa soil bat. Gutxieneko izendatzaile komun bat bilatu behar da. Adostasunak, irizpide partekatuak eta elkarrizketan oinarritutako akordioak sortzen dituen partaidetzak, ilusioa eragiten du. Partaidetzak ezin du izan “Zertan da nirea?” galderaren kakofonia bat. Hori gertatzen da momentuko partaidetza prozesu indibidual askotan, loturarik gabeko proposamen askoren artean bat bozkatuz ebazten direnetan. Dinamika horiek frustrazioa baino ez dute eragiten. Zerbait modu kolektiboan sortzea esan nahi du parte hartzeak.
4.- Daudenetatik, ez daudenetara. “Absentziak” identifikatu behar dira, hau da, bizitza publikoan eta bizitza sozialean presente ez dauden pertsonak. Bizitza publikoko absentziek kide bilakatu behar dute. Eremu publikora erakarrita sentitu behar dute. Jendea ez da etortzen. Bilatu egin behar da. “Zertan da nirea?” galdera guztiak garrantzitsuak direla erakutsi behar dute partaidetza prozesuek: haurrak hazteko adinean dauden pertsonenak, bakarrik bizi diren pertsonenak, migratzaileenak, auzora iritsi berri direnenak, egun osoan zehar lan egiten dutelako auzoaz gozatu ezin dutenenak. Arrazoi askorengatik gertatzen dira bizitza publikoko absentziak. Ahalik eta absentzia gehien aktibatzea da giltzarria, pertsona horiek prozesuetako kide bilakatzeko, gu parte hartzailearen parte bilakatzen diren arte.
5.- Pertsona asko gauza gutxitan, eta ez pertsona gutxi gauza askotan. Aurreko puntua asebetez gero, estrategiak sortu ahal izango ditugu, pertsona askok, gutxi eginez, ekarpen handia egin dezaten. Hori gertatzen da hainbat lankidetza egitura eta dinamikatan, hala nola antzerki komunitarioan, denbora bankuetan, herri baratzeetan, garapen komunitarioko planetan eta ekintza komunitarioko estrategietan. Horietan, modu kolektiboan antolatzen dira nahi indibidualak. Prozesuetan antolatzen dira, eta ez momentuetan. Pertsonak eragile sentitzen dira, eta ez bezero.
Bazatoz afaltzera, ala prestatuko dugu afaria?
“Ea noiz zatozen afaltzera” esaldia baliabide bat izan ohi da, ongi geratzeko. Badakigu inoiz ez dela afaririk izango. Era berean, zaila da konpainia topatzea menua, eguna eta ordua kontsultatu ezean, eta azken unean gonbidatuz gero. Inor ez da gustura sentitzen menuko platera anfitrioiari bakarrik gustatzen bazaio. Modu asko daude afari bat ezinezkoa edo jasangaitza bilakatzeko.
Aldiz, jakina da lagunekin egindako afari batean prestaketa dela atseginena. Kosta egiten da denentzako egokia den egun bat topatzea, baina merezi du. Izan ere, horrek aukera ematen du azokara joateko, menua erabakitzeko eta afaria lasai prestatzeko, jakinik garrantzitsuena ez dela izango zer jaten den, elkarrekin sentitzea baizik. Partaidetza elkartasuna da; zerbait komuna bilatzea da, eta oso gauza serioa da. Komunik gabe ez dagoelako demosik. Eta demosik gabe ez dago demokraziarik.